Tag Archives: android

Sakelakotatik tiraka

0

MobileDevices-BasqueCountry

Noizean behin webguneko estatistikei begirada bat botatzeko ohitura dut. Gaurkoan sakelakoekin lotutako bisitak zelatatzeko izan da. Datuen arabera, nire webguneko bisitarien %20 inguru sakelakotik sartzen da webgunera. Datu horretan sakontzen hasi eta sakelako horien sistema eragilea eta gailuak zein diren begiratzea erabaki dut. Gailuen aldetik, lehen postuan iPhonea aurkitu dut garaile absolutu moduan. Gero beste gailu asko, Samsung, LG, Sony… estatistika orriak eta orriak, portzentaje oso baxuekin.

Sistema eragileari begiratuz, aldiz, Android da sistema eragileetan garaile erabatekoa, trafiko osoaren (ez bakarrik sakelakoen) %16rekin. Harrigarria dirudi, ezta? Gailuen merkatua kontrolatuta ere, Applek ezin izan du sakelakoen esparrua erabat menderatu.

Berehala etorri zait burura orduan Twitterreko geokokatutako mezuak baliatuz egindako sistema eragile mugikorren mapa bat (https://www.mapbox.com/labs/twitter-gnip/brands/). Mapa horretan argi ikusten da iPhone herrialde eta inguru aberatsagoetan erabili ohi dela. Android aldiz, baliabide gutxiagoko inguruetan zabaldu da gehien.

Zer esan nahi du jende askok iPhone eta gisako azken teknologiara atzipenik ez izateak? Alternatibarik ez dagoen kasuetan ezberdintasun sozialen areagotzea ekarri ohi du. Kasu honetan, Androidi esker, software libreari esker alegia, esan dezakegu jende askok iPhonearekin eskuratuko lukeena (edo hobea) lortzeko aukera izan duela.

Oraindik ere smarthphone bat lortzerik izan ez duen jende asko dago munduan, baina gero eta eskuragarriagoak dira; beste teknologia asko baino azkarrago iritsi dira leku askotara. Firefox OS sistema eragile berriak hori baliatuko du hedapena lortzeko. Sistema eragilea eta aplikazio biltegia ere libre eginez bere sistema erabiliko duten sakelako sinple eta merkeak atera nahi ditu.

Ez al da argia? Software eta ezagutza libreak desberdintasunak areagotzearen kontrako indar bat direla. Aurreko batean gertuko hedabide bat irakurtzen ari nintzela, etorkin gehien jasotzen zuten eskolak eta hezkuntza emaitza txarrak lotzen zituzten. Argi zegoen, eskolen kokalekuko egoera sozial zailak etorkin kopurua baino eragin gehiago zuela, baina horretaz ez ziren konturatu (nahi izan). Horretarako ere «sistema eragile» librerik lortuko bagenu…

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

8219321

0
android_bug

Egilea: nikiball1| Lizentzia: cc-by-nd

Azken boladan segurtasunaren eta pribatutasunaren inguruko kezka areagotzen ari dela dirudi. Azken gertakariek zerikusia izango dute, ziur, baina espero baino jende gehiago ari da gai hauei buruz kezkatzen. Oraingoan, Android telefono sakelakoetan aurkitutako akats bati buruzko hausnarketa batekin natorkizue.

Gutako askok erabiltzen dugun sakelakoentzako sistema eragilea da Android, eta 8219321 gisa izendatu duten bug-a aurkitu dute. Akats horren ondorioz, 1.6 bertsiotik aurrerako Android sistema guztietan arazoak sor daitezke.

Akats horren ondorioz, ustez ziurra den aplikazio batek erabiltzen duen sinadura kriptografikoa aldatu gabe, aplikazioa bera alda liteke. Horrek zera esan nahi du, erasotzaile batek aplikazio hori molda lezakeela konturatu gabe, gure sistema erasotzeko.

Dirudienez, akatsa BlueBox laborategietako Jeff Florristalek topatu du, eta horren berri zehatzagoa emango du Black Hat USA 2013 konferentzia ezagunean.

