Tag Archives: komunak

Eraldaketarako hiru ideia solte eta proposamen zehatz bat

0

OlatuKoopTalaios kooperatibako kideak garapen ekonomikoari loturiko hainbat eztabaida, bilera, eta partehartze prozesuetan izan gara azken urte honetan, gaiak arlo ezberdinetan sortzen duen kezka eta interesaren erakusgarri.

Saio guzti hauetan gure ideiak azaldu eta zabaldu ditugu, kasu bakoitzean zegokion moduan. Orain berriz, azken hilabeteetan landu ditugun hiru ideia eta proposamen zehatz bat publiko egin nahi ditugu, interesa izan dezakeenak landu, garatu edo gurekin eztabaida ditzan.

Esan beharra dago ere BakalHau irlako biztanleek eskaini dizkiguten ideia, laguntza eta eztabaidarako espazioak ezinbestekoak izan direla lan honen garapenean.

[ePub] Eraldaketarako hiru ideia solte eta proposamen zehatz bat [pdf] Eraldaketarako hiru ideia solte eta proposamen zehatz bat

Sortu, eraldatu, elkarbanatu!

Ekuadorea

0
Iturria: Floksociety.org | Lizentzia: cc-by-sa

Iturria: Floksociety.org | Lizentzia: cc-by-sa

Software librearen aldeko hitzak egin dituzten estatu eta botere publikoak asko dira, baina errealitatean aldaketa sakonak egin dituztenak, gutxi. Horietako beste bat izan zitekeen Ekuadorko Gobernua ere, baina ez da horrela izaten ari. Ekuadorko Gobernua erabaki sendoak ematen ari da sofware librea jendartean txertatzeko.

Rafael Correa presidenteak 2007an software librea erabiltzeko mezu tinkoa zabaldu zuenetik , ekimen asko egin dituzte.

Funtzionarioen ordenagailu askok OpenOffice erabiltzen dute orain, baita Zimbra posta elektronikoa kudeatzeko zerbitzua ere. GNU/Linux ere instalatu dute Asanblea Nazionalaren ordenagailu gehienetan; hasieran OpenSuse eta orain Ubuntu. Urrunago ere joan nahi izan dute, eta bozketa sistemak kontrolatzeko eta gobernu eztabaiden kudeaketarako eCurul sistema erabiltzen dute.

Erabaki estrategiko bat da, eta hainbat puntutan laburbiltzen du bikain Ximena Amoroso, Ekuadorko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza idazkariordeak:

Komunitateak egindakoa da, era horizontal, kooperatibo eta gardenean garatzen da; balio gehigarria du; erabilpenari mugak ezartzen dizkioten beste ereduen aurrean tokiko ekonomia sustatzen du, mantentzea gertuko enpresekin aurrera eraman daitekeelako; subiranotasun teknologikoan aurrera egiteko ezinbestekoa, neokolonialismo teknologikoaren aurrean autonomia eskuratzeko. Eraldaketarako tresna estrategikoa da, eraldaketa sozial edo produktibo benetako batek beharrezko duen kohesio soziala lortzeko hizkuntza, kultura eta irisgarritasuna kontutan hartzen baititu.

Ezagutza eta software librean oinarritutako jendarte bat osatzeko oinarriak badaudela erakusten digu Ekuadorrek. Software librean ez ezik, adorea ez zaie falta herrialde honetako agintariei. Ekuador da Amerika osoan ezagutza libre eta irekian osatutako jendarte eredu berri batean lan egiten ari den bakarra.

Orain arte baliabide teknologikoen alorrean gutxien garatu diren tokietan agertu dira horrelakoak. Ekuadorrera begira egon beharrean nahiago nuke gureari buruz hitz egin, baina batzuetan ikasgaiak beste toki batzuetatik datoz.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Gure esku dago

2
eduki_librea

Egilea: BrianLamb| Lizentzia: cc-by-sa

Orain dela urte batzuk, eduki askeei buruzko eztabaida bizia zen. Garai hartan, garrantzi berezia ematen zitzaion edukiak aske jartzeari. Esango nuke, nahiz eta joera global bat izan, euskaldunok ohartu ginela horren garrantziaz, eta arrakasta nahikoarekin jendeak garrantzia eman ziola. Iritzi soil bat izanik ere, badirudi azkenaldian gaia gure agendatik at utzi dugula apur bat.

Ez da eremu bakarra, behin baino gehiagotan aipatu izan dut softwarea eta, batez ere, sakelakoetako aplikazioetan ere gertatzen ari dela. Azken finean, Internet edo teknologiaren alorrean genbiltzanontzat eztabaida zentral bat zena bigarren mailako bihurtu dugula uste dut.

Argazkiak, dokumentuak, audioak, testuak eta, oro har, datu askeak izateak duen berebiziko garrantzia gogoraraztea ondo dator. Ingurunearekin konparatuz gero, produkzio txikiagoa duen komunitateak, edukien berrerabilpenean du aukerarik onena. Edukien askapena jarrera lehenetsi gisa sustatuz gero sortutakoa, edukiak birsor eta zabal daitezke.

Eztabaidan garrantzia kendu izanak, ez du esan nahi gero eta eduki libre gutxiago dugunik. Digitalean biltegiratzea merkea denez, ia beti izango da aurrekoan genuena baino gehiago. Gainera, pausoa ematea erabaki zuten hedabide, erakunde, norbanako eta besteek ez diote utzi lizentzia libreen pean argitaratzeari. Helburua, halere, gero eta gehiago izatea da.

Edukiarekin gauza berriak sortuko dituztenak ere behar ditugu. Eduki libreak baliatzea ere zabaldu beharreko jarrera da. Gure argazki batek Wikipediako artikulu bat hobetzeko balio badu, adibidez, balio bikoitza ematen diogu artikulu horri. Alde batetik, hobetu egiten dugu, eta, gainera, beste norbaitek horren gainean zerbait hobea egin dezake.

Beraz, eduki librearekin gauza berriak sortzea interesgarria da, egindakoari bestelako erabilpen bat ematen zaiolako, hedapena. Berrerabilpen hori, gainera, izaera askea edo komuna duen eremu batean gertatzen bada, berrerabilpenaz gain balio erantsia ere badu sortutakoak.

Ea, bada, hitz hauek eztabaida plazan jartzeko balio duten. Bakoitza bere edukietatik has daiteke, bloga, irudiak, audioak, bideoak… Hori izan daiteke biderik errazena, beste erakunde publikoei zein pribatuei beste horrenbeste eskatzen hasteko. Hori, behintzat, gure esku dago.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak: