Archive | Orokorra

RSS

U3: Talaios Kooperatibako langileok elkartasun greba egingo dugu.

0

Talaios Kooperatibako langileok bozketa egin dugu gaur goizean, eta aho batez bihar Catalunyan deitu duten Greba Orokorrarekin bat egitea erabaki dugu.

Elkartasun greba egingo dugu bihar urriaren 3an, DEMOKRAZIA egunerokoan lanean ere posible dela erakutsiz, elkartasun sareak indartuz, eta egiten diren deialdietan parte hartuz. Eraldaketa eta emanzipazioaren aldeko langile eta kooperatibei dei egiten dizuegu, bakoitzak ahal duen neurrian eta ahal duen baliabideekin, elkartasun grebarekin bat egitera.

Lana eta oparotasuna denontzat! #VagaGeneral #Demokrazia

Lan eta bizitzeko ekoizpen baliabide komunak sortu eta elkarbanatu

0

Maiatzak1erako

Maiatzaren lehena, lanerako eta bizitzarako baldintza hobeak lortzeko langileon borroka eguna izan da eta horrela izaten jarraituko du. Talaios kooperatiban lan egiten dugun kideok argi dugu eguneroko jardunean hori dela gure helburua, modu duinean lan egin eta hobeto bizitzeko aukerak sortzea, guk sortzea.

Lan eta eta bizitzeko moldeak guk erabaki nahi ditugu, eta horretarako beharrezkoa da bi aldeei bakoitzak duen garrantzia emate, lana eta bizitza, eta biak uztargarri egitea. Bateragarriak izateko eta lanaren bideragarritasuna eta bizigarritasuna bermatzeko, beharrezkoak dira bi elementu kontuan izatea garrantzia estrategikoa emanez: langileon arteko elkartasuna eta ekoizpen baliabideen jabetza.

Langileon arteko elkartasuna ez da dimentsio bakarrekoa. Talaiosen elkarrekin lan egiten dugunok, elkarren arteko zaintza moduan ikusten dugu, guretzat bizitzarako beharrezko diren baliabideak sortu eta elkarbanatzeko ekintza moduan, aberastasuna banatuz, ez soldataren bidez bakarrik. Gurea bezalako beste kooperatibekin interkooperatzeko moldeak ere badira elkartasuna, eta haiekin batera mutualismo esperientzia berriak aztertu eta garatu nahi ditugu Olatukoopen baitan. Baina guretzat nahi ditugun lan eta bizitza baldintza hobeak besteentzat ere nahi ditugu, gure hurbilekoentzat, baina baita Euskal Herriko eta munduko langileentzat. Horregatik langileen lan eta bizitzarako eskubideen aldeko borrokekin bat egiten dugu, gure indar eta baliabideak eskainiz, oparotasuna denontzat izan dadin.

Elkartasun helburu hauek lortzeko hautu argia egin dugu Talaios Kooperatibako langileok. Ekoizpen eta kontsumo baliabideak kooperatibizatu ditugun langileak gara, eta bide honetan sakontzen jarraituko dugu, bizitzarako eta lanerako beharrezkoak diren baliabide komunak sortu eta elkarbanatuz, jabetza sozializatuz.

Langileon emantzipazioa lortzeko bidean estrategia eta borroka eredu ezberdinak izan dira eta izango dira. Guk hasi dugu bidea Ekonomia Sozial Eraldatzailea zabalduz. Beharrezkoa izango da beste bideekin ere bat egitea. Horregatik eguneroko emantzipazio borroka txiki eta handietatik, gure lurraldeetatik eta mundutik, eraiki dezagun langileok lan egiteko eta bizitzeko merezi dugun etorkizuna.

Gora Maiatzaren Lehena! Sortu, Eraldatu eta Elkarbanatu! Dena denontzat!

KoopFabrikan lanean ari gara

0

kf

KoopFabrika ekintzailetza soziala sustatzeko programa da. Joan den urteetan ekintzailetza sozialeko bestelako programetan lanean aritu izan gara. Debagoienako Berrekin.Berregin programan Olatukoop interkooperatibismo eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sareko partaide bezala aritu ginen antolakuntzan, Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegiarekin eta Bergarako Udalarekin batera. Beterri-Buruntza eskualdeko udalekin batera Kooperatzen programan ere aritu ginen. Horri esker eskuratutako eskarmentuan oinarrituta eta programaren birformulazio baten ondoren jaio da KoopFabrika, aurten hiru eskualdetan era bateratuan egiteko jauzia eman dugu. Oarsoaldean estreinakoz izango dugu ekintzailetza ikuspegi sozial batetik sustatuko duen programa. Zehatzago, ekintzailetzari eduki sozial, kooperatibo eta eraldatzailea eman nahi dio KoopFabrikak, tokian tokiko sareen garrantzia abiapuntu hartuta. Horretarako bereziki hiru profiletako jendeari zuzendu zaio programa:

  • Proiektu edo ideiaren bat lantzen edo martxan jarri nahian direnak.
  •  Orain arte elkarte forman jardunean aritu arren, profesionalizatu edo beste era batera antolatu nahi duten taldeak.
  • Enpresen baitako barne-ekintzailetza proiektuei dimentsio sozialetik ekiteko asmoa dutenak.

Formakuntzan arlo teoriko komuna lantzeaz gain, ekintzailetza sozialerako tresnen erabilpenean trebatu, martxan diren egitasmoei bisitak egin eta KoopFabrikatik irtendako proiektuei tutoretza eskainiko zaie garapen eta saretzerako. Otsailaren batetik apirilera arte eduki teorikoetan, trensnen erabileran eta bisitetan arituko gara. Apirileko opor egunetatik bueltan fokoa are gehiago zentratuko dugu proiektuetan eta tutoretza fasean sartuko gara. Era berean, KoopFabrikak formazio eta saretzeko ekimenak baliatuko ditu.

Proiektua Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegia eta Olatukoop interkooperatibismoa eta ESE sustatzeko sarearen elkarlanetik sortu da, tokian tokiko eragileen laguntzaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioarekin. Bertan gabiltza Talaioseko Beñat Irasuegi eta Amaia Oleaga kideak buru belarri, gure ekonomia eta eraldaketa ildoa lantzen. Parte hartu nahi izanez gero koopfabrikaren webgunean izena eman edo gurekin kontaktuan jartzeko aukera duzue.

 

 

 

Interprest

0

Interprest sistema, interpretazio-zerbitzuak eskaintzeko plataforma teknologikoa da, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak, bultzatu eta Talaios Kooperatiba eta Biantik Kooperatibaren artean garatutakoa. Kostu txikikoa eta eramangarria, ekitaldi mota ezberdinetara egokitzen dena.

Haririk gabeko teknologia baliatuz, mugikorretan oinarritutako komunikazio-sistema erabuktzen du. Interpretearen mugikorrak mikrofono txiki baten bidez audioa bidali eta entzuleak bere mugikorrean jasotzen du.

Interprest_tau-08

Proiektuak teknologia irekien aldeko apustua egiten du hasieratik, komunitatearen esku jarriz garapen guztia.

Interpreteen audioaz gain, entzuleak testu eta irudi jarioa ere jaso dezake bere mugikorrean, ekitaldiari buruzko informazio gehigarri gisa. Irisgarritasun beharrei erantzuteko pentsatua dago funtzio hau, baita entzuleari ekitaldian gertatzen denaren ideia orokorra testu eta irudi bidez iristarazteko ere.

Interprest_tau-09

2016ko iraila-abendua bitartean Donostia 2016ren egoitzan (Easo kalea 43, Donostia) bi interprest gailu izango dira edonork erabiltzeko gertu. Inolako kosturik gabe, interpretazio beharrak dituzten ekitaldietarako eskuragarri jartzea da asmoa.

Interprest_tau-10

Estrategikoa

0

Gauzei behar zaien laguntza edo sostengua eman beharrean, konpromiso zehatzik ez emateko eufemismo bihurtzen ari da. Aurreko astean, Durangoko Azokako partaide guztiak, Gerediaga, guneetako koordinatzaileak eta industriako agenteak Eusko Legebiltzarrean Azokaren egoera ekonomikoaren larritasuna adierazi zuten. Elkartutako mahaian euskal kulturarentzako hain garrantzitsua eta «estrategikoa» omen den ekitaldi honentzako merezi duen diru laguntza jarraitua eskatzen zuten. Beste jaialdi batzuei ematen zaiona baino, askoz gutxiago.

Mahaian EH Bilduk eta PPk jarrera positiboa erakutsi zuten; PSE-EEk Azoka ezagutuko ez balu bezala gaztelerazko edukiei erreferentzia eginez erantzun zuen; EAJk, labur, aztertuko zutela adierazi. Bada, EH Bilduk eskatu duenean, eskatzen zen adinako emergentziarekin laguntza tramitatzeko, EAJk, PSE-EEk eta PPk indarrak batu eta laguntza ukatu diote.

Bigarrena, 2008an Eusko Jaurlaritzak gaztelania->euskara itzultzaile automatikoarentzako lehiaketa publikoa atera zuen, 395.000 euroko aurrekontuarekin. Lau enpresa lehiatu ziren eta Lucy Software, Siemensetik ateratako software enpresak eraman zuen bere teknologia pribatiboa hobea zela iritzita.

Parlamentuko galdera bati esker jakin da (http://tinyurl.com/ durangoitzul) lehiaketa publikorik egin gabe, euskara->gaztelania (700.321,58 euro) eta ingelesa->euskara (369.904,80 euro) itzulpenak gehitu zaizkiola. Eredu librea bultzatzen zuten unibertsitate eta enpresak zeudela jakinda amorru gehiago ematen du oraindik. Proposatutako soluzioa, hasieran hobea ez balitz ere, ziur diru kopuru hori jaso ondoren hobea litzatekeela eta librea.

Software librearen garapena eta hizkuntza teknologien industriaren sustatzea behin baino gehiagotan «estrategiko» bezala definitu izan dira euskal erakundeengatik. Erabakietan software, datu eta eduki libreak balioztatzen ez badira, inoiz ez dute merezi duten garapena izango.

Eta dokumentuan software libreari egiten zaion mespretxua erabatekoa da. Beldurra, ezjakintasuna edota ikuspegi «estrategikorik» ez dutenen ahotatik bakarrik atera daitezkeen hitzak. Amorrua, ez soilik libre izan zitekeena pribatibo bihurtzen delako, baizik eta urtero morrontza hori berritzen dutelako.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

UEU eta #Ikaskide13

0

UEUko udako ikastaroetan izan ginen hezkuntzarekin lotutako tresnei buruzko ikastaroa ematen. Beti bezala, atseginak eta ezberdinak izaten dira ikastaro hauek eta aurtengoa ez zen ezberdina izan. Giro ederrean pasa genituen bi egun Eibarko Markeskoan eta elkarrizketa hau egin zioten Gorkari.

Ikaskuntza Informala hizpide izan zuten Ikaskide 13 jardunaldietan ere egon ginen parte bikoitzarekin. Alde batetik Beñat-ek Oreretako Kabia aurkeztu eta komentatu zuen. Bestetik Gorkak “ikaskuntza informala partaidetza, teknologia soziala eta kulturartekotasuna sustatzeko” izeneko mahai-inguruan parte hartu zuen.  Ainhoa Ezeiza @ainhoaeus (moderatzailea), Xabier de la Maza @condedelamaza, Maite Goñi @euskaljakintza, eta Josi Sierra @josi kideekin batera.

Eskerrik asko emandako aukerarengatik.

Talaios hedabideetan

3

Azken hilabeteetan ohikoak diren Taosa  irratsaioa, Amarauneko partaidetza eta Berriako eta Gaur8ko artikuluez gain hedabideetan oihartzun zabala izan dugu. Lehena, Bilboko EITBko egoitza nagusian egin zen EBE Euskadin “Negozioa, euskara eta Internet” izeneko hitzaldia.

Bigarren, Gasteizko AEKak antolatutako jardunaldien barnean  “Internet eta aldaketa” hitzaldiaren harira Hirinet atariak eta baita Zuzeuk ere egindako elkarrizketa bana. Bukatzeko, Radio Euskadiko Boulevard saioan ere, blogen inguruko udako atal berri bati hasiera emateko egindakoa. Esker mila guztioi.

Udako ikastaroak – BigBlueButton eta PopCorn

2

Urtero bezala UEUk udako ikastaroen eskaintza zabala egin du. Aurten Talaiosek horietako bat emango du BigBlueButton, PopCorn eta IFTTTri buruzko ikastaroa hain zuzen ere. Datu guztiak UEUren webgunean dituzue, baina hona hemen laburpen bat:

Ikastaro informazioa

  • Hasiera-data: 2013(e)ko uztailaren 17a
  • Amaiera-data: 2013(e)ko uztailaren 18a
  • Tokia: Eibar – Markeskoa Jauregia
  • Ordutegia: Astean zehar. 9:00-14:00
Izena eman

Eusko Jaurlaritzaren irakasleen formaziorako plangintzaren bidez homologatutako ikastaroa

 

Hezkuntzan batez ere, baina baita hortik kanpo interesgarriak izan daitezkeen hainbat tresna eta zerbitzu ezagutaraziko dira. BigBlueButton bideo hitzaldi eta elkarlanerako online tresnak dituen aukerak erakutsiko ditugu. Popcorn maker bidez, bideoetan edizio lanik egin gabe testuak, irudiak, audioa eta kanpoko zerbitzuen informazioa (Wikipedia, Twitter, Google Maps) txertatzen ere ikasiko dugu. Amaitzeko, IFTTT zerbitzuaren bidez zerbitzuen arteko automatizazioa landuko dugu, interesatzen zaizkigun informazioak jaso edota zabaltzeko estrategia berriak landuz.

 

 

Ondasun komunaren ekonomia

7

Aurrekoan Christian Felber-ek “ondasun komunaren ekonomia” hizpide izan zuen Donostiako udalak antolatutako #sistemaerrorea izeneko hitzaldi sorten barruan. Lehen gauza deigarria hitzaldiaren tokia izan zen. Berak aipatu bezala, Kasino eraberritu baten areto nagusian izan baitzen, hau da, udaleko areto nagusian.

Christian Felberrek bere ongizate komunaren ekonomia ideia ezaguna azaldu zuen hitzaldian. Ikusi ez duzuenok bideoan ikusteko aukera duzue, baina bestela ere badira antzeko bideoak sarean, hemen bat:

Badira urte batzuk gauza hauetan interesatuak gaudela BakalHau kolektiboan eta orain baita Talaios gure kooperatiban ere. Ezagutzen genituen Felberren teoriak, baina hala ere aurrez aurre gauza gehiago ikusten dira.

Gustatu zitzaizkidan entzundako zenbait gauza, banku alternatibo eta demokratiko baten garrantzia, aberastasunaren banaketaren azpimarra, jabetza pribatuari nolabaiteko mugak ezartzea… oinarrizko balio hauek ia edozeinek sinatuko lituzkeenak dira.

Duda asko ere sortu zizkidan, erlijiotik gertuko ikuspuntuak adibidez. Beste gauza deigarri bat, kapitalismoa eta komunismoaren bipolaritatean, bere proposamena hirugarren bide bezala aurkeztu izana.

Hala ere, Felberrek beti egin izan dio erroko liberalismoari keinu bat, horixe baita honen guztiaren erroa, berak “benetako” liberalismoa deiturikoa. Bere ustez, gaurko liberalismoak edo neoliberalismoak ez baitu hori errepresentatzen, jabetza pribatuaren eskubidea beste guztiaren gainetik jartzen duela baiteritzo Felberrek. Ez hori bakarrik (hau nik gehitzen dut), inongo estatu interbentziorik eskatzen duen liberalismoak, legez lortu du bere programa estatuak onartua izatea, ez al da hau interbentzio maila gorena? Super-egitura guztia zure mesedetan lanean dagonenan ezer gutxi gehiago eska dezakezu, “zure lana” egiten uztea, eta arazoak dituzunean, hori bai, erreklamatzea baino.

Hitzaldian zehar Internet bidez gauza interesgarriak irakurtzeko aukera izan nuen. Apunte batzuk denbora errealean bertan eman ziren. Bereziki, Butanekozoriontasun indizearen” aipamenaren harira Amondarainek idatzitako honek interesa piztu zidan:

Hitzaldia bukatzean argi gelditu zen, bere proposamena, BPG-a neurgailu den bezala, OKI-a (Ondasun Komunaren Indizea) neurgailu bezala erabiltzea da. Horretarako ekonomia eredu horren parte diren enpresak lagundu, beraientzako onura fiskalak lortu, sistema administrabioan ohikoak diren prozesuetan txertatzea ere helburuen artean dituzte. Horrek arrakasta zer den ere aldatuko duelakoan proposatzen dituzte neurri hauek. Oraingo indikadore makroak (BPGa) eta mikroak (enpresa mozkinak), justuagoak diren batzuekin erabat ordezkatzea proposatzen dute. Felberrek esan bezala, 2. belaunaldiko Enpresa Erantzunkizun Soziala sortu nahi dute.

Hitzalditik gauza negatibo gutxi, baina beharbada zertifikazio programaren nondik-norakoa garbi ez uztea egotziko nioke. Galdera tartea horretarako zegoen eta erabili nuen bi galdera egiteko:

Berak horrela adierazita eztabaida hauek guztiak ingurune kultural/erlijioso protestante batetik abiatu ziren, hauen gehiegizko botere ekonomikoari erreakzio bezala. Gauzak horrela, galdetu nion ea beste kultura erlijioso batzuetako inguruneetan arazorik izan duten ideia hauek hedatzeko.

Horren aurrean, berak mistizismora jo zuen, erligio guztiek dituzten oinarri komunak etab. azpimarratuz. Soberan dago adieraztea galdera ez zidala erantzun. Azken finean, talka nabarmenak nabaritzen nituela azpimarratu nahi nuen. Ez erligiosoak bereziki, baizik eta kulturak.

Bigarren galdera zertifikazio prozesuari buruzkoa izan zen. Felberrek hitzaldian banku handiek sortutako arazoez hitz egin zuen; sistemaren biziraupenerako handiegiak omen dira erortzen uzteko. Banku horien ezinbestekotasuna kritikatu zuen eta ados nago.

Hori ikusirik, proposatzen duten zertifikazio prozesuak, beraiek ere ezinbesteko bihurtzen ote dituen galdetu nion. Horrez gain bere kostu errealari buruz ere galdetu nion, zertifikatu izateak kostu bat duelako.

Bere baiezko borobilak harritu ninduen egia esan. Plangintzan ezinbesteko zertifikatzaile bihurtzea dute helburu, baina ez bakarrik hori, administrazioek ere beraien lana ofizialtzat hartzea ere nahi dute. Administrazio publikoek honen kargu egitean ez dut arazo handirik ikusten, baina beraien zertifikazioa beharrezko eta bakar bihurtu nahi horrek izutzen nau. Badira erabili daitezkeen indikadore asko, horrelako zertifikaziorik beharko ez luketenak. Hitzaldi osoan zehar eztabaidara irekita zegoen mugimendu bezala aurkeztutakoak, eta zertifikazio prozesu zentralizatu bat proposatzeak erabat harritu ninduen.

Ez da kapritxo bat edo olatukoop-en proposatu izan dugunaren kontra doala, oker egon gaitezke gu ere, baina badira mila arazo modelo horretan. Zertifikazio agentzia zentralizatu bat, kanon bakar bat sortzeak arazoak sortzen ditu beti. Irizpide honekin jaio dena kontrolatzeko aukera, barnean sartzearen kostua asumitu ezin dutenen esklusioa, zertifikatu nahi ez dutenen bazterketa… Eredu horren akatsak erakusten dizkiguten adibideak baditugu, labela dutenak barne.

Hitzalditik haratago Felberren proiektuaren “intentzio ona” nabari da, baina aipatutakoez gain bi dira nire ustez puntu ahulak. Lehena, ereduaren osotasuna edo izaera holistikoa da. Ethos orokor bat irudikatzen du humanismo batetik edo giza birtuteak kontutan hartuz. Argi dago denak ez garela berdinak, argi dago ere jende gehienak zenbait birtute partekatzen dituela, baina hortik ethos erreal komun bat dagoela ondorioztatzea zaila da.

Egongo balitz ere, bakoitzak era ezberdinean irudikatzen du hori, bere partikularismotik eta beraz eztabaida, elkartrukea, elkarrekintza ez dagoen bitartean ez da erreala izango praktikan. Irudikatze horrek azken finean harreman errealen ordezkapen bat bilatzen du, konfiantza ezartzea, berez ezezagunak diren pertsonen artean.

Azkena, bere proiektuaren hasieran enpresari talde dinamiko bat kokatzen du sustatzaile moduan. Intentzio oneko enpresari horiek dira proiektua aurrera aterako dutenak eta besteak kutsatzeko gai izan behar dutenak. Pertsona horien “intentzio ona” ez dut dudan jarriko, baina oraingo sistema osoa, eta ez bakarrik ekonomia, subjetu horretan oinarrituz aldatzen saiatzea ezinezkoa iruditzen zait. Gehiengoaren kondizioak aldatzea bilatzen baduzu, gizartearen gehiengoa kontutan hartzea garrantzitsua izango da ez? Enpresa arrakastaren berdefinizio batek ez du zertan gizartea bera aldatu behar, gizartearen gehiengoa ez baita horren parte. Elite “intentzio oneko” berri bat sortuko luke, oraingoa baino hobea, seguru, baina…

Bakoitzak bere bisio propioa izango du Felberren ondasun komunaren ekonomiari buruz. Zerbait positiboa atera nahi izan dut nik, nahiz eta gure proposamenak ideologikoki eta praktikoki beste batzuk izan. Neoliberalismoak bere aurka egiten duen diskurtso suntsitzailearekin konparatuz behintzat planteamendu positiboagoa da.

Galdera bat ere egin gabe geratu zen: Ondasun komunaren ekonomia modeloa edonork balia dezake, librea da?

Artikulu hau Teketen blogean publikatu zen lehenik.

Erlazionatutako bidalketak:

M25 Eraldalab: Ekonomia elkarrekintzailea

8

Martxan da EraldaLab berri bat. Aurten ere OlatuTalkaren barnean, baina oraingoan Donostian. Maiatzaren 25ean arrantzale kofradia hartuko dugu ekonomia elkarrekintzaileari buruz hitz egiteko. Hala ere, beti bezala teknologia ardatz beste gai batzuk jorratzeko eta era irekian proposatzeko aukera ere izango da. Egitaraua gehiago argitzen joango gara, baina momentuz izena ematen hastea eskertuko genizueke.

Ya está en marcha de nuevo EraldaLab. Este año también dentro de OlatuTalka, pero esta vez en Donostia. El 25 de Mayo tomaremos la cofradía de pescadores de Donostia para hablar de “ekonomia elkarrekintzailea” (la traducción es difícil, sería algo así como economía del (emprendizaje) comunal). Además, habrá como siempre, la posibilidad de proponer abiertamente otros temas relacionados con la tecnología. Iremos publicando más información sobre el programa, de momento os agradeceriamos que os fuerais apuntando.

eraldalab_kofradia_m25

Egitaraua

9:00 Irekiera
9:30 Harrera
10:00 [hitzaldiak] Irla ekonomiko eraldatzaileak hitzaldiak (euskaraz)
11:30 Atsedena
12:00 [hitzaldi irekiak] Proiektu eta ideia eraldatzaileak (hizlariaren hizkuntzan)

14:00 Atsedena
15:30-17:30 [tailerrak] Tailer teknosozialak (euskaraz)

  • Lupulu ikastaroak etxean garagardoa egiteko
  • Piratebox elkarlanerako unitate mugikorra

18:00 [mahaingurua] Ekonomia eraldaketarako ereduak (sarrerak hizlariaren hizkuntzan | mahaingurua gazteleraz)
20:00 Amaiera