Aurretik Googlerekin harremanetan jarri eta akatsaren berri eman zuen Florristalek. Googlek jada konponketak egin ahal izateko bideak jarri ditu jendearen eskura. Komunitateak mantendutako Cyanogen Mod oinarritutako banaketa ezagunenetakoak ere, bere azken bertsioan proposatutako aldaketak sartu ditu.

Bada konponbidea eskura edukita oraindik soluziorik eman ez duten telefono konpainia eta gailu sortzaile asko. Eskura edukita eremu horietako askok ez dituzte beraien Android sistema moldatuaren bertsioak berritu. Batzuek, gailu zaharrei dagokienez beharbada ulergarria da, baina asko dira berriak izanda ere berritu ez dituztenak.

Horren inguruan iritzi askotarikoak egon daitezke, baina panorama tamalgarria da. Beren bezeroen iritzia eta segurtasuna interesatuko ez balitzaie bezala jokatzen dute. Hori baino gehiago, zaharkitze planifikatu kasu argi bat dugu aurrez aurre, argi eta garbi.

Espero dut pribatutasunarekiko sortutako kezkak jarraitutasuna izatea, horrelako kasuak ez gertatzeko edo behintzat horietan eragin negatiboa izateko. Bitartean, Androiden kodea eskura dagoenez, dakienak edo interesa duenak baditu bideak arazoa, hori bai, bere kasa konpontzeko. Ez da gutxi, baina, halere, ez da nahikoa.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Oporretarako aplikazioak

7

Ohitura ona izaten da oporretara goazenean maletarekin batera, Android mugikorra ere prestatzea. Oporretan gaudela behar dugun informazio guztia, edo gehiena, gure eskuetan izatea lagungarria izaten da. Mota askoko opor bidaiak egin daitezke, eta hauetako bakoitzean modu bateko edo besteko informazioa beharko dugu. Informazio guzti hori behar dugunerako erabilgarri izateko, oporretara joan aurretik erabiliko ditugun beharreko aplikazioak identifikatu eta instalatu beharko ditugu.

Oporretan Google Maps askotan erabiltzen da. Bisitatzen ari garen hirian edo lurraldean kokatu gaitezke mugikorraren GPS-aren bitartez. Mugikorrean Interneterako konexioa baldin badugu, ez dugu arazorik izango Googlek ematen dizkigun datu guztietara sarbidea izateko. Aldiz, roaming-a aktibatu nahi ez badugu, oporretara atera baino lehen bisitatu nahi dugun lekuaren mapa deskargatu beharko dugu, oporretan gaudenean Internetik gabe mapa ikusi ahal izateko. Mapa aurretik deskargatzeko bi bide daude. Orain arte, aplikazioaren menuan, “konexiorik gabe erabilgarri” botoiari emanaz deskargatzen genituen beharrezko mapak. Baina azken astean, Google Maps apliakzioak 7. bertsiora egin du salto eta hemendik aurrera ez dugu deskargatutako mapak kudeatzeko aukerarik izango. Hala ere, antzeko aukera bat erabili daiteke nahi ditugun mapak offline kontsultatu ahal izateko. Orain, nahikoa da pantailan deskargatu nahi dugun mapa zatia aukeratzea, eta bilaketa gelaxkan “ok maps” idaztea. Estatu batzuetan oraindik ezin dira deskargatu, Espainia kasu, baina beste askotan zerbitzua erabilgarri dago. Aplikazioa egunero erabili behar ez badugu ere, momenturen batean estualdi batetik atera gaitzake.

Screenshot_2013-07-15-12-41-15Oporretara joateko hegazkina beharko badugu, Skyscanner aukera interesgarria izan daiteke. Hegaldi bilatzaileen artean bilaketa egin eta aukera merkeenak erakusten dizkigu. Erabilera errazekoa da eta aukerak azkar topatzen ditu. Edonora bidaiatzeko aukera ematen du eta hegaldia aukeratzerakoan erreserba egiteko helbide zuzenera berbideratzen gaitu.

Hegaldia lotuta dugula, lotarako lekua topatzea onena. Airbnb zerbitzuaren aplikazioa instalatu dezakegu horretarako. Airbnb partikularren etxeak, apartamentuak edo logelak alokatzeko balio duen sare soziala da. Aplikazioaren bitartez gure erreserba eta jabeen argibide guztiak jarraitu ahal izango ditugu. Zerbitzu honen bidez leku merkeak zein luxuzkoak topa ditzakegu. Aldiz, gure asmoa kanpinetara joatea bada, Youcamp eskura edukitzea lagungarri izan daiteke. Aplikazio hau ordainpekoa da, baina kanpinetik kanpinera mugitu behar badugu, balio duena ordaintzea merezi du.

Bisitatu nahi dugun tokia ondo ezagutzeko, beste bidaiarien proposamenak, beraien opor planak, argazkiak eta bestelako aholkuen bidez informatzea ondo etorriko zaigu. Minube aplikazioan webgunearen bertsio mugikorra topatuko dugu. Minube bidaiarien sare soziala da. Bertan bidaiarien aholkuak topatuko ditugu, gure bidaia ahalik eta gehien aprobetxatzeko erabili dezakeguna. Oporretan kirola egin behar badugu aldiz, Wikilock aplikazioa oso aukera egokia da. Bertan izen bereko sare sozialeko informazioa eskura izango dugu. Bizikleta, trekking, ibilaldiak eta askotariko kirolen ibilbideak aurkituko ditugu.

Oporretan gaudela, mugikorra erabiltzea batzuetan arazo bilakatzen da, bisitatzen ari garen herrialdean Interneteko konexiorik ez dugulako. Arazo hau ekiditeko eta wifi aske baten bila arratsalde osoa ez galtzeko, aplikazio gehiago instalatzea onena. Irtenbideetako bat Roamer zerbitzua dugu. Roamer zerbitzuarekin helburu dugun herrialdean aurreordaindutako SIM txartel merkea erosiko dugu, eta aplikazioak, gure betiko mugikor zenbakiaren deiak SIM berrira berbideratuko dizkigu. Gainera, Interneten ibiltzeko SIM berriaren tarifa merkea erabilgarri izango dugu. Beste irtenbide bat, Wifien mapak osatzen dituzten aplikazioren bat instalatzea litzateke (Adibidez: “WifiPass”, “instabridge” etab.). Aplikazio hauetan guregandik gertu dauden wifiak erakutsiko dizkigute eta jendeak konpartitutako wifien pasahitzak erabili ahal izango ditugu.

Oporretarako plangintza adina aplikazio daude instalatzeko prest, asko doakoak, beste asko ordainpekoak. Gure oporrekin hoberen bat datorren aplikazioak aukeratu eta instalatzea besterik ez dugu egin behar. Edo bestela, mugikorra etxean utzi eta besterik gabe, disfrutatu!

 

Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.

Erlazionatutako bidalketak:

Google I/O 2013: Zer berri?

2
google_io_2013

Egilea: Tregoning | Lizentzia: cc-by

Urtero egiten dira Google I/O konferentziak. Googlek azken berrikuntzak erakusteko eta publikatzeko erabiltzen ditu konferentzia hauek. Mundu osoan ikusmira handia sortzen dute eta konferentzietan agertzen diren datuak blog eta medio askotan azaltzen dira. Azken aste honetan 200.000 orrialde baino gehiago idatzi dira Interneten Google I/O konferentziari buruz.

2013ko edizio honetan mugikortasuna, eta bereziki Android, izan dira protagonista nagusiak. Mugikortasunaren merkatua etengabe doa goraka eta Google berarentzat berebiziko garrantzia dauka. Aurtengo albiste nagusienetako bat, azken urteetan izan den moduan, Android mugikorren aktibazio kopurua izan da. Dagoeneko, 900 milioi gailu aktibatu dira Android sistemarekin. Eguneko 1,5 milioi gailu aktibatzen omen dira.

Googlek goranzko joera hori baliatu nahi du eta azken hilabete eta urteetako joerari eusten dio. Google+ indartzen ari da, eta, honen ekosistema, handitzen. Google+ proiektuaren logikatik kanpo geratzen diren egitasmoak deuseztatu eta beste asko bertara batu dituzte. Norabide horretan aurkeztu dute Google+ bertan integratuta datorren Hangaouts berria. “Integrazioa” izan da aurtengo hitz gakoetako bat. Gaur egun Google Talken egin daitezken ekintzak egin ahal izango dira, eta, gainera, argazkiak eta bideoak partekatzeko aukera ere egongo da. Talk ordezkatzera dator Hangouts, baina oraindik “integrazio” gehiago falta dituela dirudi. Ez dirudi SMS zein Google Voice zerbitzuen bateratzea oraingoz egingo dutenik, baina, aldaketa honekin, WhatsApp, SpotBros eta antzeko aplikazioei aurre egitera dator Google.

Bat-bateko mezularitzaz bakarrik ez, konferentzian jokoez ere aritu dira. Jokoen merkatuaren goranzko joerari ere zerbitzu berriak eskaini dizkio Googlek. Google Play Games izan da aurkeztu duten jokoen plataforma sozial berria. Famatuagoak diren Xbox Live edo Apple Game Center ezagunen antzeko zerbitzuak eskainiko ditu. Googlek jokoen garatzaileei baliabide berriak eskainiko dizkie. Baliabide horiei esker, jokoen partidak hodeian gordetzeko aukera izango da, lorpen sistema bateratuko da, on line klasifikazioak izango dira, jokalari anitzen arteko jokoak… Zerbitzu horiek guztiak Android jokoetan inplementatu ahal izango dira. Orain arte Googlek utzitako hutsune horiei esker sortu izan dira antzeko zerbitzuak ematen dituzten plataformak, baina, hemendik aurrera, Google etxearen apustu berri honekin, etorkizun iluna izango dute.

Eta jokoen plataformetatik, musikaren plataformara. All Access izeneko zerbitzua ekarri digu Googlek. Denok ezagutzen dugun Spotify zerbitzuari konpetentzia egitera datorren zerbitzu berri honek, Google Play Music zerbitzarietan dagoen musika guztia entzuteko aukera emango digu, tarifa lau bat ordaintzearen truke. Tarifa lau horren prezioa 10 dolar ingurukoa izango da. Guk gustuko dugun musika guztia ez da on line zerbitzu hauetan izaten, baina Googlek gure musika igotzeko aukera ere emango digu (Groovesharken bezala), edozein momentutan, edozein lekutan gaudela, guk nahi dugun musika entzuteko aukera emanaz.

Berrikuntza gehiago ere aurkeztu dituzte: Google Now, Google Maps, Google Play for Education… Baina gehienak aldaketa txikiak edo aurreikusitako hobekuntzak izan dira. Google proiektu berritzaile askotan sartuta dago, baina ez du interes handirik horien inguruko informazioa oraindik zabal dadin. Android 4.3 bertsio berriaren hutsunea ere nabaria izan da. Android software librea dela askotan esan izan dugu, baina kodearen zabalpenak gero eta konplikatuagoa dirudi. Android komunitatearen garatzaileen haserrea eta mesfidantza nabaria da, eta, egunetik egunera, goraka doa. Android sistema nagusi da mugikorren merkatuan, baina datozen hilabeteetan publikatuko diren sistema mugikor berriekin, Firefox OS sistemarekin batez ere, posizio hori mantentzea ez zaio orain arte bezain erraza egingo. Azkenaldian, ekitaldi mota hauek sortzen duten ikusmira, bertan aurkezten duten informazioa baino garrantzitsuagoa izaten da. Google ere Apple beraren antza hartzen ari da

Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.

Erlazionatutako bidalketak: