Tag Archives: twitter

‘Traducir del rumano’

0

Twitter-Arabic

Duela gutxi Twitterrek mezuak itzultzeko aukera jarri zuen bere aplikazio mugikorrean. Nire Android mugikorra gazteleraz dudanez, Twitterren aplikazioak euskara mezuak errumaniera, daniera, alemaniera… eta beste hainbat hizkuntzekin nahasten ditu itzulpena eskainiz, gaztelerara noski.

Horrelako gauza txikiek erakusten dute zein garrantzitsua den euskaraz hizkuntza teknologiak garatzea, baina baita ere horien erabilera hedatzea. Teknologia izatea garrantzitsua bada, teknologia ezarriko dela ziurtatzea berebizikoa da.

Urte askotan posible izan ez den itzulpen automatiko orokorraren aukera ere zabaltzen du. Arazo bat izan daiteke, baina aukera handiak ere eskaintzen ditu, bakoitzak bere hizkuntzan idaztea «nahikoa» litzatekeelako ulermen maila eskuratzeko.

Arazo-aukera dikotomian trabatu gabe, egoera horretara iristeko oraindik falta da, eta, beraz, hizkuntzak ezagutzea garrantzitsua da. Inoiz baino aukera gehiago ditugu hizkuntzak ikasteko (voxy.com, busuu.com, duolingo.com…) Horrek ere aukera berri asko irekitzen ditu.

Mundu globalizatu honetan egiten diren hizkuntzaren erabilerak hizkuntzen etorkizuna bera baldintza dezake. Badirudi jende askorentzat nahikoa dela ingelesa jakitea globalki komunikatzeko. Ezin uka, jende askok horrela ikusten duela, baina erabaki horrek atxikita dauka beste hizkuntzak zokoratzeko arriskua.

Eragin larriena hizkuntzen desagerpena izan liteke, baina horren aurretik beste albo ondorio batzuk ere baditu. Garrantzitsuena ingeles hiztun natiboen hobespena eta erreferentzialtasun faltsua. Natiboak ez diren beste pertsona batzuekin lehian, natiboek beti izango dute abantaila. Hau da, ez dira hobeagoak, hizkuntza aukeraketak egiten ditu «hobe» besteon begietara.

Eztabaidarekin lotuta, oso interesgarriak iruditu zaizkit Sustatun argitaratutako Ingelesik? Ez, eskerrik asko! eta Financial Times-en Simon Kuperrek idatzitako Why proper English rules OK artikuluak.

Argi dago gure hizkuntza menderatzea, gertukoak behintzat «ulertzea», eta maila globalean garrantzia dutenetako baten bat ezagutzearen garrantzia. Bide horretan, nire abentura berria txinera da, eta arraroa badirudi ere, liburu batek ireki zuen horretarako atea (Chineasy.org).

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Sakelakotatik tiraka

0

MobileDevices-BasqueCountry

Noizean behin webguneko estatistikei begirada bat botatzeko ohitura dut. Gaurkoan sakelakoekin lotutako bisitak zelatatzeko izan da. Datuen arabera, nire webguneko bisitarien %20 inguru sakelakotik sartzen da webgunera. Datu horretan sakontzen hasi eta sakelako horien sistema eragilea eta gailuak zein diren begiratzea erabaki dut. Gailuen aldetik, lehen postuan iPhonea aurkitu dut garaile absolutu moduan. Gero beste gailu asko, Samsung, LG, Sony… estatistika orriak eta orriak, portzentaje oso baxuekin.

Sistema eragileari begiratuz, aldiz, Android da sistema eragileetan garaile erabatekoa, trafiko osoaren (ez bakarrik sakelakoen) %16rekin. Harrigarria dirudi, ezta? Gailuen merkatua kontrolatuta ere, Applek ezin izan du sakelakoen esparrua erabat menderatu.

Berehala etorri zait burura orduan Twitterreko geokokatutako mezuak baliatuz egindako sistema eragile mugikorren mapa bat (https://www.mapbox.com/labs/twitter-gnip/brands/). Mapa horretan argi ikusten da iPhone herrialde eta inguru aberatsagoetan erabili ohi dela. Android aldiz, baliabide gutxiagoko inguruetan zabaldu da gehien.

Zer esan nahi du jende askok iPhone eta gisako azken teknologiara atzipenik ez izateak? Alternatibarik ez dagoen kasuetan ezberdintasun sozialen areagotzea ekarri ohi du. Kasu honetan, Androidi esker, software libreari esker alegia, esan dezakegu jende askok iPhonearekin eskuratuko lukeena (edo hobea) lortzeko aukera izan duela.

Oraindik ere smarthphone bat lortzerik izan ez duen jende asko dago munduan, baina gero eta eskuragarriagoak dira; beste teknologia asko baino azkarrago iritsi dira leku askotara. Firefox OS sistema eragile berriak hori baliatuko du hedapena lortzeko. Sistema eragilea eta aplikazio biltegia ere libre eginez bere sistema erabiliko duten sakelako sinple eta merkeak atera nahi ditu.

Ez al da argia? Software eta ezagutza libreak desberdintasunak areagotzearen kontrako indar bat direla. Aurreko batean gertuko hedabide bat irakurtzen ari nintzela, etorkin gehien jasotzen zuten eskolak eta hezkuntza emaitza txarrak lotzen zituzten. Argi zegoen, eskolen kokalekuko egoera sozial zailak etorkin kopurua baino eragin gehiago zuela, baina horretaz ez ziren konturatu (nahi izan). Horretarako ere «sistema eragile» librerik lortuko bagenu…

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Twitter ekosistema

0
Twitter_TT

Egilea: Fobos92| Lizentzia: cc-by-sa

Twitter da momentuan denbora errealean gertatzen ari dena jakiteko tresnarik garrantzitsuenetako bat. Horregatik, haren inguruan sortzen den edukia iragazteko, bistaratzeko, kudeatzeko eta abar, milaka zerbitzu sortu dira. Eduki horretan guztian, bilaketak egiteko beharra sortzen da lehenik. Twitterrek eskaintzen duen bilatzaileaz gain, badira beste hainbat ezaugarri gehituta horixe eskaintzen duten tresnak ere: Topsy.com, esaterako. Hainbat iragazki aplikatzeko aukera ematen du: adibidez, hizkuntza. Baina euskara ez dago horien artean.

Beste batzuek, berriz, sortzen den ezagutza hori mapa batean kokatzen dute. Horrela, munduan Twitterren jarduna geografikoki ere ikus daiteke. Onemilliontweetmap.com tresnak unean geokokatutako txioen berri ematen digu mapa batean. Bestalde, trendsmap.com zerbitzuak munduan hedatzen ari diren joerak ikusi eta aztertzeko bidea ematen du, hori ere mapa baten bidez.

Batek baino gehiagok pentsatuko du hori guztia ez ote den tresna sinple bati konplexutasuna gehitzea. Auskalo, baina, horretarako ere, Twitter (baita beste sare sozialak ere) kudeatzen laguntzeko, Hootsuite.com tresna dago. Kontu bat baino gehiago segitu eta kudeatzeko erraztasunak ematen dituen tresna bat da.

Bistaratze tresnak ere badaude; Twitterren gertatzen den hori erakustea lortzen dute. Bluenod.com zerbitzuarekin, gero eta errazagoa da mezu trukeak, aipamenak, sortzen diren harremanak eta komunitateak denbora errealean detektatzea. Egiten diren RT eta MT-ak (bertxioak eta aipamenak) denbora errealean sare moduan erakusteko, berriz, flocker.outliers.es tresna dago. Ikusgarria da; probatu.

Azkenaldian interes berezia piztu du nigan mention.com-ek. Ez bakarrik Twitterreko informazioa, baizik eta foro, blog eta sare sozialetakoa ere monitorizatzeko aukera ematen du; jario irakurgailuarekin egiten genuena, baina beste hainbat eremutara eramana, alegia. Alertak eta horiei erantzunak emateko gaitasuna ere badu tresna horrek. Horrela, jasotzen dugun informazio jario horretan guztian, alerta bereziak zehaztu ditzakegu, ondoren ekintza zehatzak egiteko. Edozein gailutan erabil daiteke, baita taldean ere, eta estatistikak eta datuak esportatzeko aukera ere badu. Tresna paregabea. Pena da halako tresna batek euskara kontuan ez hartzea; pena handiagoa oraindik software librea ez izatea.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Twitter bot sareak

0

Elpais_bot_sarea

Twitter bisitak erakartzeko tresna garrantzitsua bilakatu da. Aurretik bilatzaileekin gertatu bezala, orain Interneteko sare sozial horietan zure mezua asko zabaltzeak hobe kokatzen du zure webgunea, eta, beraz, errazago aurki daiteke. Hori lortu ahal izateko, hedabide handi batzuek hainbat estrategia baliatzen dituzte, eta ez guztiak zintzoak.

Pasa den astean, sarean Adegiren proposamenak izandako erreakzioak bilatzen zerbait ezohikoa aurkitu nuen (https://twitter.com/teketen/status/424155591418724354). Adegiri buruzko El País egunkariko albistea hitzez hitz eta erabiltzaile ezberdin askok igo zuten Twitterrera. Erabiltzaileak aztertzen hasi, eta bakoitzak zituen jarraitzaile kopuruari begiratuta behintzat, ez ziruditen benetakoak: Twitter bot sare bat zen.

Twitter bot sareak, erabiltzaile faltsuz osaturiko erabiltzaile sareak dira. Gauza ezberdinetarako erabil daitezke, baina haien betebehar ohikoena da mezu bat errepikatzea. Kasu honetan ere horrela erabili zuten; mezua bota eta era automatikoan erabiltzaile horiek guztiek errepikatu zuten.

Zabaltzen saiatzen ari ziren albisteak ez ziren soilik Adegiren ingurukoak; bot sare horrek El País-en albisteak zabaltzen ditu era automatiko eta basatian.

Ondoren, ia nahi gabe beste erabiltzaile arraro batzuk agertu ziren egindako bilaketan. Prozedura berdina, baina oraingoan Diario Vasco-ren albiste batekin. Erabiltzaile horietako batzuk ausaz hartu, eta faltsuak ziruditen. Helburua ere argia zen, albisteak etengabe hedatzea.

Era honetako estrategia ez zintzoak egiteko sare hauek zerbitzu moduan kontrata daitezke. Zerbitzu emaileak milaka profil faltsu ditu, eta zerbitzua kontratatzen duten bezeroen arabera beren mezua hedatzen hasten dira. Normalean oso argia da erabiltzaile faltsuak direla, nahiz eta badira detektatzen zailagoak direnak. Ez dakit zenbateraino eragiten duen horrek guztiak Twitterren algoritmoan. Argi dagoena da norbaitek baliabideak jarri dituela hori egiteko. Edonola ere, honek nabarmentzen du sare sozialen esparruan albiste batek arrakasta izateko hedapena garrantzitsua dela .

Ezin esan zenek jarri dituen martxan bot sare horiek, baina aipatu hedabide horiek martxan jarritako estrategiak badira, beren sinesgarritasunaren aurka doa zuzenean.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Twitterren eguneraketak

0
Egilea: Jack Dorsey | Lizentzia: cc-by

Egilea: Jack Dorsey | Lizentzia: cc-by

Twitterreko sakelako aplikazioak eguneratu dira, baina ez da enpresa horretan eguneratzen ari den gauza bakarra: aplikazioen azken bertsioetan aldaketa garrantzitsuak egin ditu. Notifikazio sistema hobetu du, denbora lerroko diseinua hobetu du, bilaketa sisteman hainbat filtro ezartzeko aukera gehitu du, eta mezu zuzenetan irudiak txertatzeko aukera ere badago orain. Azken aldaketa horrekin, WhatsApp moduko aplikazioekin lehiatu nahi du Twitterrek.

Burtsara ateratzeak aldaketak azkartzea ekarri du; Jack Dorsey( @jack) eta Dick Costolo(@dickc) dira orain Twitterreko buruak. Orain artean enpresa aurrera eraman izan duten Evan Williamsek (@ev) eta Biz Stonek(@biz) alboratu zuten Obvious Corporation proiektuan murgildu dira berriro. Proiektu berriak sortzeko bizi proiektu gisa aurkezten dute berau. Beste batzuekin batera ideia berriak aurrera eramateko sistema bat, horrela sortu dituzte jada Lift, Branch eta Medium proiektuak.

Liftek norberaren helburuak lortzen laguntzen duen tresna da. Ezartzen dituzun helburuak betetzen laguntzeko, aplikazioaren edo webgunearen bidez kontrolatzeko aukera ematen du. Bakoitzak bereak jartzen ditu, eta beste batzuek zehaztutako planen bat ere aztertzeko aukera dago. Branch Twitterren askotan egin ezin diren eztabaidak bideratzeko tresna izan daiteke. Helburua handiagoa da, edozeri buruzko eztabaida interesgarriak sortzeko aukera lortu nahi duen tresna baita.

Azkenik, Medium da denbora gehien dedikatzen ari omen diren proiektua. Mediumek, interes mailaren arabera, irakurtzeko edo idazteko plataforma eskaintzen du. Irakurri nahi duenak, nahikoa dauka azaleko bildumen artean interesatzen zaizkion edukiak topatzearekin. Izena emanez gero, idazteko eta beste oharrak egiteko aukera ere badago. Bereziki, ondo pentsatua dago arreta idazten jartzeko. Publikatu aurretik ere, egindako hori zure kontaktuei erakusteko aukera eskaintzen du tresnak.

Tresna berri hauek guztiek zerbait partekatzen dute. Sinpletasuna oinarri, jendea gauza zehatzak egitera bideratu nahi dute. Aurreko zerbitzuekin alderatuz, orokortasunari ihes egitea lortu nahi dute, ibili edo ez, joera orokorra bilakatzen ari da.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Kontrol soziala eta betiko demokratak

0
anonymous

Iturria: Taringa!

Anonymous sareko talde batek CESICAT fundazioak («CNI katalana» bezala izendatzen dutena) izan daitezken 38 dokumentu filtratu ditu. Informe horietan, Twitter zerbitzuaren bitartez sare sozialaren erabiltzaileei eginiko jarraipenak ageri dira. Jarraitutako erabiltzaileen artean, mugimendu sozial eta antikapitalistekin lotutako politiko, kazetari eta aktibistak aurkitzen dira.

CESICAT (Informazioaren Segurtasuneko Kataluniako Zentroa) Generalitatearen menpe dagoen fundazioa da. Hain zuzen ere, Enpresa eta Enplegu Sailaren menpekoa. Dokumentu hauek CESICAT fundazioak Mossos d’Esquadra Kataluniako polizia autonomikoarekin eta TB Security enpresarekin elkarlanean osatu zituen, 2012ko maiatzean. Dokumentuotan M-15 mugimenduan, Bankia eta La Caixa bankuen aurkako kanpainetan eta BCE gailurraren aurkakoan parte hartu zuten erabiltzaileen zerrendak ageri dira, baita erabiltzaile horiek bidalitako iritziak, argazkiak eta bideoak ere. Publikatutako dokumentuak hilabete bakarrean egindakoak badira ere, baliteke denbora luzez halako informeak egiten aritu izana.
Anonymous taldeak publikatu duen oharrak Masen Gobernuari eta ERCri egotzi die katalanen adierazpen askatasuna urratu izana. Gainera, iritzi politikoen araberako herritarren zerrendak inongo eskumen eta eskubiderik gabe osatu direla eta legezkoak ez direla salatu dute.

Mossoek eta CENICAT fundazioak dokumentu hauen jabe direla onartu ez badute ere, Dropbox eta Mega zerbitzuetan eskegita zeuden dokumentuak erretiratu egin dituzte, copyright eskubideen eskaerak eginez gainera. Dropbox zerbitzuan, adibidez, dokumentuak erretiratzeko eskaria CENICAT-CERT izenarekin egin dute. Iturri ziurra ez bada ere, badirudi CENICAT fundazioko kideek egin dituztela erreklamazio hauek.

Espioitza eta eraso zibernetikoak puri-purian dauden momentuan azaleratu dira dokumentu hauek. Aste honetan bertan, Espainiako Polizia Nazionalak Falangeko kide bat atxilotu du ezkerreko komunikabideak denbora luzez eraso izanagatik. Falangeko kide honek, Nodo50, InfoLibre, Diagonal, Periodismo Humano eta El Plural atariak eraso izan ditu botnet sareak erabiliz. Gainera, komunikabide horietako langileei mehatxuak bidaltzen ere ibili izan da atxilotu berri duten falangista. Botnet sareak mundu osoan barreiatuta dauden milaka ordenagailuz osatutako sareak dira. Ordenagailuok birus edo troiarrez infektatuta egon ohi dira, eta erasotzaileak ordenagailu horiek guztiak batera kontrolatzeko ahalmena du. Sare horiek webguneak eskariz saturatzen dituzte DDoS erasoekin. Alegia, milaka ordenagailuk eraso nahi den webguneari milaka eta milaka eskaera egiten dizkiete aldi berean, webgunearen zerbitzaria lanez gainezka jarriz, eta, ondorioz, zerbitzaria guztiz saturatuz. Iturri desberdinek diotenez, Falangeko kideak hiru botnet erabili omen zituen eraso guztiak egiteko. Botnet horiek erabiltzea ez da legala, baina Interneteko beste zerbitzu baten moduan kontrata daitezke.

Espainiar Estatuan bertan ere, eraldaketa sozialaren alde lan egiten dutenen aurka Internet gerra eremu normalizatu bilakatu da. Eta eraso horiek eskuin muturreko taldeen zein eskuineko gobernuen eskutik egiten ari dira. Askotan entzun izan ditugu STASI bezalako agentziek herritarren aurka egin omen zituzten kontrol praktiken inguruko salaketak, baina gaur egungo eskuineko gobernuek haur jolasen mailan utzi dituzte Alemaniako Errepublika Demokratikoan gertatutakoak. Gainera, kontrol neurriak askoz ere handiagoak izateaz gain, inpunitate osoz jokatzen jarraitzen dute. Eta jarraituko dute.

Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.

Erlazionatutako bidalketak:

Twitter burtsara

0
Egilea: | Lizentzia

Egilea:  mkhmarketing | Lizentzia: cc-by

Edozein enpresa burtsara ateratzeak ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera adierazi ohi du. Batzuetan diru beharra, beste batzuetan gauza berriak egiteko gogoa, askotan inbertsiogileek dirua jasotzeko era… Horrela izan dira teknologiari atxikitako azken enpresen irteera. Aurretik asko etorri ziren, azken garrantzitsua Facebook. Orain, Twitterren ordua iritsi dela dirudi.

Twitter, orain arte, negozio eredu argirik gabeko enpresa izan da. Hasieran, tresna horren garrantzia zalantzan jartzen zutenek ere (baita gure inguruan ere), duen garrantziaz jabetu dira. Denbora errealean Interneten gertatzen diren gauza gehienak komunikatzeko tokia bihurtu da. Edukia sortzeko edo sakonki eztabaidatzeko, blogek eta foroek ez dituzten mugak izanda ere, denbora errealean gertatzen ari dena adierazteko lekua bihurtu da.

Horrek bere balioa du, baina balioa eta balorea ez da berdina izaten; ez, behintzat, burtsari dagokionez. Horrek Twitterren negozio moldearen aldaketa ekarriko du, eta, seguruenik, publizitatearen bidetik sakondu beharko du. Orain arte, garestiegiak ziren #hashtag-en (euskaraz, traola) eta mezuen babesarekin egiten zuten, baina ez dirudi nahikoa izango denik.

On line marketinaren estrategian sartu beharko du beraz. Esparru horretan, akronimo zopa handi batean murgiltzen gara, eta neurgailu horiek izan ohi dira gakoa, baita ekonomikoa ere. CPM Cost Per Mille mila inpresioko kostua, CPC Cost Per Clic klik bakoitzeko kostua, CPL Cost Per Lead , formulario bat bete edo gure buletinera harpidetzearen kostua edo CPA Cost Per Action guk definitutako ekintza zehatz bat burutzearen kostua.

Halere, Twitterren izaera soziala ezagututa, badirudi neurgailu horiei uko egin eta bereak propioak sortzeko adina indar izan dezakeela, eta hor dago bere indarra. Bere proposamena, CPF Cost Per Follower jarraitzaile bat lortzearen kostua edota CPE Cost Per Engadgement mezu bat atsegin, bertxiotu edo komentatzearen kostua izango dira.

Online marketinaren ikuspuntutik denak neurgarria izan behar du. Horregatik, neurgailu berriak markatzea arriskutsua bada ere, lortuz gero, neurgailu horiek neurtutakoaren garrantzia nabarmentzea lortzen dute automatikoki. Ikusiko dugu Twitterri jokaldia ondo ateratzen zaion.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Konpromisoa airera

0
konpromisoa_airera

Egilea: AskeGunea | Iturria: AskeGunea Facebook

Lerro hauek idazten ditudanean bere lan politikoagatik atxilotu nahi dituzten zortzi gazteak jendez inguraturik daude Donostiako Bulebarrean. Aske Gunea deitu dioten gunean, konpromisoaren piramidean eskalatzen ari den mugimendua sortzen ari da.

Beste mugimendu batzuek izandako jarraipen komunikatiborik gabe, Interneteko sare sozialek maiz atxikimendurako joeratik haratago joatea posible dela erakusten ari dira bertan. Hedabide nagusien jarraipena itxaron gabe, bloga martxan jarri dute, baita blog horretara lotuta dauden Twitter (@askegunea) eta Facebook (http://facebook.com/askegunea/) kontuak ere. Zortzi auzipetuek eta haien gertuko komunitateak erakutsitako konpromiso izugarriak bultzaturik, sare horien bidez sortutako harremanak sendotuz eta zabalduz joan dira.

Informazio zurrunbiloan, haiek sortutako bideo, argazki eta dokumentuak Internet zeharkatzen dute. Ez hori bakarrik, boluntarioen laguntzarekin, manifestua bost hizkuntzatara itzultzea lortu dute, eta ekintza laburtzen duen bideoa bederatzi hizkuntzatako azpidatziekin aurki daiteke.

Internetetik kanpo ere komunikazioa gertukoa da, egiazkoa. Estetikoki globoekin egindako jokoek gertutasuna eta alaitasuna erakustea lortzen dute, alaitasuna eta konpromisoa, tentsioa eta zirrara nahasten diren atmosfera bat sortzeraino.

Zentsurarekin ere topo egin behar izan dute. Twitterren zituzten frantses, gaztelera eta ingeles kontuak blokeatu dizkiete arrazoirik gabe. Sare zentralizatu hauek erabaki hauek hartzeko duten erraztasun izugarrian eta teknologian, burujabe izatearen garrantzia nabarmendu besterik ez dute egiten.

Denborak alde jokatzen du, geroz eta beranduago etorri orduan eta sare zabalagoa eta harreman indartsuagoak; gero eta konpromiso handiagoa. Interneteko konpromiso erakustaldiak klik, RT edo Like batera mugatu nahi dituzten garaiotan, gazte eta herritar hauek egindako saltoa handia da.

Hori baino ekarpen handiagoa ere egin dute, etengabe birsortzeko gaitasuna izan dezakeen borroka komunitarioaren eredu banatu bat garatuz. Donostian itzaliko balitz ere, edozein unean, espero ez duten tokian berriz sor daitekeena.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Harresiak elkartzen

0

Erresistentzia betean ari dira Bulebarrean bildutako gazteak lerro hauek idazten ari naizen bitartean. Oihuak, besarkadak, txaloak… Gauean Ertzaintzaren bi atxilotze saiakera gainditu dituzte. Aske Gunean antolatu den herri harresia indartsu ari da lanean.

jendea_ordenagailuetan_ibiltzen

Egilea: AskeGunea | Iturria: AskeGunea Facebook

Bertatik bertara egonda bakarrik senti daiteke Bulebarrean bizitzen den indarra eta elkartasuna. Baina bertaratu gabe ere Aske Gunean bizitzen ari direna, hein handi batean, komunikatzea lortu dute. Komunikazio lantalde propioa du Aske Guneak. 24 orduz eta etenik egin gabe informazio guztia blog baten bidez eta sare sozialen bitartez komunikatzen ari dira. Kamerak, mugikorrak eta ordenagailu eramangarriak dira talde honen lantresnak.

Donostian gertatzen ari dena Euskal Herri osora bakarrik ez, mundu osora zabaldu nahi dute. Bertan, boluntario askori esker gertakarien kronikak hizkuntza desberdinetan idazten ari dira. Hala, zortzi gazteen aldeko manifestua bera ere bost hizkuntzetara itzuli dute. Auzolanean bideoak grabatu, itzuli eta muntatzen dituzte. Blogaren bitartez argazkiak ikus ditzakegu, datozen orduetako egitaraua begiratu, baita zuzeneko bideo emisioak jarraitu ere. Arkanoid bideo-joko bat ere moldatu dute Herri Harresia irudikatuz.

Hau guztia Twitter eta Facebook sare sozialetatik zabaltzen ari dira. Twitterrekoa bereziki, minutuz minutuko informazio jario bilakatu da. Gomendioak, animoak eta alertak etengabeak dira. Twitition zerbitzuaren bitartez “EAJri Herri Harresiaren parte izateko eta Aske Gunera Ertzaintza ez bidaltzeko deia” izeneko sinadura kanpaina abiatu dute. VisibleTweets zerbitzuarekin, aldiz, tabernetan, eskoletan, kalean lantokian edo pantaila bat dagoen edozein lekutan #askegunea traola jarraitzeko bisualizazioa prestatu dute. Lan horri guztiari esker Aske Gunearen mezua Interneten lau haizetara zabaldu ahal izan dute. Nazioartean ere medio desberdinetan publikatu dituzte zortzi gazteen inguruko berriak; hala, #basque8 espainiar Estatuan TT izatera iritsi da. Internet informazioz bete dute.

Zentsura ere bizitzen ari dira, aste honetan Aske Gunearen erdarazko hizkuntzen Twitter erabiltzaile kontuak itxi egin baitizkiete. Kontuok berriz ere martxan dauden arren, ekintza honek argi erakusten digu zerbitzu zentralizatu hauek eragin dezaketen kaltea gure komunikazio jardunetan. Sare zentralizatu hauen aurrean sare banatuak hobetzen eta zabaltzen joan behar gara (blog sareak, sare sozial banatuak…), aurrerantzean horrelako arazoak ekidin ahal ditzagun.

Komunikabide askok Bulebarrean geratzen ari denaren berririk ematen ez duten bitartean, etengabeko jarraipena egiten ari dira Argia (@larbelaitz) eta Info7 (@iontelleria); bertatik bertara ari dira informazioa ematen, zuzeneko audioak eta bideoak sareratuz.

Ez dakigu Bulebarreko harresiak noiz izango duen amaiera, baina Euskal Herrian sortzen ari den harresi partekatua ezin izango dute bota, ezin izango dute inguratu, ez baita leku bakarrean egongo. Harresi bakoitzaren atzean beste bat aurkituko dute.

Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.

Erlazionatutako bidalketak:

Guda hotsak sarean

1

internet_war

New York Times, Wall Street Journal eta Twitter erasotuak izan dira azken aste hauetan. Ustezko erasoak Txinatik omen zetozen, eta berriro ere ustez erasotzaileak ezagutza maila altukoak ziren egindako erasoek erakusten duten moduan.

Twitterreko kasuak, adibidez, erabiltzaileen pasahitzak (zifratuak badira ere) lortzeko aukera eman zien erabiltzaileei. Horren ondorioz, zerbitzuak erabiltzaile batzuk behintzat pasahitzak aldatzera behartu ditu.

Eraso horiek ezagutzera eman diren aste berean ere, jakin dugu AEBetako armada mando militar berri bat prestatzen ari dela. Horretarako, orain arteko indarren boskoitza erabiliko du egitura osatzeko. Unitate horrek, defentsa lanak egiteaz gain, eraso ekintzak ere egingo ditu. Hau da, guda eremu bilakatzera doaz Internet.

Orain arte horrelako ekintzak egin izan direnean ez dira era guztiz publikoan egin. Internetek eskaintzen dituen anonimotasun aukerak baliatuz, erasoaren iturria zein den ezkutatzea lor daiteke. Helburua orain era guztiz publikoak Internet ere borroka eremu bihurtzea da.

Ez dira bakarrak; beste hainbat herrialdetan ere era honetako neurriak hartzen ari dira. Israelen oso gaztetatik etorkizuneko ziber miliziak eraikitzen hasi dira. Europa ere estatuen arteko neurri bateratuak hartzen ari da. Bitartean, Txinak eta Errusiak ere oso egitura militar aurreratuak garatu dituzte.

Internet guda esparru bihurtzeak arazo larriak ekar ditzake eskubideen alorrean. Guda guztietan bezala, eskubideak oinarrizkoenak erasotuak izaten dira, eta hau ez da ezberdina izango.

Lortzeko, lehenik, aitzakia ezberdinak erabiliz indarrean dauden legeekin eskubideak murrizten saiatuko dira. orrek huts egiten badu, lege murriztaileak inposatzen saiatuko dira, beldurra mekanismo gisa baliatuz. Amaitzeko, horrek ere huts egingo balu, salbuespen neurrien bidez izaera militarrak, zibilari gailentzeko mekanismoak martxan jartzeko arriskua dago.

Informazioa esparru publikora hain garbi azaltzeak herritarrei zuzenean eragingo dion gaia izango dela argi uzten du. Horregatik, herritarrak eta teknologian eskarmentu apur bat duten pertsonek eskubideak eremu honetan ere defendatzeko prestatu beharko dute, urteetan Electronic Frontier Foundation erakundeak egin izan duen moduan.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak: