Tag Archives: sarea

Konpromisoa airera

0
konpromisoa_airera

Egilea: AskeGunea | Iturria: AskeGunea Facebook

Lerro hauek idazten ditudanean bere lan politikoagatik atxilotu nahi dituzten zortzi gazteak jendez inguraturik daude Donostiako Bulebarrean. Aske Gunea deitu dioten gunean, konpromisoaren piramidean eskalatzen ari den mugimendua sortzen ari da.

Beste mugimendu batzuek izandako jarraipen komunikatiborik gabe, Interneteko sare sozialek maiz atxikimendurako joeratik haratago joatea posible dela erakusten ari dira bertan. Hedabide nagusien jarraipena itxaron gabe, bloga martxan jarri dute, baita blog horretara lotuta dauden Twitter (@askegunea) eta Facebook (http://facebook.com/askegunea/) kontuak ere. Zortzi auzipetuek eta haien gertuko komunitateak erakutsitako konpromiso izugarriak bultzaturik, sare horien bidez sortutako harremanak sendotuz eta zabalduz joan dira.

Informazio zurrunbiloan, haiek sortutako bideo, argazki eta dokumentuak Internet zeharkatzen dute. Ez hori bakarrik, boluntarioen laguntzarekin, manifestua bost hizkuntzatara itzultzea lortu dute, eta ekintza laburtzen duen bideoa bederatzi hizkuntzatako azpidatziekin aurki daiteke.

Internetetik kanpo ere komunikazioa gertukoa da, egiazkoa. Estetikoki globoekin egindako jokoek gertutasuna eta alaitasuna erakustea lortzen dute, alaitasuna eta konpromisoa, tentsioa eta zirrara nahasten diren atmosfera bat sortzeraino.

Zentsurarekin ere topo egin behar izan dute. Twitterren zituzten frantses, gaztelera eta ingeles kontuak blokeatu dizkiete arrazoirik gabe. Sare zentralizatu hauek erabaki hauek hartzeko duten erraztasun izugarrian eta teknologian, burujabe izatearen garrantzia nabarmendu besterik ez dute egiten.

Denborak alde jokatzen du, geroz eta beranduago etorri orduan eta sare zabalagoa eta harreman indartsuagoak; gero eta konpromiso handiagoa. Interneteko konpromiso erakustaldiak klik, RT edo Like batera mugatu nahi dituzten garaiotan, gazte eta herritar hauek egindako saltoa handia da.

Hori baino ekarpen handiagoa ere egin dute, etengabe birsortzeko gaitasuna izan dezakeen borroka komunitarioaren eredu banatu bat garatuz. Donostian itzaliko balitz ere, edozein unean, espero ez duten tokian berriz sor daitekeena.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Harresiak elkartzen

0

Erresistentzia betean ari dira Bulebarrean bildutako gazteak lerro hauek idazten ari naizen bitartean. Oihuak, besarkadak, txaloak… Gauean Ertzaintzaren bi atxilotze saiakera gainditu dituzte. Aske Gunean antolatu den herri harresia indartsu ari da lanean.

jendea_ordenagailuetan_ibiltzen

Egilea: AskeGunea | Iturria: AskeGunea Facebook

Bertatik bertara egonda bakarrik senti daiteke Bulebarrean bizitzen den indarra eta elkartasuna. Baina bertaratu gabe ere Aske Gunean bizitzen ari direna, hein handi batean, komunikatzea lortu dute. Komunikazio lantalde propioa du Aske Guneak. 24 orduz eta etenik egin gabe informazio guztia blog baten bidez eta sare sozialen bitartez komunikatzen ari dira. Kamerak, mugikorrak eta ordenagailu eramangarriak dira talde honen lantresnak.

Donostian gertatzen ari dena Euskal Herri osora bakarrik ez, mundu osora zabaldu nahi dute. Bertan, boluntario askori esker gertakarien kronikak hizkuntza desberdinetan idazten ari dira. Hala, zortzi gazteen aldeko manifestua bera ere bost hizkuntzetara itzuli dute. Auzolanean bideoak grabatu, itzuli eta muntatzen dituzte. Blogaren bitartez argazkiak ikus ditzakegu, datozen orduetako egitaraua begiratu, baita zuzeneko bideo emisioak jarraitu ere. Arkanoid bideo-joko bat ere moldatu dute Herri Harresia irudikatuz.

Hau guztia Twitter eta Facebook sare sozialetatik zabaltzen ari dira. Twitterrekoa bereziki, minutuz minutuko informazio jario bilakatu da. Gomendioak, animoak eta alertak etengabeak dira. Twitition zerbitzuaren bitartez “EAJri Herri Harresiaren parte izateko eta Aske Gunera Ertzaintza ez bidaltzeko deia” izeneko sinadura kanpaina abiatu dute. VisibleTweets zerbitzuarekin, aldiz, tabernetan, eskoletan, kalean lantokian edo pantaila bat dagoen edozein lekutan #askegunea traola jarraitzeko bisualizazioa prestatu dute. Lan horri guztiari esker Aske Gunearen mezua Interneten lau haizetara zabaldu ahal izan dute. Nazioartean ere medio desberdinetan publikatu dituzte zortzi gazteen inguruko berriak; hala, #basque8 espainiar Estatuan TT izatera iritsi da. Internet informazioz bete dute.

Zentsura ere bizitzen ari dira, aste honetan Aske Gunearen erdarazko hizkuntzen Twitter erabiltzaile kontuak itxi egin baitizkiete. Kontuok berriz ere martxan dauden arren, ekintza honek argi erakusten digu zerbitzu zentralizatu hauek eragin dezaketen kaltea gure komunikazio jardunetan. Sare zentralizatu hauen aurrean sare banatuak hobetzen eta zabaltzen joan behar gara (blog sareak, sare sozial banatuak…), aurrerantzean horrelako arazoak ekidin ahal ditzagun.

Komunikabide askok Bulebarrean geratzen ari denaren berririk ematen ez duten bitartean, etengabeko jarraipena egiten ari dira Argia (@larbelaitz) eta Info7 (@iontelleria); bertatik bertara ari dira informazioa ematen, zuzeneko audioak eta bideoak sareratuz.

Ez dakigu Bulebarreko harresiak noiz izango duen amaiera, baina Euskal Herrian sortzen ari den harresi partekatua ezin izango dute bota, ezin izango dute inguratu, ez baita leku bakarrean egongo. Harresi bakoitzaren atzean beste bat aurkituko dute.

Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.

Erlazionatutako bidalketak:

Guda hotsak sarean

1

internet_war

New York Times, Wall Street Journal eta Twitter erasotuak izan dira azken aste hauetan. Ustezko erasoak Txinatik omen zetozen, eta berriro ere ustez erasotzaileak ezagutza maila altukoak ziren egindako erasoek erakusten duten moduan.

Twitterreko kasuak, adibidez, erabiltzaileen pasahitzak (zifratuak badira ere) lortzeko aukera eman zien erabiltzaileei. Horren ondorioz, zerbitzuak erabiltzaile batzuk behintzat pasahitzak aldatzera behartu ditu.

Eraso horiek ezagutzera eman diren aste berean ere, jakin dugu AEBetako armada mando militar berri bat prestatzen ari dela. Horretarako, orain arteko indarren boskoitza erabiliko du egitura osatzeko. Unitate horrek, defentsa lanak egiteaz gain, eraso ekintzak ere egingo ditu. Hau da, guda eremu bilakatzera doaz Internet.

Orain arte horrelako ekintzak egin izan direnean ez dira era guztiz publikoan egin. Internetek eskaintzen dituen anonimotasun aukerak baliatuz, erasoaren iturria zein den ezkutatzea lor daiteke. Helburua orain era guztiz publikoak Internet ere borroka eremu bihurtzea da.

Ez dira bakarrak; beste hainbat herrialdetan ere era honetako neurriak hartzen ari dira. Israelen oso gaztetatik etorkizuneko ziber miliziak eraikitzen hasi dira. Europa ere estatuen arteko neurri bateratuak hartzen ari da. Bitartean, Txinak eta Errusiak ere oso egitura militar aurreratuak garatu dituzte.

Internet guda esparru bihurtzeak arazo larriak ekar ditzake eskubideen alorrean. Guda guztietan bezala, eskubideak oinarrizkoenak erasotuak izaten dira, eta hau ez da ezberdina izango.

Lortzeko, lehenik, aitzakia ezberdinak erabiliz indarrean dauden legeekin eskubideak murrizten saiatuko dira. orrek huts egiten badu, lege murriztaileak inposatzen saiatuko dira, beldurra mekanismo gisa baliatuz. Amaitzeko, horrek ere huts egingo balu, salbuespen neurrien bidez izaera militarrak, zibilari gailentzeko mekanismoak martxan jartzeko arriskua dago.

Informazioa esparru publikora hain garbi azaltzeak herritarrei zuzenean eragingo dion gaia izango dela argi uzten du. Horregatik, herritarrak eta teknologian eskarmentu apur bat duten pertsonek eskubideak eremu honetan ere defendatzeko prestatu beharko dute, urteetan Electronic Frontier Foundation erakundeak egin izan duen moduan.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Ziklo berria

7
kondratieff eta hanpatze zikloak

Beste ziklo garrantzitsu batzuk Kondratiev eta Hanpatze zikloak (Wikipedia)

Internet, beste arlo batzuk bezala, botere esparruak lortzeko leku bilakatzen ari da. Urte askotan askatasun eremu bakarrenetakoa izan denak gero eta zailagoa du kontrol horietatik ihes egitea. Hala ere, besteekin konparatuz, hasieratik posible egiten zuten protokoloak, hau da arauez osatutako gunea izaki, askatasuna ezagutzeko aukera eman digu, eta horri kontra egitea zaila izango da.
Kontrolatzeko saioak etengabeak dira, eta gaur egun, esparru txikienetik handienera ikusten dira. Esango nuke ziklikoak ere badirela: askatasun irekiera berri baten ondoren, kontrol ahalegin bat dator. Blogek adibidez agenda banatu baten aukera ireki zuten, eta Interneteko sare sozialek, berriz, berriro ere agenda publikoaren informazio bitartekariei posizionatzeko aukera eman die.

Gailu mugikorren esparruan ere aldaketa garrantzitsuak izan dira. Biltegi batean dauden aplikazioak aukeratzea izaten da ohikoena, Android, iOS eta halako sistema eragile berrietan. Instala daitezkeen aplikazio baimenduen gune bakarra bilakatzen dira biltegi horiek, eta bertan ez daudenak instalatzen ezinezko edo oso zailak bihurtu.

Mota horretakoak dira kontrola eskuratzeko era berriak. Erabilera erraztasuna aitzakiatzat hartuta, beharrezkoak izango ez liratekeen monopolioak sortzen dira. Beharbada, tresna horietatik kanpo ere aplikazioak eskuratu eta instalatzea lor dezakezu, baina, betiere, zailagoa izango da.

Hala ere, badirudi hau aldatzen ari dela, eta gailu mugikorren adibidea hartzen badugu, hor nabarituko dugu argien. Firefox OS eta gailu mugikorrentzako Ubuntu sistema eragile berriek irekitasun apur bat gehiago ekar dezakete. Aplikazioak sortzeko erabiltzen dituzten teknologiak behintzat estandarragoak dira (HTML5, CSS3 eta Javascript batez ere). Horien arrakasta ikusteko dago, baina argi dago eztabaida piztuko dutela.

Gailu mugikorren alorrean eta teknologia berdinekin oraindik eremu libreenetako bat web-a bera da. Responsive diseinu ereduari esker webgune bera hainbat gailutara egokitzeko aukera dago. Benetan gailu mota gehienentzat estandarra eta inongo bitartekaritzarik gabeko eredu bakarra oraingoz.

Ziklo berri baten atarian gaudela uste dut. Batzuek blogak hiltzat eman zituzten, baina badirudi horiek zutik ziklo berriaren sarrera erakusteko gelditu zirela.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Eguzkia beti garaile

4
Sol Invictus

Sol Invictus
cc-by: Jastrow

Sol Invictus edo Eguzkia garaile, horixe da egun hauetan ospatzen ari garena. Egun ilunenetan ere datozen etorkizunen haziak aurkitu ditzakegu, baina etorkizun horiek guk eraikitakoak izateko, egunero pixkanaka landu beharko ditugu. Lan horretan gabiltzanez, ospa dezagun.

Talaios Kooperatiban ospakizunerako arrazoi bat gehiago daukagu, hau baita gure lehen Gabona. Iluntasunean gogor lanean aritu ondoren pixkanaka pixkanaka gure eta gure inguruaren etorkizuna izango den tresnaren azaleratzea izango den Gabona. Iluntasun berriak ezagutuko ditugu baina gure egitura horretarako prestatzen ari gara, resilientea izateko, eta garai ilunetan eraldaketa bultzatu eta etorkizun hobeak sortzeko.

Bitartean datozen egunak ospakizun egunak izango dira Talaiosen, gure inguru hurbilarekin.  Baina gure sarea, eraldaketaren bidean behar beharrezkoa duguna, ez dugu ahaztu nahi eta horregatik Blogsoviet, Bakalhau eta beste sare proiektuetan lagun ditugunak egun hauek modu berezian ospatzera gonbidatu nahi ditugu. Urtero izango da Talaiosen sarearentzat ospakizun garaia, eta horretarako urtetik urtera sare zabalagoa izatea espero dugu. Datozen egunetan gure lonjatik pasatzen diren sarekideentzat ospakizun oparia daukagu. Etorri eta erabili klabea:

Eguzkia beti garaile!