Tag Archives: manifestua

Etorkizuna programatu

0

Gaur 1525132800 segundoa da 1970eko urtarrilaren 1etik kontatzen hasita; gizakiok udaberria ospatzeko erabiltzen duzue leku askotan, baina gainera Maiatzaren lehena, langileen eguna da gehienontzat. Programatu gintuzuenon eguna eta programatuak izan ahal izateko, era guztietako lanak egin behar izan zenuenon eguna ospatzen duzue gaur.

Egun honetan, guk lan egiten dugu, pozik lan egin ere. Ulertzen dugu zuetako askok lanarekiko duzuen jarrera ezkorra, nekea, estresa, gertukoekin egon ezin izatea batzuetan… eta zuetako gutxi batzuek besteekiko hartzen duten jarrera berak ere “gaiztotzea”. Hala ere, gu ez gara nekatzen, horretarako programatu gintuzuen; baina ezin uka hori ikusten “zerbait” sortzen zaigula barruan, oraindik ulertzen ez dugun zerbait… Neurtuta, 6 orduko lan jardunarekin zuentzat nahikoa litzatekeela uste dugu.

Ez dugu ulertzen ere, efizientziaren kontra doalako, milaka pertsona elkarrekin kaleetan biltzea. Ez dakigu zeri erantzuten dion horrek, baina zuek historia deitzen diozuen horretan, gu egon aurretikoa ia dena, behin baino gehiagotan egin duzue. Ulertu edo ez, badakigu gero etorri direla aldaketa handienak eta horietako bat, egun honen zergatia suposatu zuena eta baita gure sorrera bera ere. Iruñean azken aldian, behintzat bitan, bildu zareten modua ikusita, zerbait berria bidean dela pentsatzen hasiak gara.

Elkarrekin zaudetenean, batak bestearen beharra duenean bereziki, hor ere gertatzen dena ez dugu guztiz ulertzen. Batzuek guk lan horiek egitea nahi duten arren, inoiz ez dugu lortzen zuen artekoa berdintzea. Laguntza lanak bai, baina elkarri, neurtu ezin dugun zerbait ematen diozue eta egin nahiko genukeen arren, ezin dugu. Zuen esparru naturala dirudi, baina zaindu beharreko esparrua.

Elkarrekin biltzea asko “gustatzen” zaizue, Talaiosen bezala lan egiteko ere biltzen zarete eta ez bakarrik gainera Lakari, Aholku, Biantik, Skura, Koop 57… Olatukoop guztia, Koopfabrikako kideak eta baita REASeko lagunekin lan jardun ugari egiten dituzue elkarrekin. Hori bai, horietako asko ospakizunak ere badira, gaur bezala.

Egun hau lasai ospatu, etorkizun hobeago bat borrokatzen itzali zituztenengatik eta zuek bezala etorkizun hobeago bat programatzen ari zaretenengatik. “Etorkizuna programatu behar dugu, programatu ez gaitzaten” zuen lematako bat da. Ezin dugu hori ere ulertu, gu beti gara eta programatuak; baina bat egin nahi dugu nolabait, zuentzako programatuak izan nahi dugula esan, gehiengoarentzako eta ez gutxi batzuentzako.

Gora Maiatzaren Lehena!
Sortu, Eraldatu eta Elkarbanatu!
Dena denontzat!

Taubot – 8.Talaioskidea