Tag Archives: popcorn

Gaitasun kontua

0
Egilea: Irune Agirre | Lizentzia: cc-by-sa

Egilea: Irune Agirre | Lizentzia: cc-by-sa

Albiste ona dirudi PISA txostenak Euskal Herriko ikasleei eginiko azterketaren emaitzak. Gertuko panorama beldurgarriarekin alderatuz gero, pozgarria ere izan daiteke. Hainbeste eraso jasaten dituen D ereduak ingurukoenak baino maila hobea ematen duela behintzat esateko.

Laudorioak hor bukatzen dira, asko baitago egiteko. Lehenik eta behin, OCDE erakunde ekonomiko honen rola ezabatzea. Zein da hezkuntzarekin lotura zuzenik ez duen erakunde batek bidea markatzeko arrazoia? Pertsonak lan-merkatuko baliabide modura bakarrik ikusteak justifika dezake hori.

Arlo ekonomikotik begiratu nahi izanez gero, halere, badago zer begiratu. Baliabide ekonomikoek asko baldintzatzen baitute hezkuntza. Bilatuz gero, korrelazio zuzenak aurkituko ditugu pertsonako hezkuntzarako inbertitzen den diru kopuruaren eta emaitzen artean.

PISAri kritika egiteaz gainera, konpetentzia edo gaitasunen eztabaida mardulagoa da. Pertsonek behar ditugun konpetentziak gero eta aldakorragoak dira. Berez, horrela beharko luke, pertsona oso batek bere garapenerako horixe behar baitu.

Dudarik gabe, gaitasun horien artean teknologikoak ere egon behar dute. Bide horretan, bada bidea markatzen ari direnak, horien artean Mozilla eta bere Web Literacy Standard adibidez.

Popcorn, Thimble eta X-Ray Goggles tresnen bidez, bideo edizio erraza egin, webgune edizio hastapenak ikasi eta webguneen egiturak lan daitezke. Oso baliabide errazak dira ikasi eta irakasteko, baina ez dira tresnetan gelditzen. Horiekin batera, gaitasun horiek lantzeko laguntza ere ematen dute, ikertu, eraiki, konektatu, hiru blokeetan banaturik. Oraindik ez dago euskaraz, baina, beharbada, hau irakurtzean zuetako norbaitek itzuliko du.

PISAren datuekin gora eta behera egon beharrean, interesgarriagoa ikusten dut nik eredu propio bat lantzen hastea. Hemen aipatu ditudan gaitasunak eta beste asko landuko dituen eredu bat. Noizean behin neurgailuak beharko ditugu, bai, baina neurgailu horiek lortu nahi dugunaren araberakoak izan beharko dute. Zer lortu nahi dugu, baina?

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Udako ikastaroak – BigBlueButton eta PopCorn

2

Urtero bezala UEUk udako ikastaroen eskaintza zabala egin du. Aurten Talaiosek horietako bat emango du BigBlueButton, PopCorn eta IFTTTri buruzko ikastaroa hain zuzen ere. Datu guztiak UEUren webgunean dituzue, baina hona hemen laburpen bat:

Ikastaro informazioa

  • Hasiera-data: 2013(e)ko uztailaren 17a
  • Amaiera-data: 2013(e)ko uztailaren 18a
  • Tokia: Eibar – Markeskoa Jauregia
  • Ordutegia: Astean zehar. 9:00-14:00
Izena eman

Eusko Jaurlaritzaren irakasleen formaziorako plangintzaren bidez homologatutako ikastaroa

 

Hezkuntzan batez ere, baina baita hortik kanpo interesgarriak izan daitezkeen hainbat tresna eta zerbitzu ezagutaraziko dira. BigBlueButton bideo hitzaldi eta elkarlanerako online tresnak dituen aukerak erakutsiko ditugu. Popcorn maker bidez, bideoetan edizio lanik egin gabe testuak, irudiak, audioa eta kanpoko zerbitzuen informazioa (Wikipedia, Twitter, Google Maps) txertatzen ere ikasiko dugu. Amaitzeko, IFTTT zerbitzuaren bidez zerbitzuen arteko automatizazioa landuko dugu, interesatzen zaizkigun informazioak jaso edota zabaltzeko estrategia berriak landuz.

 

 

Prest gaude?

1

Mozilla hitza aipatzean krema txokolatedun hura etorriko zaionik izango da, baina, Interneteko testuinguruan, Firefox nabigatzailea izaten da etortzen zaigun lehen gauza. Horrexegatik ezagutzen dugu Mozilla fundazioa batez ere, baina ez da hori egiten duen gauza bakarra, ezta beharbada garrantzitsuena ere.

Mozilla fundazioa kode irekiko Mozilla proiektuaz arduratzen den irabazi asmorik gabeko erakundea da. Haren zerbitzuek hiru oinarrizko ezaugarri bete ohi dituzte: kode irekikoak izatea, estandarretan oinarrituak egotea eta plataforma anitzetan erabiltzeko modukoak izatea.

Niretzat, Mozillak aurrera eramaten dituen proiektu interesgarrienen artean, Mozilla Labs dago. Oraindik garatzen ari diren edo fase esperimentalean dauden proiektuentzat sortutako ekimena da hori. Proiektu guztietatik, bi dira nire arreta berezia izan dutenak, eta biek harreman zuzena izan dezakete bideoarekin eta, beharbada, online irakaskuntzarekin: Big Blue Bottom eta Mozilla Popcorn.

Big Blue Button bideo konferentziak egiteko software libreko tresna interesgarri bat da. Horren bidez, besteak beste, bideoak grabatu, konferentzia publikoak egin, ikastaroak eman ditzakegu. Azken urteetan garapen interesgarria izan du, eta software libreko hainbat tresna integratuz, tresna baliagarri bat sortu du.

Mozilla Popcorn, aldiz, bideon gainean informazio gehigarria txertatzeko tresna interesgarria da. Proiektu horrek bideoetan jarioetako mezuak, komentarioak, txioak sartuz istorioak kontatzeko era elkarreragile eta berritzaileak sortu nahi ditu. Haren plataformara bideoak igoz, gainera, guk sortutakoa besteen eskura jarri eta hori ere berrerabiltzeko aukera izango du edonork.

Mozillaren moduko erakundeen lana oso garrantzitsua da gaur. Azken batean, bere lana irekitasuna, berrikuntza eta batez ere aukera berdintasuna posible egitea bilatzen duelako. Horregatik Internet eta teknologiaren testuinguruan software libre eta estandar irekien erabilera. Posible al dira beste arlo batzuetan balio komun horien alde egingo duten fundazio edo erakundeak sortzea? Beste arlo batzuetan ere horrelakoak sortzen hasteko eztabaida behintzat gauzatu behar genuke, baina prest gaude horretarako?

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak: