Tag Archives: open data

Datu ezjakintasun kontzientetik

0
opendata

Egilea: Richard Cyganiak | Lizentzia: cc-by-sa

Ikaskuntza prozesuan lau fase izan ohi direla esan ohi da: ezjakintasun inkontzientea, ezjakintasun kontzientea, gaitasun kontzientea eta gaitasun inkontzientea. Abraham Maslowk proposatutako sailkapen horrekin ados egon ala ez, argi dago edozein baieztapen serio egiteko garaian datuak garrantzitsuak direla.

Informazioa edo datuak izatea beharrezkoa da erabaki egokiak hartzeko, edo, behintzat, ezjakinak garela jakiten hasteko. Lurraldetasun ikuspuntu batetik, datuak izatea are garrantzitsuagoa da, jendartea ulertzen hasteko. Ez hori bakarrik. Datu horiek libreak badira, beste norbaitek erabili, ustiatu edo eraldatu eta aberastasuna, aplikazioak edo egitasmo berriak sor ditzake. Hori da zehazki Datu Ireki egitasmoekin (Open Data) lortu nahi izaten dutena.

Euskal Herriak, bere izaeragatik, arazoak izan ditu zazpi lurraldeak barnean hartzen dituen datu biltegi normalizatu bat izateko. Hala ere, badira informazio interesgarri partzialak ematen dituzten atariak Nafarroan (gobiernoabierto.navarra.es) eta baita EAEn ere (opendata.euskadi.net). Estatuek ere badituzte biltegi propioak Frantzian (data.gouv.fr) eta Espainian (datos.gob.es).

Euskal Herria oso-osorik kontuan hartuko zuen datu bildumarik ez genuen orain arte, baina Gaindegiak, Udalbiltzaren laguntzarekin, datuak.net ataria sortu berri du. Euskal Herriari buruzko datu fitxategiak modu irekian eta berrerabilgarrian eskaintzea dute helburu.

Horrekin batera, beste bi atari ere berritu eta martxan jarri dituzte: atlasa.net Euskal Herriko ekonomiaren eta gizartearen atlasa, eta euskalgeo.net Euskal Herriko datu espazialen azpiegitura. Gaindegiak egindako lan hori lehen harri garrantzitsua da etorkizunean datu horiekin lurralde mailako gauzak egiteko. Beharbada, esfortzu publikoak egin beharreko gauza bat beharko luke izan, baina, esfortzu publiko handiago baten faltan, Udalbiltzari eta zenbait udalei esker, ondare komunari ekarpen izugarria egin diote horrekin.

Oraindik batzuek zalantzan jartzen dute era horretako egitasmoen garrantzia. Ezagutza oinarri duen jendarte baten parte izan nahi baduzu, horrelako egitasmoak ere beharrezko ditugu. Ezjakintasun inkontzientea igarota, behintzat, ezjakintasun kontzientetik gaitasun kontzientera igarotzen hasteko.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

 

Gure esku dago

2
eduki_librea

Egilea: BrianLamb| Lizentzia: cc-by-sa

Orain dela urte batzuk, eduki askeei buruzko eztabaida bizia zen. Garai hartan, garrantzi berezia ematen zitzaion edukiak aske jartzeari. Esango nuke, nahiz eta joera global bat izan, euskaldunok ohartu ginela horren garrantziaz, eta arrakasta nahikoarekin jendeak garrantzia eman ziola. Iritzi soil bat izanik ere, badirudi azkenaldian gaia gure agendatik at utzi dugula apur bat.

Ez da eremu bakarra, behin baino gehiagotan aipatu izan dut softwarea eta, batez ere, sakelakoetako aplikazioetan ere gertatzen ari dela. Azken finean, Internet edo teknologiaren alorrean genbiltzanontzat eztabaida zentral bat zena bigarren mailako bihurtu dugula uste dut.

Argazkiak, dokumentuak, audioak, testuak eta, oro har, datu askeak izateak duen berebiziko garrantzia gogoraraztea ondo dator. Ingurunearekin konparatuz gero, produkzio txikiagoa duen komunitateak, edukien berrerabilpenean du aukerarik onena. Edukien askapena jarrera lehenetsi gisa sustatuz gero sortutakoa, edukiak birsor eta zabal daitezke.

Eztabaidan garrantzia kendu izanak, ez du esan nahi gero eta eduki libre gutxiago dugunik. Digitalean biltegiratzea merkea denez, ia beti izango da aurrekoan genuena baino gehiago. Gainera, pausoa ematea erabaki zuten hedabide, erakunde, norbanako eta besteek ez diote utzi lizentzia libreen pean argitaratzeari. Helburua, halere, gero eta gehiago izatea da.

Edukiarekin gauza berriak sortuko dituztenak ere behar ditugu. Eduki libreak baliatzea ere zabaldu beharreko jarrera da. Gure argazki batek Wikipediako artikulu bat hobetzeko balio badu, adibidez, balio bikoitza ematen diogu artikulu horri. Alde batetik, hobetu egiten dugu, eta, gainera, beste norbaitek horren gainean zerbait hobea egin dezake.

Beraz, eduki librearekin gauza berriak sortzea interesgarria da, egindakoari bestelako erabilpen bat ematen zaiolako, hedapena. Berrerabilpen hori, gainera, izaera askea edo komuna duen eremu batean gertatzen bada, berrerabilpenaz gain balio erantsia ere badu sortutakoak.

Ea, bada, hitz hauek eztabaida plazan jartzeko balio duten. Bakoitza bere edukietatik has daiteke, bloga, irudiak, audioak, bideoak… Hori izan daiteke biderik errazena, beste erakunde publikoei zein pribatuei beste horrenbeste eskatzen hasteko. Hori, behintzat, gure esku dago.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

360°, ezer ez aldatzeko

2
I love data | Open Data eta Software Librea

Egilea: bixentro | Lizentzia: cc-by

Gauza berri eta ezberdinak egin nahi izatea oso gauza ona da. Horrela pentsatzen duten pertsonei esker gure jendarteak aurrera egiteko aukera du. Arlo guztietan dago berrikuntza txertatzeko aukera, baina berrikuntza ez dugu helburu huts bezala jarri behar. Helburu zehatz batzuk lortzeko hobetzen da ,eta horiek dira garrantzitsuenak.

Proiektu berri bat abiatzean, ilusioz «inork egin ez duen zerbait» egitea pentsatzen dugu. Errealitateak zaplastekoa eman —salbuespenak kenduta— eta zure aurretik beste norbaitek antzeko zerbait egin duela konturatu arte.

Hala ere, frustrazioan erori beharrean, zergatik ez baliatu? Sortuta dagoen hori hobetzeko bidetik hasi eta auskalo non buka daitekeen abentura. Historiako aurkikuntza eta berrikuntza asko horrela sortu dira. Chartreseko Bernardok ustez esandako, baina Newtoni edo Einsteini egotzi ohi zaien esaldi honek ondo laburtzen du metafora horren esanahia: «Nire ikusmena hain urrutira iritsi bada, nire aurreko erraldoien bizkar gainean igota nagoelako da».

Lehen adibidea Municheko Udalak (Alemania) 2005ean GNU/Linux mahaigain batera migratzeko proiektua hasi zuen. Zortzi urteren buruan dituzten 15.000 ordenagailuetatik, 14.000 jada migratu dituzte, eta bertan zituzten sistema pribatuak libreekin ordezkatu. Beste zenbait aplikazio eta ofimatika tresna ere aldatu dituzte bidean. Orain OpenOffice LibreOfficekin ordezkatu nahi dute. Bidean 10 milioi euro aurreztu dituzte.

Bigarren adibidea CKAN datu publikoak irekitzeko tresna da. Erakunde, enpresa edo taldeek beren datuak publiko egin nahi badituzte tresna honek bidea errazten du. Datuak publiko egiteaz gain, bilagarriak, erabilgarriak, kontsultagarriak… bihurtzen ditu. Data.gov.uk atari ezagunak CKAN du oinarri, baina orain eskuragarri dago erabiltzeko.

Askotan berrikuntza ez da gauza handietatik hasten, gauza errealetatik abiatu eta bisio argi batekin lortzen da berrikuntza txikiak handiago bihurtzea. Ez dugu zertan beti gurpila asmatzen jardun behar, batez ere, gurpil karratuak egiteko arriskua handia delako.

Nik behintzat nahiago dut 180º biratzeko prest dagoen pertsona, ezer aldatuko ez duen 360º-ko buelta osoa egitea proposatzen duena baino.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak: