Tag Archives: diseinua

Reddit ez(ez)aguna

0
reddit

Egilea: Eva Blue | Lizentzia: cc-by

Webguneen diseinuak berebiziko garrantzia du. Erabiltzen dituen teknologiez gain, egituraketa eta erabiltzaileak bertan duen esperientzia ere oso garrantzitsuak dira. Askoren arabera, azalaren itxurak pertsona bati webgunean jarraitzeko edo uzteko erabakia erabat baldintzatzen dio hiru segundoan.
Badira garrantzitsuak diren beste hainbat faktore ere, ezkutuagoak izanagatik ere garrantzia dutenak. Horren adibide garbia izan daiteke Reddit.com webgune ezaguna adibidez. Redditek estekak eta albisteak bidaltzeko aukera ematen du, ondoren erabiltzaileek eztabaidatu eta ebaluatu ditzaten.

Sinple bezain indartsua den munduko albiste batzaile bisitatuenetakoa da. Alexa ranking-aren arabera, bisitatuenen artean munduko 82. webgunea da. Webgunea orain Conde Nast komunikazio gune nagusiaren parte da, euskaraz ere badago (ez osorik) eta software librea da.Webgunera sartuz gero, diseinuak gure arreta erakartzen du berehala. Hasieratik aldaketak jasan baditu ere, aldaketa horiek ez dituzte tresnaren jarraitzaileak alboratu; arrakastaren gakoetako bat dudarik gabe.

Tresna sinplea izan daiteke, baina ez da erraza lehen aldian ulertzea. Oraingo zerbitzu askoren funtzio bakarreko sinplifikazioaren aurka doa. Nahi izanez gero, informazioa eskuratzeko bakarrik erabil dezakezu, baina aldi berean harpidetza sisteman, ataletan eta eztabaidetan sakontzeko aukera duzu. Bere garaian Digg.com ezagunarekin lehian izan zen. Orain esan dezakegu lehiarik izan bazen Redditek irabazi zuela. Diggek egindako aldaketak eta eragindako erroreek hondoratzea ekarri zion. Interneteko zerbitzuek duten atxikimendu txikiaren erakusgarri hau ere.

Redditen irakasgaia bikoitza da. Lehena, behar bat detektatu, eta komunitate batentzako tresna sortu zuen. Aldaketak jende berria integratzeko bai, baina orain arteko komunitatearentzat baliagarriak ere bazirela ziurtatuz egin izan dituzte.Bigarrena, sinpletasuna eta sakontasunaren artean oreka aurkitu izana. Albisteak bidali eta eztabaidatzen dituen erabiltzaile aurreratuarentzat zein gai bati buruz irakurri nahi duenarentzat erabilgarria da webgunea. Hori lortzea benetan zaila da.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak: