Tag Archives: kooperatibismoa

Lan eta bizitzeko ekoizpen baliabide komunak sortu eta elkarbanatu

0

Maiatzak1erako

Maiatzaren lehena, lanerako eta bizitzarako baldintza hobeak lortzeko langileon borroka eguna izan da eta horrela izaten jarraituko du. Talaios kooperatiban lan egiten dugun kideok argi dugu eguneroko jardunean hori dela gure helburua, modu duinean lan egin eta hobeto bizitzeko aukerak sortzea, guk sortzea.

Lan eta eta bizitzeko moldeak guk erabaki nahi ditugu, eta horretarako beharrezkoa da bi aldeei bakoitzak duen garrantzia emate, lana eta bizitza, eta biak uztargarri egitea. Bateragarriak izateko eta lanaren bideragarritasuna eta bizigarritasuna bermatzeko, beharrezkoak dira bi elementu kontuan izatea garrantzia estrategikoa emanez: langileon arteko elkartasuna eta ekoizpen baliabideen jabetza.

Langileon arteko elkartasuna ez da dimentsio bakarrekoa. Talaiosen elkarrekin lan egiten dugunok, elkarren arteko zaintza moduan ikusten dugu, guretzat bizitzarako beharrezko diren baliabideak sortu eta elkarbanatzeko ekintza moduan, aberastasuna banatuz, ez soldataren bidez bakarrik. Gurea bezalako beste kooperatibekin interkooperatzeko moldeak ere badira elkartasuna, eta haiekin batera mutualismo esperientzia berriak aztertu eta garatu nahi ditugu Olatukoopen baitan. Baina guretzat nahi ditugun lan eta bizitza baldintza hobeak besteentzat ere nahi ditugu, gure hurbilekoentzat, baina baita Euskal Herriko eta munduko langileentzat. Horregatik langileen lan eta bizitzarako eskubideen aldeko borrokekin bat egiten dugu, gure indar eta baliabideak eskainiz, oparotasuna denontzat izan dadin.

Elkartasun helburu hauek lortzeko hautu argia egin dugu Talaios Kooperatibako langileok. Ekoizpen eta kontsumo baliabideak kooperatibizatu ditugun langileak gara, eta bide honetan sakontzen jarraituko dugu, bizitzarako eta lanerako beharrezkoak diren baliabide komunak sortu eta elkarbanatuz, jabetza sozializatuz.

Langileon emantzipazioa lortzeko bidean estrategia eta borroka eredu ezberdinak izan dira eta izango dira. Guk hasi dugu bidea Ekonomia Sozial Eraldatzailea zabalduz. Beharrezkoa izango da beste bideekin ere bat egitea. Horregatik eguneroko emantzipazio borroka txiki eta handietatik, gure lurraldeetatik eta mundutik, eraiki dezagun langileok lan egiteko eta bizitzeko merezi dugun etorkizuna.

Gora Maiatzaren Lehena! Sortu, Eraldatu eta Elkarbanatu! Dena denontzat!