Tag Archives: EFF

PRISMatikotik

0
prism_slide

Iturria: The Guardian

Interneten pribatutasunaren kezka dugunok orain argitu den PRISM bezalako proiektuak era batera edo bestera ezagutzen genituen. Edward Snowden zabaldutako informazioek argi utzi dute informazio hauek benetakoak direla eta ez direla konspiranoia ez alarmismoa ere, estatu totalitario ezkutu baten arma berriak baizik.

Ez dakienarentzat, PRISM AEBen espioitza tresna bat da. Tresna horren bidez, Interneteko zerbitzu ohikoenetatik igarotzen den informazioa jarraitzeko aukera dute. Microsoft, Yahoo, Google, Facebook, YouTube, Skype, Apple…

Edwardek hiritar ororen aurkako espioitza salatzea erabaki du. Bere lana utzi, Hong Kong-era ihes egin eta PRISM ezagutaraztea erabaki du. Arazoa gizarteratzea behintzat lortu du: informazio horiei esker, kanpainak martxan jartzen hasi dira eta alternatibak ere ezagutzen.

Hala ere, oraindik bada jende asko bere pribatutasuna oparitzeko prest dagoena. Nik ez dut ezer egiten, eta berez… Arazoa ez da bakoitzak har dezakeen erabakia, baizik eta lehenetsi bezala eta askatasunaren gainetik gu jarraitzea inongo kontrolik gabe.

Pena da, baina arazoa AEBetan eta beren hiritarrekiko espioitzaren harira ezagutu da. Gertuago, Espainiako Estatuan aspaldi kontrol judizial gabeko traza pribatua martxan da, eta Frantziako Estatuan ere badira horrelako neurriak.

Hala ere, zabaldu diren fitxategien artean bada beste gauza interesgarriago bat. Sarean datuek hartzen duten bidea ez da motzena ezta azkarrena ere, bide merkeena hartzen dute. Hau da azpiegiturak eta horren kosteak erabat baldintzatzen dute informazioaren bidea. Horren ondorioz, informazioak hartzen duen bidea errazago kontrola daiteke, AEBetatik pasako dela ziurtatuz.

Internet, berez era banatuan funtzionatzeko egina dago, mila bide ezberdin eta asmatzen zailak izan daitezke datuak eramateko. Erasoei erantzuteko diseinatua zegoen hasieratik, baina gure gizartearen balioek ere kutsatzen dute hau ere.

Kontrol osoa eskuratzea oraindik zaila da; kontrol osoa izatearen irudia ematea, aldiz, posible da. Informazio horiek lehen klabean ulertu behar ditugu, zer dagoen ezagutuz, baina kontrol osoa eskuraezina dela jakinez. Batez ere, beste aldean ere pertsonak gaudelako.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

«PRISMa» poliedrikoa

2

PRISM espioitza zerbitzuari buruzko albisteek mundua zeharkatu dute asteotan eta ez da gutxiagorako. Probak falta genituen, baina Edward Snowdenek argitara emandako informazioei esker Interneteko zerbitzu garrantzitsuen bidez ere espioitza egiteko balio duen tresna ezagutu dugu.

Edward Snowden CIArentzat eta AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalarentzako lan egiten zuen gazte bat da. Soldata aparta, familia eta bizimodu ona zituen, baina guztia kolokan jarri eta ezagutzen zituen zenbait informazio argitara ematea erabaki du. Hong Kongera ihes egin eta bertatik erabaki du informazio horiek zabaltzea.

Ez du famatua izatea helburu, nahiz eta hori saihestea ezinezkoa izango zaion dagoeneko. Berak emandako elkarrizketa batean, indarrean den espioitza orokor eta indiskriminatuarekin bukatzeko gogoa azaldu du. Barne beharrak eraman du Edward egin duena egitera.

Momentuz, aurkezpen baten zenbait diapositiba bakarrik ezagutu dira, baina informazio gehiago ere egon daitezke ate joka. Hala ere, ezagututakoa nahikoa izan da hautsak harrotu eta Microsoft, Yahoo, Google, Facebook, You Tube, Skype edota Apple bezalako enpresen inplikazioa azaleratzeko. Noski, gehienek kaleratutakoa ukatu egin dute, eta, egia esan, ez dago oraindik batere argi nolakoa izan den enpreson parte hartzea aferan honetan.

Hori bai, Snowdenen keinuak sarean zalaparta handia sortu du. PRISM programa bertan behera uzteko eskatzeko kanpainak abiatu dira dagoeneko. Horien artean ezagunena Stop Watching Us dugu, eta, sustatzaile nagusienen artean, besteak beste, Mozilla, Reddit edota EFF Electronic Frontier Foundation daude.

EFF aspalditik horrelako eskubide urraketen aurka lanean diharduen fundazioa da. Bere webgunean mezu elektroniko bidezko beste salaketa ekimen bat ere proposatzen dute, eta, horrekin batera, PRISM oztopatu edo saihesteko bideak eskaintzen dituen webgune informatibo bat ere.

Kanpainaren beste sustatzaile garrantzitsu bat Mozilla fundazioa da. Bereziki garrantzitsua da Mozilla, software libreko Firefox nabigatzaile ezaguna aurrera ateratzen duen fundazioa baita. Batzuetan zalantzan jarri ohi da Firefoxen ekarpena, Chrome bezalako nabigatzaileen aurrean. Kasu honetan argi geratu da bataren eta bestearen interesak zeharo ezberdinak direla; hala, Firefox PRISM programaren aurkako kanpaina sustatzen ari den bitartean, Chromeren sortzailea den Google auzian zuzenean inplikatuta dago.

Bada, hala ere, gustatzen ez zaidan ikuspuntu anglosaxoi bat honetan guztian. Alde batetik, egindakoaren tamaina ikusita, eskariak, horixe dira: eskari. Batzuetan, gainera, eskasak benetan. Gertatutakoari buruzko informazioa eskatzera soilik mugatzen dira eskariotako asko. Beste alde batetik, AEBetako herritarrak espioitzaren jomuga izan zitezkeelako lehertu da guztia. Erreklamazio asko ere hortik doaz, AEBetako herritarren eskubideak bermatzea eskatuz. Horrelako neurri batek ez du mugarik, AEBetako herritarren eskubideak bermatuta baleude ere, nahikoa litzateke kanpoko estatu batek berdina egin eta AEBei datuak ematea. Arazoa globala da, ez etxe barrukoa.

Hala ere, argi utzi behar dugu gure inguruan horrelako legeak ezagutu izan ditugula. Are gehiago, orain dela urte asko aplikatzen ari zaizkigu, bai Espainian bai Frantzian. Gai hauekiko kezka hedabideek AEBetan gertatutako zerbait azaleratzean bakarrik baldin badugu, jai dugu. Horren erru osoa guk dugu!

Edward Snowdenek egin duena ez litzateke delitu izan behar, azken finean, AEBetako legeen aurka eginez, ezkutuan, herritarrak zelatatzen ari direla salatu baitu. Besterik ez. Internet aske mantentzen saiatu izana da leporatu ahal dakiokeen gauza bakarra. Internet aske bat izan gabe, gauzak aldatzea zailagoa izango da. Horra hor ekimenon balioa.

Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.

Erlazionatutako bidalketak:

Hollyweb

1
Egilea: | Lizentzia: cc-by-nd

Egilea: fsf.org | Lizentzia: cc-by-nd

HTML5-i buruz asko hitz egiten bada ere, oraindik ez dago amaituta. Orain arte web orriak egiteko erabili izan den espezifikazioak bide luzea du oraindik egiteko.

Nabigatzaile berrienek jada inplementatua dute unean uneko HTML5 espezifikazioa, eta, horren ondorioz, gauza gehienak jada erabil daitezke. Azken eztabaida, aldiz, kopiaren kontrako DRM (Digital Rights Management) edo Eskubide Digitalen Kudeaketa sistemak sortu du.

HTML espezifikazioan hori sartu edo ez eztabaidatzen ari dira. Harrigarria bada ere, Tim Berners Leek —protokoloen irekitasuna defendatu eta webaren sortzailea da— horren alde egin du. SXSW konferentzian horri buruz galdetu, eta DRM gehitzeko aukeraren alde egin zuen.

Google eta Microsoft, bi nabigatzaile garrantzitsuen sortzaileak ere ados daude. Askotan ikusi dugu Google Internet aske baten aldeko ekintzetan; betiere, noski, haien interesarekin bat datozenean. Hori dirudi, behintzat, kasu honetan. DRMren aldeko jarrera hori ulertzeko beste biderik ez dago eta.

Aurkako mugimendua ere handia da, aktiboenak FSF (Free Software Foundation). HTML5-ean DRM ez jartzeko kanpaina abiatu dute ondoko webgunean: http://www.defectivebydesign.org/no-drm-in-html5. Hollyweb deitu diote DRM erabiliko lukeen web berriari, Hollywood osatzen duten enpresa pribatu handien mesedetan jokatuko lukeelako edo.

Argi dago, web hori osatzen duen protokoloan bertan DR txertatzeak orain artekoa erabat eraldatuko luke. Nire ustez, protokoloak ez luke gaitasun hori gehitu beharko, eta protokoloa beste gauza batzuetan hobetu beharko luke. Batez ere, DRMren erabilerak zuzenean eraso egin diezaioke webaren berezko funtsari, haren irekitasunari, murrizketa horiek txertatuz gero.

Eztabaida aurrera doan bitartean, halaxe doaz weba eta hari atxikitutako teknologia guztiak; WebRTC (Web Real-Time Communication) da horietako bat. Horri esker, lehen ez bezala, nabigatzaileen arteko konexio zuzenak egin ahalko dira gehigarririk gabe. Horrek, bideoa, audioa, fitxategiak… zuzenean erabiltzaile batetik bestera, bitartekari gabe bidaltzeko aukera emango luke. HTML5-ekin gertatzen dena garrantzitsua da, baina web irekian sinisten badugu, WebRTC izan daiteke web askeago bat sortzeko bidea, gure Hollyweb.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Guda hotsak sarean

1

internet_war

New York Times, Wall Street Journal eta Twitter erasotuak izan dira azken aste hauetan. Ustezko erasoak Txinatik omen zetozen, eta berriro ere ustez erasotzaileak ezagutza maila altukoak ziren egindako erasoek erakusten duten moduan.

Twitterreko kasuak, adibidez, erabiltzaileen pasahitzak (zifratuak badira ere) lortzeko aukera eman zien erabiltzaileei. Horren ondorioz, zerbitzuak erabiltzaile batzuk behintzat pasahitzak aldatzera behartu ditu.

Eraso horiek ezagutzera eman diren aste berean ere, jakin dugu AEBetako armada mando militar berri bat prestatzen ari dela. Horretarako, orain arteko indarren boskoitza erabiliko du egitura osatzeko. Unitate horrek, defentsa lanak egiteaz gain, eraso ekintzak ere egingo ditu. Hau da, guda eremu bilakatzera doaz Internet.

Orain arte horrelako ekintzak egin izan direnean ez dira era guztiz publikoan egin. Internetek eskaintzen dituen anonimotasun aukerak baliatuz, erasoaren iturria zein den ezkutatzea lor daiteke. Helburua orain era guztiz publikoak Internet ere borroka eremu bihurtzea da.

Ez dira bakarrak; beste hainbat herrialdetan ere era honetako neurriak hartzen ari dira. Israelen oso gaztetatik etorkizuneko ziber miliziak eraikitzen hasi dira. Europa ere estatuen arteko neurri bateratuak hartzen ari da. Bitartean, Txinak eta Errusiak ere oso egitura militar aurreratuak garatu dituzte.

Internet guda esparru bihurtzeak arazo larriak ekar ditzake eskubideen alorrean. Guda guztietan bezala, eskubideak oinarrizkoenak erasotuak izaten dira, eta hau ez da ezberdina izango.

Lortzeko, lehenik, aitzakia ezberdinak erabiliz indarrean dauden legeekin eskubideak murrizten saiatuko dira. orrek huts egiten badu, lege murriztaileak inposatzen saiatuko dira, beldurra mekanismo gisa baliatuz. Amaitzeko, horrek ere huts egingo balu, salbuespen neurrien bidez izaera militarrak, zibilari gailentzeko mekanismoak martxan jartzeko arriskua dago.

Informazioa esparru publikora hain garbi azaltzeak herritarrei zuzenean eragingo dion gaia izango dela argi uzten du. Horregatik, herritarrak eta teknologian eskarmentu apur bat duten pertsonek eskubideak eremu honetan ere defendatzeko prestatu beharko dute, urteetan Electronic Frontier Foundation erakundeak egin izan duen moduan.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak: