Tag Archives: donostia

Deaddrop, Piratebox eta Eraldalab

2
Egilea: | Lizentzia:

Egilea: Txapis Otegi | Lizentzia: cc-by-sa

Informazioaren gardentasunari buruzko eztabaida airean dago. Argi dago informazio askok pribatua behar duela izan, intimitatea, adibidez, hor dago. Baina zer gertatzen da informazio publikoarekin? Publikoa izan gabe ere, zenbait eremu pribatutako informazioak ere publikoa izan beharko luke? Eztabaida kalean da, baina teknologia beti bezala aurretik doa.

Frogatuta dago gardentasun legeak dituzten herrialdeetan legea izate hutsagatik zenbait delitu mota gutxiago izaten direla eta sozialki ere onarpen gutxiago dutela. Ez hori bakarrik, datuak publiko egiteak aberastasuna ere sor dezake; datu horiekin lan egin eta balio erantsia emango dioten pertsonak badaude.

Aski ezaguna da, hala ere, eremu pribatu zein publikoko erakunde eta pertsona askok —batez ere enpresa handi eta estatu aparatuetako pertsonek— gauza asko ezkutuan mantentzea lortu eta inpunitatez jokatzeko aukera izaten dutela. Aldiz, Wikileaksek anonimotasunean babestuz hauek ere kolokan jar zitezkeela erakutsi zigun. Hori bai, Bradley Manning eta Julian Assange atrebentzia ordaintzen ari dira oraindik.

Tresna zentralizatu bakarra izan ordez, milaka buzoi anonimo balira zailagoa litzateke informazio fluxu horiek guztiak kontrolatzea. Horixe da orain ezagutu den Deaddrop tresna.

Aaron Swartzek hil ondoren ere ekarpenak egiten jarraitzen du, bera izan baita beste segurtasun aditurekin batera tresna sortu zuena. Erabilpen zuzenak izan ditu jada kazetaritzaren munduan, New Yorker aldizkariak Strongbox buzoi anonimoa ireki duela jakin dugu.

Internet bidez informazio anonimoak bidaltzeko tresnez gain, badira trukerako baliatu daitezken beste buzoi anonimo fisikoak ere. Halakoa da Piratebox proiektua. Wifi router txiki baten barneko softwarea moldatuz, anonimoki elkarren artean fitxategiak trukatzeko, txatean jarduteko edo foro bat izateko aukera ematen duen tresna. Elkarlanean aritu behar duten taldeentzako tresna bikaina.

Piratebox probatu, gai hauei buruz eztabaidatu eta ekonomia elkarrekintzazkoaren inguruan eztabaidatzeko aukera ere izango da OlatuTalka barnean, larunbatean Donostian antolatu den Eraldalab ekimenean.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Firefox OSen keinua

4
ZTE Open and Firefox OS

Egilea: robpegoraro  | Lizentzia: cc-by-nc-sa

Informatikari Euskaldunen Bilkuraren 2013ko jardunaldia izan da Donostiako Miramonen. Aurtengoa informatikaren eta sakelakoen inguruan izan da, eta 250 pertsona baino gehiago elkartu gara.

Euskarak gai hauetan publikorik erakartzeko gaitasunik ez duela ezeztatzeko balio izan du. Sortutako interesa erabatekoa izan da, eserleku guztiak betetzeraino, eta, hara bildutakoek erakutsi duten bezala, gaitasuna ere sobera dago gure artean.

Bereziki, Julen Ruizen hitzaldia izan da interesgarria. Firefox OS sakelakoentzako sistema eragileari buruzko informazioa eman digu. Azken asteetan, Firefox OS albiste izan da, garatzaileentzako sakelakoak lortzeko aukera eman duelako.

Hala ere, hortik harago ere joan da Julenen hitzaldi erradikala. Erradikala, bai, baina ez bortitza edo bat-batekoa izategatik, baizik eta errora joan delako. Sakelakoen ekosistemetan aplikazioa erroa dela sinetsarazi nahi badigute ere, erroa weba dela nabarmendu du. Horixe da, Firefox OS-ek proposatzen duena. Denok ezagutzen ditugun teknologia estandar horiek oinarritzat hartuta sakelakoentzako ekosistema irekiak sortzerik badagoela.

Errora ez ezik, sustraietara ere jo du Julenek, kasu honetan Mozilla komunitatea aipatzeko. Mozilla proiektua aurrera eraman duen komunitate globala baita proiektu honen bultzatzailea. Komunitatearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, baina baita bere misioa ere, «gailua edo kokapena edozein dela ere, edozeinek atzi dezakeen weba sortzen laguntzea».

Sakelakoen aplikazioen eta Webaren arteko lotura zalantzan jarriko duenik izango da, baina Firefox OSen mezua argia da, eta Mozillaren misioarekin erabat bat dator. Aplikazioak baztertu behar ez diren aukera bat dira, baina ez da amaitu behar aplikazioen bidez webak ekarritako oparotasuna. Julenek esaldi batekin azpimarratu zuen: «Benetan natiboa weba da».

Ez dakit Firefox OSek arrakasta izango duen, baina ez ninduke harrituko urte pare batean %10-15eko merkatu kuota lortzea. Oraindik ere , egongo da esango duenik ez dela nahikoa gauzak aldatzeko, baina Ernaieko gazteek beren webgunea itxi ondoren ireki duten blogean esan bezala, keinu batekin hasten da dena.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Sare analisi ikastaroa

0

talaiosAzaroaren 23-24an Donostiako Kursalean Xare azokan Sare sozialen analisiaren hastapenak tailerra emango genuen, Talaiosen izenean publiko zabalari irekita ematen dugun lehenengoa eta horregatik berezia.

Sare sozialen analisia, sarea osatzen duten nodoen eta hauen arteko harremanen azterketan oinarritutako arloa da. Egun, eta Interneteko sare sozialei esker, datu analisi mota hau modu errazagoan gure interesetarako baliatu dezakegun tresna bat da.

Interneten erabiltzen ditugun tresna askoren atzean sare sozialen analisian oinarritutako algoritmoak erabiltzen dira: Google, Amazon, Twitter… Baina horretaz gain SSA erabiliz erabakiak beste era batean hartzeko ere balio dute ekonomian, politikan, marketingean, erakundeetan…

Tailerrean sare sozialen analisian oinarrizko kontzeptuak ezagutu eta Twitter-en sortzen ditugun sareak aztertuz eraman ziren praktikara. Horretarako Talaioskoop erabiltzailearen sarea aztertu eta bisualizatu genuen. Hau ez da Interneteko sare sozialak erabiltzen ikasteko ikastaroa (nahiz eta honetan ere laguntzen duen) sare hauen atzean dauden sare egituren garrantziaz jabetu eta baliatzen ikasteko balio izan zuen.