Tag Archives: blogak

Harresiak elkartzen

0

Erresistentzia betean ari dira Bulebarrean bildutako gazteak lerro hauek idazten ari naizen bitartean. Oihuak, besarkadak, txaloak… Gauean Ertzaintzaren bi atxilotze saiakera gainditu dituzte. Aske Gunean antolatu den herri harresia indartsu ari da lanean.

jendea_ordenagailuetan_ibiltzen

Egilea: AskeGunea | Iturria: AskeGunea Facebook

Bertatik bertara egonda bakarrik senti daiteke Bulebarrean bizitzen den indarra eta elkartasuna. Baina bertaratu gabe ere Aske Gunean bizitzen ari direna, hein handi batean, komunikatzea lortu dute. Komunikazio lantalde propioa du Aske Guneak. 24 orduz eta etenik egin gabe informazio guztia blog baten bidez eta sare sozialen bitartez komunikatzen ari dira. Kamerak, mugikorrak eta ordenagailu eramangarriak dira talde honen lantresnak.

Donostian gertatzen ari dena Euskal Herri osora bakarrik ez, mundu osora zabaldu nahi dute. Bertan, boluntario askori esker gertakarien kronikak hizkuntza desberdinetan idazten ari dira. Hala, zortzi gazteen aldeko manifestua bera ere bost hizkuntzetara itzuli dute. Auzolanean bideoak grabatu, itzuli eta muntatzen dituzte. Blogaren bitartez argazkiak ikus ditzakegu, datozen orduetako egitaraua begiratu, baita zuzeneko bideo emisioak jarraitu ere. Arkanoid bideo-joko bat ere moldatu dute Herri Harresia irudikatuz.

Hau guztia Twitter eta Facebook sare sozialetatik zabaltzen ari dira. Twitterrekoa bereziki, minutuz minutuko informazio jario bilakatu da. Gomendioak, animoak eta alertak etengabeak dira. Twitition zerbitzuaren bitartez “EAJri Herri Harresiaren parte izateko eta Aske Gunera Ertzaintza ez bidaltzeko deia” izeneko sinadura kanpaina abiatu dute. VisibleTweets zerbitzuarekin, aldiz, tabernetan, eskoletan, kalean lantokian edo pantaila bat dagoen edozein lekutan #askegunea traola jarraitzeko bisualizazioa prestatu dute. Lan horri guztiari esker Aske Gunearen mezua Interneten lau haizetara zabaldu ahal izan dute. Nazioartean ere medio desberdinetan publikatu dituzte zortzi gazteen inguruko berriak; hala, #basque8 espainiar Estatuan TT izatera iritsi da. Internet informazioz bete dute.

Zentsura ere bizitzen ari dira, aste honetan Aske Gunearen erdarazko hizkuntzen Twitter erabiltzaile kontuak itxi egin baitizkiete. Kontuok berriz ere martxan dauden arren, ekintza honek argi erakusten digu zerbitzu zentralizatu hauek eragin dezaketen kaltea gure komunikazio jardunetan. Sare zentralizatu hauen aurrean sare banatuak hobetzen eta zabaltzen joan behar gara (blog sareak, sare sozial banatuak…), aurrerantzean horrelako arazoak ekidin ahal ditzagun.

Komunikabide askok Bulebarrean geratzen ari denaren berririk ematen ez duten bitartean, etengabeko jarraipena egiten ari dira Argia (@larbelaitz) eta Info7 (@iontelleria); bertatik bertara ari dira informazioa ematen, zuzeneko audioak eta bideoak sareratuz.

Ez dakigu Bulebarreko harresiak noiz izango duen amaiera, baina Euskal Herrian sortzen ari den harresi partekatua ezin izango dute bota, ezin izango dute inguratu, ez baita leku bakarrean egongo. Harresi bakoitzaren atzean beste bat aurkituko dute.

Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.

Erlazionatutako bidalketak:

Eszisioak ospatu

0
zibergara_header

Egilea: Zibergara.net | Lizentzia: cc-by-sa

Blogak berriro modan omen daude, horixe entzuten da behintzat. Datuekin frogatu beharreko baieztapena bada ere, errealitatea da bizirik iraun dutenak gero eta garrantzi handiagoa izaten ari direla.

Blogak garapen indibidualerako tresna moduan duen balioa ukaezina da. Zerbait kontatzerakoan egin beharreko antolaketa eta hausnarketa ariketak automatikoki barnean zerbait aldatzen du. Ariketa hori maiz egitearen ondorioz, pertsonak askotan autonomiadunak eta ahaldunduta sentitzen dira; ez da gutxi.

Blogen funtzio indibidualaz baino, funtzio kolektiboaz gutxiago hitz egin izan da. Blog bat inguruko komunitate batekin batera sortuz gero, hor sortzen diren harremanak oso garrantzitsuak izaten dira.

Urte batzuk dira jada Blogsoviet blog komunitatea sortu zuela orain BakalHau  deitzen den taldeak. Jakintza tekniko zehatzik gabe, talde bat bildu eta bakoitzak bere blog indibiduala sortzeko ezagutzak eskuratzeko helburua zuen komunitate hark.

Beste helburu bat ere bazuen: lortutako ezagutzekin antzeko komunitateak sortzen laguntzea.

Denborarekin, hori errealitate bihurtu da, lehena Txintxarrisfera izan zen. Ondoren, Laboretegiak bera sortu zuten, eta orain Zibergara sortu da, Bergara inguruan komunitate bat sortzeko asmoz.

Erro komun bat duen komunitate batetik abiatuz komunitate berriak sortzea oso pozgarria da. Beste eredu batzuetan «eszisioak» drama modura ikusten badira ere, eredu honetan ospatzekoak izaten dira. Komunitate horrek bere elkarrizketa eta ideia propioak garatuko ditu, baina, horrez gain, sortu ziren komunitate amarekiko harremana eta elkarrizketak ere mantentzeko aukera izaten jarraitzen du.

Harreman horiei esker komunitate horietan sortzen diren ideiak, onak badira, segur aski besteetara ere kutsatuko dira. Ideiak eta berrikuntzak elkar ezagutzen duten pertsonen elkarrizketen artean izaten dira, gero hortik besteetara erraz hedatzeko.

Nahiz eta adibide modura erabili dugun, segur aski ereduak ez du blogetarako bakarrik balio. Komunitate horietatik jaioko dira ziurrenik etorkizuneko ideia, ekinbide, enpresa eta elkarte berriak.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Ziklo berria

7
kondratieff eta hanpatze zikloak

Beste ziklo garrantzitsu batzuk Kondratiev eta Hanpatze zikloak (Wikipedia)

Internet, beste arlo batzuk bezala, botere esparruak lortzeko leku bilakatzen ari da. Urte askotan askatasun eremu bakarrenetakoa izan denak gero eta zailagoa du kontrol horietatik ihes egitea. Hala ere, besteekin konparatuz, hasieratik posible egiten zuten protokoloak, hau da arauez osatutako gunea izaki, askatasuna ezagutzeko aukera eman digu, eta horri kontra egitea zaila izango da.
Kontrolatzeko saioak etengabeak dira, eta gaur egun, esparru txikienetik handienera ikusten dira. Esango nuke ziklikoak ere badirela: askatasun irekiera berri baten ondoren, kontrol ahalegin bat dator. Blogek adibidez agenda banatu baten aukera ireki zuten, eta Interneteko sare sozialek, berriz, berriro ere agenda publikoaren informazio bitartekariei posizionatzeko aukera eman die.

Gailu mugikorren esparruan ere aldaketa garrantzitsuak izan dira. Biltegi batean dauden aplikazioak aukeratzea izaten da ohikoena, Android, iOS eta halako sistema eragile berrietan. Instala daitezkeen aplikazio baimenduen gune bakarra bilakatzen dira biltegi horiek, eta bertan ez daudenak instalatzen ezinezko edo oso zailak bihurtu.

Mota horretakoak dira kontrola eskuratzeko era berriak. Erabilera erraztasuna aitzakiatzat hartuta, beharrezkoak izango ez liratekeen monopolioak sortzen dira. Beharbada, tresna horietatik kanpo ere aplikazioak eskuratu eta instalatzea lor dezakezu, baina, betiere, zailagoa izango da.

Hala ere, badirudi hau aldatzen ari dela, eta gailu mugikorren adibidea hartzen badugu, hor nabarituko dugu argien. Firefox OS eta gailu mugikorrentzako Ubuntu sistema eragile berriek irekitasun apur bat gehiago ekar dezakete. Aplikazioak sortzeko erabiltzen dituzten teknologiak behintzat estandarragoak dira (HTML5, CSS3 eta Javascript batez ere). Horien arrakasta ikusteko dago, baina argi dago eztabaida piztuko dutela.

Gailu mugikorren alorrean eta teknologia berdinekin oraindik eremu libreenetako bat web-a bera da. Responsive diseinu ereduari esker webgune bera hainbat gailutara egokitzeko aukera dago. Benetan gailu mota gehienentzat estandarra eta inongo bitartekaritzarik gabeko eredu bakarra oraingoz.

Ziklo berri baten atarian gaudela uste dut. Batzuek blogak hiltzat eman zituzten, baina badirudi horiek zutik ziklo berriaren sarrera erakusteko gelditu zirela.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

cuRRentS

0

imageInformazioa eskuratzeko ohiturak aldatzen ari dira. Jaso nahi dugun informazioa modu askotara jaso dezakegu; webguneetatik, blogetatik, RSS irakurgailuetatik, sare sozialetatik… Gure ohituren arabera informazioa modu batera edo bestera kontsumitzen dugu. Baina informazioa jasotzeko aukeratzen dugun tresnak jasoko dugun informazioa baldintzatzen du.

Gaur egun ezagutzen ditugun sare sozialak iritsi baino lehen blogak informazio iturri garrantzitsuak ziren. Blogek komunitate txikiak sortzeko ahalmena dute. Blogean jorratzen diren gaien inguruan interesaturiko jendea erakartzen dute eta eztabaida sortzeko tresna aparta dira. Gaur egun, sare sozialek blogen aktibitatea txikitu dute. Egia da Interneteko sare sozialek eztabaidara jende gehiago ekarri dutela, baina ziurtasun berdinarekin esan dezakegu sakontasun maila ere askoz ere txikiagoa dela.

Askok web nabigazioa edota jarioetara harpidetza albo batera utzi eta Interneteko sare sozialetako jario bidez jasotzen dituzten informazioak bakarrik kontsumitzen hasi dira. Honek hiru ondorio zuzen ditu: alde batetik informazioa zenetik jasoko dugun aukera dezakegu nolabait, baina ez zein informazio jasoko dugun. Beste alde batetik, gure sare horrek beharrezkoa dugun informazio guztia ematea espero dugu, gure informazio esparrua asko murrizteko arriskua dago. Azkenik, informazioa egituratzeko eragatik, karaktere mugengatik eta jario-komunikazio motarengatik… eztabaiden sakontasuna txikiagoa izaten da.

Informazio fluxu hori kudeatzeko tresna asko egon dira eta horien artean interesgarrienetako bat RSS jario irakurgailuen erabilera. Horri esker, gune batera harpidetu eta bertako albisteak jasotzeko aukera genuen. Egia da ere, kasu batzuetan RSS jarioen helbidea ezagutu eta mekanika ez zela guztiz erosoa eta hori izan daiteke hauen gainbeheraren arrazoietako bat.

Hala ere, RSSak informaziora harpidetu eta era errazean zabaltzeko tresna izaten jarraitzen dute. Helbide askotako edukiak integratzeko aukera handiak eskaintzen dituzte. Orain erronka eduki horiek guztiak era eroso, erakargarri eta formatu anitzean bisualizatzean dago gakoa. Horretarako argi dago gailu mugikorren garrantzia eta horietara egokitzeko beharra. Eremu honetan kokatu ditzakegu flipboard.com, pulse.me, scoop.it eta Google Currents.

Google Currents-en bidez gailu mugikor, tablet eta antzekoetara egokitzen diren publikazioak sortzeko aukera ematen duen tresna da. Bertan edukiak txertatzeko aukera erraza ematen du jarioak, bideoak, dokumentuak eta beste mota batzuetako edukiak inportatu eta gailu ezberdinetan aukeratutako eran bisualizatzeko aukera ematen du.

Android eta iPhone mugikorreteako aplikazioen bidez publikazio horietara harpidetu gaitezke era errazean eta lineaz kanpo ere ikusi ditzakezu jasotako eduki guzti horiek.

Publikazio bat sortzea oso erraza da, jakintza minimo batzuk edukita berehala sortu dezakezu zure publikazio propioa. Hala ere, prozesu honetan oraindik ere arazo batzuekin topatuko zara. Batetik, Chrome nabigatzailea erabiltzera behartuta egongo zara eta bestetik euskara oraindik ez da hizkuntzen artean agertzen. Hau horrela balitz, itzulpen automatiko bidez beste hizkuntza batzuetara itzultzeko aukera automatikoa gaitzeko aukera izango genuke.

Google-en helburua argia da, informazioa bide honetatik kontsumitzeko aukerak emanez publizitate kanal berriak lortu nahi ditu; estrategikoa den mugikortasunaren eremuan. Erabiltzaileontzat, RSSen kulturaren parte bat berreskuratzen duen tresna da, baina ordainetan informazio bitartekari jartzen dugu Google berriro ere.

Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.

Erlazionatutako bidalketak: