Tag Archives: askegunea

Hedabideak gertu!

0
hedabideak_gertu

Egilea:  Pascual Marin | Lizentzia: cc-by-sa

Komunikazioan iraultzaz hitz egiten dugu maiz, baina oso gutxitan hurbiltzen dira horiek fenomeno erreal izatera. Pasa den astean, aldiz, komunikazioan gertatu diren aldaketak garbi ikusi ditugu gurean ere.Alde batetik, behin eta berriz hitz egin izan dugun Interneteko sare sozialen indarra asko nabaritu da. Aste guztian #libre, #AskeGunea eta #FreeGoñi traolak nagusi izan dira gure inguruetan ere. Garrantzitsuena da Twitterrek egunerokotasun horretan hartu duen indarra.

Bestalde, komunikabide herritar eta herri komunikabideen arteko sinergien eztanda bizi izan dugu. Hor dago batez ere Ateak Ireki eta Info 7ren arteko elkarlana.Baita beste hedabide askotako kazetariek —Berria, Argia, Gara, … —herritarrekin batera egindako jarraipena ere. Denak batera transmedia jarraipen bat egitera iritsi direla esan dezakegu. Aurretik gidoi zehatzik gabekoa, baina bai pauta batzuk zituena, prestaketa bat eta medioen kontrola. Horri ondoren jendearen parte hartzea gehitu zaio, eta indar handiko fenomeno komunikatiboa sortu dute. Joera hori ez da hemen gelditzen. Sinergia horiek guztiak ez dira puntualak, nahiz eta kasu honetan indar handiarekin agertu diren aipatu adibidean. Sortu berri den Ataria.info bezalako adibideek erakusten dute bide orri luzeago bat buruan, ideia beste maila batera eramaten.

Beste arlo batean ere aldaketak nabaritzen hasi dira. Herri komunikabideak eta komunikabide herritarrez gain, bada orain arte gutxiago edo beste era batean ikusten zen hedabide mota bat: hedabide publikoa. Badira herri batzuk jada hedabide publikoen indarraz jabetu eta herritarrekin komunikatzeko bide bezala gauzatzen ari diren proiektu interesgarriak. Horien artean kokatuko nituzke, adibidez, Errenteriako Herri Bizia, Zarauzko ZuZarautz eta berriagoa den Donostia Gaur.

Bukatzeko, beste hedabide batzuek bide zahar baina berrituei ekiteko indarra lortu dute. Esaterako, egunkari honek GALen (http://berria.info/GAL/) inguruan egindako lan parte-hartzaileak emaitza ederrak izan ditu. Bide berriak beti ez dira teknologia berrietan oinarritu behar, eta adibide horrek ondo erakusten du tresnen erabilera egokiarekin gauza ederrak egin daitezkeela.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Konpromisoa airera

0
konpromisoa_airera

Egilea: AskeGunea | Iturria: AskeGunea Facebook

Lerro hauek idazten ditudanean bere lan politikoagatik atxilotu nahi dituzten zortzi gazteak jendez inguraturik daude Donostiako Bulebarrean. Aske Gunea deitu dioten gunean, konpromisoaren piramidean eskalatzen ari den mugimendua sortzen ari da.

Beste mugimendu batzuek izandako jarraipen komunikatiborik gabe, Interneteko sare sozialek maiz atxikimendurako joeratik haratago joatea posible dela erakusten ari dira bertan. Hedabide nagusien jarraipena itxaron gabe, bloga martxan jarri dute, baita blog horretara lotuta dauden Twitter (@askegunea) eta Facebook (http://facebook.com/askegunea/) kontuak ere. Zortzi auzipetuek eta haien gertuko komunitateak erakutsitako konpromiso izugarriak bultzaturik, sare horien bidez sortutako harremanak sendotuz eta zabalduz joan dira.

Informazio zurrunbiloan, haiek sortutako bideo, argazki eta dokumentuak Internet zeharkatzen dute. Ez hori bakarrik, boluntarioen laguntzarekin, manifestua bost hizkuntzatara itzultzea lortu dute, eta ekintza laburtzen duen bideoa bederatzi hizkuntzatako azpidatziekin aurki daiteke.

Internetetik kanpo ere komunikazioa gertukoa da, egiazkoa. Estetikoki globoekin egindako jokoek gertutasuna eta alaitasuna erakustea lortzen dute, alaitasuna eta konpromisoa, tentsioa eta zirrara nahasten diren atmosfera bat sortzeraino.

Zentsurarekin ere topo egin behar izan dute. Twitterren zituzten frantses, gaztelera eta ingeles kontuak blokeatu dizkiete arrazoirik gabe. Sare zentralizatu hauek erabaki hauek hartzeko duten erraztasun izugarrian eta teknologian, burujabe izatearen garrantzia nabarmendu besterik ez dute egiten.

Denborak alde jokatzen du, geroz eta beranduago etorri orduan eta sare zabalagoa eta harreman indartsuagoak; gero eta konpromiso handiagoa. Interneteko konpromiso erakustaldiak klik, RT edo Like batera mugatu nahi dituzten garaiotan, gazte eta herritar hauek egindako saltoa handia da.

Hori baino ekarpen handiagoa ere egin dute, etengabe birsortzeko gaitasuna izan dezakeen borroka komunitarioaren eredu banatu bat garatuz. Donostian itzaliko balitz ere, edozein unean, espero ez duten tokian berriz sor daitekeena.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Harresiak elkartzen

0

Erresistentzia betean ari dira Bulebarrean bildutako gazteak lerro hauek idazten ari naizen bitartean. Oihuak, besarkadak, txaloak… Gauean Ertzaintzaren bi atxilotze saiakera gainditu dituzte. Aske Gunean antolatu den herri harresia indartsu ari da lanean.

jendea_ordenagailuetan_ibiltzen

Egilea: AskeGunea | Iturria: AskeGunea Facebook

Bertatik bertara egonda bakarrik senti daiteke Bulebarrean bizitzen den indarra eta elkartasuna. Baina bertaratu gabe ere Aske Gunean bizitzen ari direna, hein handi batean, komunikatzea lortu dute. Komunikazio lantalde propioa du Aske Guneak. 24 orduz eta etenik egin gabe informazio guztia blog baten bidez eta sare sozialen bitartez komunikatzen ari dira. Kamerak, mugikorrak eta ordenagailu eramangarriak dira talde honen lantresnak.

Donostian gertatzen ari dena Euskal Herri osora bakarrik ez, mundu osora zabaldu nahi dute. Bertan, boluntario askori esker gertakarien kronikak hizkuntza desberdinetan idazten ari dira. Hala, zortzi gazteen aldeko manifestua bera ere bost hizkuntzetara itzuli dute. Auzolanean bideoak grabatu, itzuli eta muntatzen dituzte. Blogaren bitartez argazkiak ikus ditzakegu, datozen orduetako egitaraua begiratu, baita zuzeneko bideo emisioak jarraitu ere. Arkanoid bideo-joko bat ere moldatu dute Herri Harresia irudikatuz.

Hau guztia Twitter eta Facebook sare sozialetatik zabaltzen ari dira. Twitterrekoa bereziki, minutuz minutuko informazio jario bilakatu da. Gomendioak, animoak eta alertak etengabeak dira. Twitition zerbitzuaren bitartez “EAJri Herri Harresiaren parte izateko eta Aske Gunera Ertzaintza ez bidaltzeko deia” izeneko sinadura kanpaina abiatu dute. VisibleTweets zerbitzuarekin, aldiz, tabernetan, eskoletan, kalean lantokian edo pantaila bat dagoen edozein lekutan #askegunea traola jarraitzeko bisualizazioa prestatu dute. Lan horri guztiari esker Aske Gunearen mezua Interneten lau haizetara zabaldu ahal izan dute. Nazioartean ere medio desberdinetan publikatu dituzte zortzi gazteen inguruko berriak; hala, #basque8 espainiar Estatuan TT izatera iritsi da. Internet informazioz bete dute.

Zentsura ere bizitzen ari dira, aste honetan Aske Gunearen erdarazko hizkuntzen Twitter erabiltzaile kontuak itxi egin baitizkiete. Kontuok berriz ere martxan dauden arren, ekintza honek argi erakusten digu zerbitzu zentralizatu hauek eragin dezaketen kaltea gure komunikazio jardunetan. Sare zentralizatu hauen aurrean sare banatuak hobetzen eta zabaltzen joan behar gara (blog sareak, sare sozial banatuak…), aurrerantzean horrelako arazoak ekidin ahal ditzagun.

Komunikabide askok Bulebarrean geratzen ari denaren berririk ematen ez duten bitartean, etengabeko jarraipena egiten ari dira Argia (@larbelaitz) eta Info7 (@iontelleria); bertatik bertara ari dira informazioa ematen, zuzeneko audioak eta bideoak sareratuz.

Ez dakigu Bulebarreko harresiak noiz izango duen amaiera, baina Euskal Herrian sortzen ari den harresi partekatua ezin izango dute bota, ezin izango dute inguratu, ez baita leku bakarrean egongo. Harresi bakoitzaren atzean beste bat aurkituko dute.

Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.

Erlazionatutako bidalketak: