Tag Archives: Eusko Jaurlaritza

Mugarik gabeko liburuak

0

herriliburutegidigitala

Atzo, Liburuaren Nazioarteko Eguna, Katalunian Sant Jordi, sarean nabaritu zen. Liburuak erosi eta oparitzeko eguna bihurtu den honetan, Internetek gomendioak egiteko, aldarrikapenak hedatzeko eta eredu talkak azaleratzeko balio izan zuen.

Twitterren, jende askok, #GomendatuLiburuBat traola baliatuz, liburuak gomendatu zizkioten elkarri. Gogoko liburuaren izenburua, gomendio hitz batzuk akaso eta traola erabiliz, asko izan dira liburuak gomendatzeari ekin diotenak.

Kanal bera eta beste bide batzuk baliatuz, Bartzelonako FNACeko langileek beren egoera prekarioa salatzeko baliatu zuten eguna. Langileen %60 aldi baterakoak direla salatu dute, eta, ondorioz, batez besteko 500 euroko soldata dute. Horretaz gain, soldata jaitsierak, lan karga eta estres egoerak, lanez kanpoko bizimodua egiteko zailtasunak eta beste ere salatu nahi izan dituzte.

#NoSignisAlFNAC traolaren bidez, idazleei stand horietan ez sinatzeko eskatu zieten. 50 idazlek baino gehiagok bat egin zuten deialdiarekin, eta ez ziren bertaratu. Horretaz gain, egunean bertan #FNACenlucha eta #VagaFNAC ere zabaldu ziren. Horien bidez, grebaren arrakasta eta stand hutsen irudiak zabaldu zituzten.

Gertuago, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Editoreek (batzuek), liburu digitalak on line maileguan emateko akordioa salatzeko erabili zuten eguna. Akordio horren bidez, liburuak era digitalean mailegatzeko mugak ezartzen dituen sistemaren inposaketa salatu zuten. Aurrera badoa, hogei aldiz bakarrik mailegatu ahal izango da liburu bakoitza lizentzia berritu gabe. Eusko Jaurlaritzak 2014an 25.000 lizentzia inguru erosi nahi ditu, 8.750 euskarazkoak eta 16.250 gaztelaniazkoak.

Orain arte behintzat liburutegietan ematen zen zerbitzu unibertsala hautsi nahi dutela salatu dute; bereziki larria, errazagoa behar lukeen garai digital hauetan. Horretarako, Herri Liburutegi Digitala egitasmoa martxan jartzeko proposamena egin dute (pastebin.com/sm3kVCmC). Proiektuak herri bakoitzean liburutegi birtualak kokatzea du helburu. Herriko toki jakin batean, plaza edo kale nagusi batetik gertu dagoen etxebizitza batean kokatzen den kutxa bat izango litzateke. Kutxa horrek, berak sortzen duen wifi konexio baten bidez, liburu digitalak deskargatu eta igotzeko aukera emango luke, mugarik gabe.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Estrategikoa

0

Gauzei behar zaien laguntza edo sostengua eman beharrean, konpromiso zehatzik ez emateko eufemismo bihurtzen ari da. Aurreko astean, Durangoko Azokako partaide guztiak, Gerediaga, guneetako koordinatzaileak eta industriako agenteak Eusko Legebiltzarrean Azokaren egoera ekonomikoaren larritasuna adierazi zuten. Elkartutako mahaian euskal kulturarentzako hain garrantzitsua eta «estrategikoa» omen den ekitaldi honentzako merezi duen diru laguntza jarraitua eskatzen zuten. Beste jaialdi batzuei ematen zaiona baino, askoz gutxiago.

Mahaian EH Bilduk eta PPk jarrera positiboa erakutsi zuten; PSE-EEk Azoka ezagutuko ez balu bezala gaztelerazko edukiei erreferentzia eginez erantzun zuen; EAJk, labur, aztertuko zutela adierazi. Bada, EH Bilduk eskatu duenean, eskatzen zen adinako emergentziarekin laguntza tramitatzeko, EAJk, PSE-EEk eta PPk indarrak batu eta laguntza ukatu diote.

Bigarrena, 2008an Eusko Jaurlaritzak gaztelania->euskara itzultzaile automatikoarentzako lehiaketa publikoa atera zuen, 395.000 euroko aurrekontuarekin. Lau enpresa lehiatu ziren eta Lucy Software, Siemensetik ateratako software enpresak eraman zuen bere teknologia pribatiboa hobea zela iritzita.

Parlamentuko galdera bati esker jakin da (http://tinyurl.com/ durangoitzul) lehiaketa publikorik egin gabe, euskara->gaztelania (700.321,58 euro) eta ingelesa->euskara (369.904,80 euro) itzulpenak gehitu zaizkiola. Eredu librea bultzatzen zuten unibertsitate eta enpresak zeudela jakinda amorru gehiago ematen du oraindik. Proposatutako soluzioa, hasieran hobea ez balitz ere, ziur diru kopuru hori jaso ondoren hobea litzatekeela eta librea.

Software librearen garapena eta hizkuntza teknologien industriaren sustatzea behin baino gehiagotan «estrategiko» bezala definitu izan dira euskal erakundeengatik. Erabakietan software, datu eta eduki libreak balioztatzen ez badira, inoiz ez dute merezi duten garapena izango.

Eta dokumentuan software libreari egiten zaion mespretxua erabatekoa da. Beldurra, ezjakintasuna edota ikuspegi «estrategikorik» ez dutenen ahotatik bakarrik atera daitezkeen hitzak. Amorrua, ez soilik libre izan zitekeena pribatibo bihurtzen delako, baizik eta urtero morrontza hori berritzen dutelako.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

#etorkizunagaur

0
Egileaç: Laukatu | Lizentzia: cc-by-sa

Egilea: Laukatu | Lizentzia: cc-by-sa

Eguraldiaz hitz egiten dugu, zerbait berezia delako garaiotan eguzkia ez ateratzea, ohiko bihurtzeraino. Sentsazio bera daukat azkenaldian, lehen arraroak ziren gauzak orain eguneroko bihurtu direla. Snowden auzia-rekin gertatzen ari dena azken atala besterik ez da.

Egunero iraultza batekin esnatzen gara; esanahia ere galdu du hitzak. Iraultza gauzak errotik aldatzea dela ahaztuta edo, jada edozeri deitzen diogu. Boterean daudenak ordezkatzea mugimendu hiritarren bidez edota estatu kolpe bidez ez da iraultza bat, baldin eta gauza gehiagorekin batera ez badator. Azken benetako iraultza, beharbada, poltsikoan duzun sakelako horrek eragin du, zalaparta handirik gabe. Hori bai, Turkia, Brasil eta Egipton berriro ere gauzak harrotuak daudela ere egia da.

Orain arte ukiezinak ziren lege eta nazioarteko itunak ere apurtzen ari dira. Jada ez da arraroa enbaxada batean mikrofonoak jartzea, pertsona bat urteetan bertan hesitua edukitzea, ustez diplomatikoak diren pertsonen eskubideak urratzea…

Herrialdeen ustezko burujabetza aspaldi dago kolokan, baina kolokan baino gehiago, erabat zapuztuta dagoela dirudi. Herrialdeek Europan guztiz demokratikoak ez diren zenbait egitura ekonomikoren pean egotea nahikoa ez balitz. AEBak inperio eta metropolien arteko harreman batean egongo balira bezala, Europako erabaki garrantzitsu asko baldintzatzen ditu. Azkena, Boliviako lehendakariaren hegazkina gelditu eta bahitu dute. Irudiko luke koloniak Europan daudela, eta beharbada horrela da.

Gauza asko denbora gutxian, ezta? Ezagutzen dugun mundua kolokan dago; beste zerbait jaiotzen ari da. Dena zalantzan jarri behar zela ziotenek orain dute hori benetan sinisten zutela adierazteko aukera.

Gaur garrantzia gaurkotasunak du. Niretzat ere horrela da, eta hori bilatzen dut gehienetan, baina eta etorkizuna irudikatzen hasiko bagina? Gaurko parametroekin etorkizuna irudikatzera jolastuko bagina?

Atzo Twitterren bi txio hauek bota nituen Evo Morales aferaren harira:

Animatzen zara?

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak: