Tag Archives: irlen sarea

Amigurumien bidetik

0
Amigurumiak

Egilea: Unai Gorrotxategi | Lizentzia: cc-by-sa 

Amigurumiak japoniar jatorria duten panpinak egiteko kakorratz-lanak dira. Adibide konplexuagoak erabili beharrean, panpina hauekin azalduko dut gertatzear dagoen aldaketa garrantzitsu bat.

Panpina hauek egiteko teknika apur bat ikasi behar da, beste gauza askotan bezala. Hori ikasi ostean, nahikoa da leku askotan eros daitezkeen tresna sinple batzuekin panpinak egiten hasteko. Hutsetik panpina bat egiten hasi? Bai, baina ez da ohikoena izaten. Komunitate zabal bat dago munduan panpina horien inguruan. Horri esker, panpinak egiteko patroiak, hobeto esanda algoritmoak, erraz lor daitezke sarean, http://greatamigurumi. blogspot.com eta http://patronesamigurumi.org dira bi adibide.

Ezagutza, beraz, errepositorio publiko edo erdi publikoetan aurki daiteke era digitalean. Sukaldaritzan errezetak bezala edota software librean kodea, hemen panpinak egiteko jarraibideak ditugu. Nolabait horiek ere errezeta edota kodeak dira, baina horien emaitza gauza fisikoak dira.

Noski, horretarako, pertsona batek ezagutza, azken finean horixe baita, bihurtu behar du gauza fisiko. Artisautzak oraindik ere, eta beharbada orain gehiago, bere xarma mantenduko du, baina aldaketa hortxe dago. Erraz lor daitezkeen tresna teknologikoen bidez norbanakoek ere gauza asko publikoa den ezagutza digitalarekin gauza fisikoak sortu ahal izango ditugu.

Aste hauetan 3D inprimagailuak asko aipatu izan dira prentsan Liberator inprimagarria den arma dela eta. Batzuek anekdota horrekin gelditu nahiko dute, beste batzuek, kriminalizatzeko erabili, baina benetan aldaketa handi baten beste adibide bat da. 3D inprimagailuetara mugatuz soilik, Oiartzungo Tumaker proiektua hortxe dugu. Iturri irekiko 3D inprimagailu horrek, gainera, beste batzuekin alderatuz, hobekuntza batzuk ere baditu, eta hemen sortu dute. Batez ere hezkuntza alorrean, sormen eremuetan eta ikerketa zentroetan erabilgarria izan daitekeen tresna bat garatu dute.

Gurea bezalako ekonomia industrial batean ere aukera interesgarriak ematen ditu horrek, eta ez naiz 3D inprimagailuez bakarrik ari. Beharrezko ezagutza badugu edo izan dezakegu; prototipo digitalak metatzeko biltegiak sortzeko aukera ere; tresnak eta baliabideak ere asko merkatu dira. Zergatik ez bide honetan pausotxo batzuk ematen hasi?

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Txiki izatearen aukera

0

lupulu_garagardo_ekoizpena

Topatu.info irakurtzen ari nintzela garagardo autoekoizpenari buruzko artikulu batekin egin dut topo. Aspaldikoa da garagardo autoekoizpenaren kontua, baina orain gero eta gehiago dira era amateur, semi-profesional edo profesionalean honetara dedikatzen direnak.

Kasualitatez edo, Lupulu.com ere martxan jarri da azken aste hauetan. Oraingoz, etxean garagardoa egiteko materiala eta lehengaiak saltzen dituzte. Errezetak ere, software librean bezala, irekiak dira bakoitzak nahi duen bezala erabiltzeko eta hobetzeko aukerarekin.

Webgune horretan bertan jada Euskal Herrian dauden mikrogaragardotegien webguneak aurkitu ditut. Gurean sei behintzat badirela jakiteak asko harritu nau. Harridura pasatu zaidanean, berriz, arlo askotan gertatzen ari den fenomeno baten aurrean gaudela iruditu zait.

Alde batetik, ezagutza asko zabaldu da Interneti esker. Garagardoaren kasuan, beharbada, lehendik ere bazegoen horrelakorik, baina beste hainbat alorretan, behintzat, ezagutza horien zabalkunde teknologiaren ondorio zuzena da.

Beste alde batetik, baliabideak ere asko merkatu dira. Produkzio txiki batek bizirik irauteko edo soilik existitzeko bihurtzen zuten faktoreak murriztu dira. Maila pertsonalera edo eremu txikiko merkatuetan ezberdinak diren produktuak sortzeko eta merkaturatzeko aukera emanez.

Azkenik, komunikazio eta salmenta kanalak ere asko hobetu dira. Saldu eta erosi nahi duenari erraztasunak emanez hori posible egin ahal izateko.

Kultura aldaketa baten zantzuak ere erakusten ditu. Kontsumo lokaletik harago, produkzio lokala ere sustatzeko aukerari ateak irekitzen dizkion kultura bat. Produkzio pertsonala oso interesgarria izanik ere, mikrofabrikak dira niretzat interesgarrienak. Behar gertuagokoetara eta interes komertzialentzat ustiagarriak ez diren tokietara iristeko aukera ere badutelako; baina, batez ere, hartzen duten tamainak esperimentatzeko aukera ematen dielako.

Txiki hasi denak esperimentatzeko eta berritzeko aukera badu, handiago izateko aukera ere izan dezake. Horretarako, noski, handi izateko gogoa ere izan behar dute, eta batzuek ez dute inoiz izango. Behintzat, orain, handi izatea aukera bat da, eta ez behar edo arrakastaren neurgailua. Hau bai benetako berrikuntza.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Ziklo berria

7
kondratieff eta hanpatze zikloak

Beste ziklo garrantzitsu batzuk Kondratiev eta Hanpatze zikloak (Wikipedia)

Internet, beste arlo batzuk bezala, botere esparruak lortzeko leku bilakatzen ari da. Urte askotan askatasun eremu bakarrenetakoa izan denak gero eta zailagoa du kontrol horietatik ihes egitea. Hala ere, besteekin konparatuz, hasieratik posible egiten zuten protokoloak, hau da arauez osatutako gunea izaki, askatasuna ezagutzeko aukera eman digu, eta horri kontra egitea zaila izango da.
Kontrolatzeko saioak etengabeak dira, eta gaur egun, esparru txikienetik handienera ikusten dira. Esango nuke ziklikoak ere badirela: askatasun irekiera berri baten ondoren, kontrol ahalegin bat dator. Blogek adibidez agenda banatu baten aukera ireki zuten, eta Interneteko sare sozialek, berriz, berriro ere agenda publikoaren informazio bitartekariei posizionatzeko aukera eman die.

Gailu mugikorren esparruan ere aldaketa garrantzitsuak izan dira. Biltegi batean dauden aplikazioak aukeratzea izaten da ohikoena, Android, iOS eta halako sistema eragile berrietan. Instala daitezkeen aplikazio baimenduen gune bakarra bilakatzen dira biltegi horiek, eta bertan ez daudenak instalatzen ezinezko edo oso zailak bihurtu.

Mota horretakoak dira kontrola eskuratzeko era berriak. Erabilera erraztasuna aitzakiatzat hartuta, beharrezkoak izango ez liratekeen monopolioak sortzen dira. Beharbada, tresna horietatik kanpo ere aplikazioak eskuratu eta instalatzea lor dezakezu, baina, betiere, zailagoa izango da.

Hala ere, badirudi hau aldatzen ari dela, eta gailu mugikorren adibidea hartzen badugu, hor nabarituko dugu argien. Firefox OS eta gailu mugikorrentzako Ubuntu sistema eragile berriek irekitasun apur bat gehiago ekar dezakete. Aplikazioak sortzeko erabiltzen dituzten teknologiak behintzat estandarragoak dira (HTML5, CSS3 eta Javascript batez ere). Horien arrakasta ikusteko dago, baina argi dago eztabaida piztuko dutela.

Gailu mugikorren alorrean eta teknologia berdinekin oraindik eremu libreenetako bat web-a bera da. Responsive diseinu ereduari esker webgune bera hainbat gailutara egokitzeko aukera dago. Benetan gailu mota gehienentzat estandarra eta inongo bitartekaritzarik gabeko eredu bakarra oraingoz.

Ziklo berri baten atarian gaudela uste dut. Batzuek blogak hiltzat eman zituzten, baina badirudi horiek zutik ziklo berriaren sarrera erakusteko gelditu zirela.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Bizitza jokoan

4

Joko bihur daiteke edozer? Edozer beharbada ez, baina jokoen bidez sortzen den atxikimendua izugarria dela argi dago, eta horrek asko balio du. Hainbeste da horren balioa, ezen munduko enpresa eta erakunde asko gamification deiturikoari garrantzi handia ematen hasi dira. Gamification terminoa jokoen teoriak eta mekanikak jokoetatik kanpoko arloetara aplikatzean datza. Estrategia argia da, jokoek dituzten zenbait baliabide erabili jendea erakartzeko eta atxikitzeko.

Joko guztiek dituzte arauen bidez eta ezarritako beharrezko oztopoen bidez, beti lortu nahi izaten da ondo pasatzea, plazera sentitzea, parte hartzea sustatzea eta konpromezua adieraztea. Horretarako, hainbat estrategia daude. Gehien erabiliak: gauzak bilatzea, puntuak, sailkapenak, mailak eta erantzuna. Estrategia horiek guztiak oso indartsuak dira, eta gauza askotarako balio dezakete. Enpresa handi ezagunek ere baliatzen dituzte atxikimendua lortu ahal izateko; Nike, BBVA, Pepsi… Asko hasir dira estrategia horiek erabiltzen, markak indartzeko.

Interneteko sare sozialetan Foursquare izan daiteke teoria horiek hoberen ilustratzen dituena. Hor ibiltzen garen tokietatik joan, eta mezu bat argitaratzean joko batean parte hartzen egongo bagina bezala da. Beste batzuek egindakoa ikusten dugu, sariak jasotzen ditugu edota aukera berriak irekitzen zaizkigu (zozketak, deskontuak, aipamenak…).

gamification

Hala ere, joko teoria gamification estrategietatik harago doa. Informatikan eta ekonomian, adibidez, oso kontuan hartzen dira era horretako teoriak. Horregatik, informatikari askorentzat ez da berria; etika hacker-a, adibidez, horretan dago oinarritua. Bizitza erronka bat da, eta erronkaz erronka aurrera egin, oztopoak gaindituz lortzen da satisfakzioa. Batzuetan, besteen errekonozimenduagatik, baina beste batzuetan lan bat berriro errepikatu behar ez izanak eramaten du hacker bat bere interes propioagatik zerbait gainditzera.

Konbentzimenduz aurrera egiten dutenek, beharbada, ez dute estrategia horien beharrik, baina beste askoren atxikimendua bilatzeko baliagarri izan daitezke. Khan Academyk, adibidez, hezkuntzarako baliatzen ditu, baina zergatik ez bizitza bera joko bat bihurtu? Irudika ezazue une batez gizartea hobetzen lagun dezakeen joko bat, zergatik ez?

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak: