Tag Archives: Txina

Sat-eliteak

0
8073536526_91c26f1787_z

Egilea: Cristóbal Alvarado Minic | Lizentzia: cc-by

Sateliteen orbita horietan kokatzen da etorkizuna, berrikuntza eta baita borroka ere. Aspaldiko kontuak izanik ere, azken aldian indar berezia hartzen ari da horiekin gertatzen dena.

Alde batetik, gero eta herrialde gehiago dira beren sateliteak orbitan jartzen ari direnak, subiranotasun teknologiaren ikuspuntutik gehienak. Azkenetarikoa, TKSAT-1 Túpac Katari Bolibiako errepublika plurinazionaleko satelite berria.

Gudarako esparru bilakatzeko arriskua ere badu horrek ere. AEBek plan propioak ditu bere defentsarako, baina Txinak eta Errusiak ere badituzte defentsarako tresnak. Ez da gauza berria, 2007tik Txinak erakutsi zuen misil bidez sateliteak suntsitzeko aukera, eta satelite erasotzaileen garapenean ere aurrerapausoak eman dituztela dirudi.

Sateliteek oro har bidaltzen dituenaren interesekin bat egiten dute. Jakina da, GPS gailuek adibidez ezinbestekoa dutela GPS sateliteen geolokalizazio zerbitzua. Jende gutxiagok daki ordea, zerbitzu hori AEBek helburu militarrekin sortutakoa dela eta nahi duenean mugatu edota bere ziurtasuna murriztu dezakeela. Bada aldiz, horren ordez eta helburu zibilarekin Europako Batasunak martxan jarritako Galileo zerbitzua ere; jarrera guztiz ezberdinak biak.

Orain, teknologia merkatzearekin batera eta urteetan gutxi batzuek izandako monopolioaren hausturak satelite berriak bidaltzeko aukerak biderkatu ditu. Orain arte, gehienetan estatuek bidaltzen bazituzten, gero eta ohikoago bihurtu da enpresa pribatuek ere sateliteak bidaltzea. Google izango da horietako bat.

Google Loon globo estratosferikoetan oinarritutako proiektuarekin probatu ostean, orain 180 satelitez osatutako sare bat jarri nahi du orbitan. Horren bidez, konexioa ez duten tokietan konexioa ezartzea bilatuko du. Gero eta jende gehiago Internetera konektatuta egon, beraientzat hobe izango delakoan.

Esan bezala, bakoitzak bere interesak bilatzen ditu, baina pentsatu ahal dugu zein diren gureak? Zeinentzat? Kostua? Subiranotasun teknologikoa eta sateliteak alde batera utziz, Interneterako sarbideaz bakarrik arituko bagina ere; Gaindegiaren arabera, Hegoaldean banda zabala eskuratzeko dagoen aukera merkeena Iparraldean baino 13 euro garestiagoa izatea; Zipreren atzetik, Europako garestiena.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Aireportuko irakurketak

0
Egilea: | Lizentzia: cc-by-sa

Egilea:  noodlepie | Lizentzia: cc-by-sa

Oporretan, aireportuan, International Herald Tribune —The New York Times egunkariaren edizio globala— irakurtzeko aukera izan dut. Bertan, Interneteko erasoetan jarritako arretak harritu nau; Internet guda esparru bihurtzen jarraitzeko informazio estrategia planifikatu baten ondorio ez ote den zalantza egiteraino.

Bi albiste, eta biak espazio nahikorekin: «’The Prince of Spam’ at the center of web inquiry» eta «Hackers focus on destruction in new wave of cyberatacks». Lehena, Spanhaus spam-a saihesten saiatzen den erakunde eztabaidagarriak jasandako erasoari buruzkoa, eta bigarrrena, ustez eraso informatiko antolatu berrien izaera txikitzaileari buruzkoa.

Bietan, albistearen egitura da deigarriena. Lehenik, alarma pizten saiatzen dira: lehen albistean, era horretako erasorik handiena izan dela nabarmenduz; bigarrenean, erasoak espioitza edo iruzurretik txikiziora igaro direla azpimarratzen dute.

Ondoren, protagonistak aurkezten dituzte, eta erasotzaile eta biktimak argitu. Ustezko erasotzaileei espero zitekeen baino botere gehiago aitortzen diete, alde batetik, baina, aldi berean, mespretxuzko adierazpenak erabiltzen dituzten haiekin. Lehen albisteko protagonista Sven Olaf Kamphuis spam-aren printze gisa aurkezten dute. Bigarren kasuan, Izz ad-Din al-Qassam Cyber Fighters brigada omen dena.

Horren ondoren, erasoaren atzean ustezko erasotzaile horiei tiraka egon daitezkeen interesekin espekulatzen dute, iritzia eta informazioa nahaspilatuz. Lehen kasuan, Wikileaks eta ziber ekintzaile taldeak sartzen dituzte. Bigarren kasuan, Ipar Korea eta Iran nabarmentzen dituzte erasoen atzeko «esku beltz» moduan. Bigarren mailan bada ere, Txina ere aipatzen dute.

Amaitzeko, berriro ere etorkizunean gerta daitezkeen erasoei buruzko alarma pizten saiatzen dira. Sinesgarritasun handiagoaren bila, lehen pertsona erabiltzen dute, elkarrizketatu baten hitzak kakotxen artean sartuz. Lehen kasuan, erasotzaileek finantzaketa nahikoa eta ezagutza teknikoak badituztela azpimarratzen dute, etorkizunean beste eraso bat egiteko erraztasuna izan dezaketela nabarmentzeko. Bigarrenean, erasotzaileek erabakiak nola hartzen dituzten ez dakitela diote, etorkizuneko erasoak noiznahi eta nonahi izan daitezkeela nabarmentzeko.

Nahiko argi, ezta?

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Guda hotsak sarean

1

internet_war

New York Times, Wall Street Journal eta Twitter erasotuak izan dira azken aste hauetan. Ustezko erasoak Txinatik omen zetozen, eta berriro ere ustez erasotzaileak ezagutza maila altukoak ziren egindako erasoek erakusten duten moduan.

Twitterreko kasuak, adibidez, erabiltzaileen pasahitzak (zifratuak badira ere) lortzeko aukera eman zien erabiltzaileei. Horren ondorioz, zerbitzuak erabiltzaile batzuk behintzat pasahitzak aldatzera behartu ditu.

Eraso horiek ezagutzera eman diren aste berean ere, jakin dugu AEBetako armada mando militar berri bat prestatzen ari dela. Horretarako, orain arteko indarren boskoitza erabiliko du egitura osatzeko. Unitate horrek, defentsa lanak egiteaz gain, eraso ekintzak ere egingo ditu. Hau da, guda eremu bilakatzera doaz Internet.

Orain arte horrelako ekintzak egin izan direnean ez dira era guztiz publikoan egin. Internetek eskaintzen dituen anonimotasun aukerak baliatuz, erasoaren iturria zein den ezkutatzea lor daiteke. Helburua orain era guztiz publikoak Internet ere borroka eremu bihurtzea da.

Ez dira bakarrak; beste hainbat herrialdetan ere era honetako neurriak hartzen ari dira. Israelen oso gaztetatik etorkizuneko ziber miliziak eraikitzen hasi dira. Europa ere estatuen arteko neurri bateratuak hartzen ari da. Bitartean, Txinak eta Errusiak ere oso egitura militar aurreratuak garatu dituzte.

Internet guda esparru bihurtzeak arazo larriak ekar ditzake eskubideen alorrean. Guda guztietan bezala, eskubideak oinarrizkoenak erasotuak izaten dira, eta hau ez da ezberdina izango.

Lortzeko, lehenik, aitzakia ezberdinak erabiliz indarrean dauden legeekin eskubideak murrizten saiatuko dira. orrek huts egiten badu, lege murriztaileak inposatzen saiatuko dira, beldurra mekanismo gisa baliatuz. Amaitzeko, horrek ere huts egingo balu, salbuespen neurrien bidez izaera militarrak, zibilari gailentzeko mekanismoak martxan jartzeko arriskua dago.

Informazioa esparru publikora hain garbi azaltzeak herritarrei zuzenean eragingo dion gaia izango dela argi uzten du. Horregatik, herritarrak eta teknologian eskarmentu apur bat duten pertsonek eskubideak eremu honetan ere defendatzeko prestatu beharko dute, urteetan Electronic Frontier Foundation erakundeak egin izan duen moduan.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak: