Sinkronizazioa

0
"Waveform monitor". Licensed under CC BY-SA 3.0 via Wikimedia Commons - http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Waveform_monitor.jpg#mediaviewer/File:Waveform_monitor.jpg

“Waveform monitor”. Licensed under CC BY-SA 3.0 via Wikimedia Commons – http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Waveform_monitor.jpg#mediaviewer/File:Waveform_monitor.jpg

Christian Huygens fisikari ospetsuak 1665. urtean, bere gelako paretean zeuden bi pendulu erlojuak sinkronizatzen zirela ikusi zuen. Magia zirudien fenomeno hark, nabaritzen zailak ziren bibrazio txikien ondorioz gertatzen zela frogatu zuen arte. Sinkronizazioaren atzean, oso indar garrantzitsuak ezkutatzen direla erakusten digu fenomenoak, gauzek duten dualtasuna, erritmoa, kausa-efektua…

2003. urtean Steven Strogatz-ek SYNC liburuan, sinkronizazioaren fenomenoa aztertzen du, erlojuak, unibertsoa, garuna, sareak… Gertakari askoren atzean, sinkronizazioak zein paper jokatzen duen azaltzen du bertan. Etorkizuna ulertzeko mekanismo baliagarri bezala ere aurkezten du, gure jendartean gertatzen diren mekanismo asko ulertzeko moduan, Internet garai hauetan bereziki.

Sinkronizazio bidez, gizakiok ditugun portaera asko ere azal daitezke, nahigabe sinkronizatzen ditugun txalo zaparradak edota kanpo futboletako oihuak eguneroko adibide garbiak dira. Aldiz, Interneteko sare sozialen bidez sortzen diren fenomenoak azaltzen zailago badira ere, zientziaren bidez gero eta ulergarriagoak izango dira, baina oraindik ere hauetako asko ezingo ditugu iragarri.

Hala ere, SYNC liburura bueltatuz, adibide oso berezi eta ikusgarria azaltzen du Strogatzek. Malaysiako ibaietan urtean garai zehatz batean, ipurtargi arrek argia sortzen dute etengabe, emeak erakartzeko, deigarri egiteko. Bakoitzak sortutakoa, aldiz, ondokoekin sinkronizatzera iristen dira, ikuskizun ikusgarria eraginez.

Antzeko zerbait gertatuko da seguru Bilbon U10ean ere, ziur. Astebukaera honetan presoen eskubideen urraketaren aurkako mobilizazioan milaka pertsonak ipurtargiak bezala, argi makilak eskuetan hartu eta munduari era sinkronizatu batean, argi daukatela esango diote.

Ipurtargiak balira bezala, pertsona hauek sareak, megafonia eta teknologia erabiliko dute haien artean komunikatzeko. Prestaketetan ere http://nowbilbora.org eta Interneteko sare sozialak erabili dituzten moduan. Momentua iristean, zuzenean sinkronizazioa nola gertatzen den ikusteko aukera izango dugu denok.

Sinkronizazioaren azterketak, Internet, sareak, natura, unibertsoa eta jendartea ulertzen laguntzen digute, baina zergatik ez baita bizitza bera beste era batera ikusteko aukera eman ere, gozatu taupadak ere sinkronizatzen dira eta.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Areagotua vs Osoa

0

By Eawentling (Own work) [CC BY-SA 3.0 (http://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0)], via Wikimedia Commons

By Eawentling (Own work) [CC BY-SA 3.0 (http://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0)], via Wikimedia Commons

Txinara joan zen lagun batek, bertan teknologia berrien esparruan sortzen eta hedatzen ari ziren enpresa teknologiko txinatarren berri eman zidan. Egoitzekin (@aldakur) izandako elkarrizketa horretan ezagutu nuen lehen aldiz Xiaomi marka.

Xiaomi Txinan sortzen ari diren enpresa teknologikoetatik bat gehiago besterik ez da. Urteetan Europako eta AEBetako merkatuentzako manufaktura enpresa izan diren enpresak orain marka eta produktu propioak komertzializatzen ari dira. Samsung bezalako marka ezagunek zituzten irabazi-marjinak baino askoz txikiagoekin, kalitate altuko gailuak ateratzen ari dira.

Xiaomiren azken produktu aipagarrienetako bat, aldiz, ez da sakeleko bat. Jantzigarri (wearable) diren gailuen artean koka genezakeen eskumuturreko bat baizik. Xiaomi Mi Band eskumuturrekoak, pauso neurgailua, lo orduen azterketa, notifikazioak, alarmak… ditu. Beste antzeko gailuak bezala, sakelakoaren bidez konektatzen da, eta Android eta iOS gailuetako aplikazio baten bidez kudeatzen.

Prezioak ez du parekorik merkatuan dauden beste antzeko gailuekin alderatuz gero: Fitbit Flex, Jawbone Up24 edota Nike+ Fuelband gailuek 19 euroren bueltan dagoen Mi Band baino salneurri askoz ere altuagoa dute. Europan hedatzen hasi den honetan, ziur besteen prezioan ere eragingo duela.

Gailuak gailu, guztiek guri buruzko datuak bildu eta kudeatuko dituzte. Orain arte existitzen ez ziren datuak edota maila oso pertsonalean erabiltzen genituenak. Datu eta metadatu berri horiek, pribatutasunaren alorrean erronka berriak ere eragingo dituzte. Bereziki pribatiboak direnean, eta egiten duten datu trataerari buruz ezer gutxi dakigunean.

Eztabaidan sakonduz gero, era honetako gailuek izaki areagotua eta izaki osoaren arteko eztabaidan kokatzen gaituzte. Izaki areagotua, teknologiaren bidez, gure gaitasunetatik harago eramaten gaituen bitartean, izaki osoaren ikuspuntuak, ditugun gaitasunak hobetzeko edo galdutakoak berreskuratzeko teknologiaren laguntza baliatzen duena da.

Ez dakit Mi Band bezalako gailuak non kokatu. Erabilpen batzuk oso interesgarriak izan daitezke; baina niretzako teknologiak gizaki osoagoa izateko balio behar du, ezagutza, harremanak, osasuna… hobetzeko, alegia, proba egin beharko.

 

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Noiz arte?

0

See page for author [Public domain], via Wikimedia Commons

See page for author [Public domain], via Wikimedia Commons

Astelehenean, IKT arloan zuzenbidetik datozen erronkei buruzko hitzaldi bat entzun nuen. Biantik kooperatibako Jon Turrillasek eman zuen. Bertan, zuzenbideko gaien zailtasuna kontuan hartuta, oso erraz azaldu zuen Jabetza Intelektual Legearen erreforma berriak izango dituen eraginak. Aste honetan, zenbait ikus entzunezko webguneetan izandako eraginagatik, askoren ahotan izan da azken egunetan.

Lehen eragina, «AEDE (Espainiako Egunkarien Editore Elkartea) kanona» edo «Google tasa» martxan jartzea izango da. Informazioa era publikoan komunikatzen denean, eta batez ere eransgarri gisa Interneten eskaintzen duten zerbitzuen kanona da. Horrelakoak dira albiste eta informazioei lotura egiten dieten Google News edo Meneame.net bezalako atariak. Beraz, erabaki horiek hartzen zituen jabetza intelektualaren 2. sekzioari indar handiagoa ematen zaio horrekin.

Bigarrena: kopia pribatua asko mugatuko da. Legez erositako eduki bat kopiatzeko eskubideari eragingo dio. Erabilera guztiz pribatua izan beharko da, ez komertziala. Legez erositako euskarri bat duzula justifikatuz. Telebistatik egindako bideo grabazioak onartzen dira, saltzen ez badira edo hedapen publikorik egiten ez bada, baina zinema batean egindakoak debekatuak daude.

Azkenik, oraingo erreforma honekin, arau-hauslearen figura zabalduko da. Edukiak ez legaletara estekak jartzea ere lege apurketa bat ekarriko du, orain arte ez bezala. Webgune baten jabea adi egon beharko da, nahikoa izango baita salaketa e-mail baten bitartez egitea. Aldi berean, hemendik aurrera, webgune batean esteka ilegalak birritan aurkitzen badira, eta eskaera bati ez ikusiarena edo ezezkoarena egiten bazaio, 600.000 eurorainoko isunak jarri ahalko zaizkio erabiltzaileari.

Webgune batzuk, nahiz eta legedia 2015eko urtarrilaren batean jarriko den martxan, jada SeriesPepito, PeliculasPepito, Series.ly eta beste batzuk bertan behera utzi dituzte.

Ikusteko dago zein eragin izango duen benetan, baina adibidez Creative Commons lizentzia duten edukiak izanik ere, AEDEk kanona kobratu ahalko duen zalantzan dago. Interneteko berezko izaera eta zentzu komunaren aurka doazen legedi murriztaile horiek noiz arte onartuko ditugu ezer egin gabe?

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

#Dazokat

0

By Telle (Own work) [GFDL (http://www.gnu.org/copyleft/fdl.html) or CC BY-SA 4.0-3.0-2.5-2.0-1.0 (http://creativecommons.org/licenses/by-sa/4.0-3.0-2.5-2.0-1.0)], via Wikimedia Commons

By Telle (Own work) [GFDL (http://www.gnu.org/copyleft/fdl.html) or CC BY-SA 4.0-3.0-2.5-2.0-1.0 (http://creativecommons.org/licenses/by-sa/4.0-3.0-2.5-2.0-1.0)], via Wikimedia Commons

Urtero bezala hemen da Durangoko Azoka, kulturaren plaza izendatua, lehen liburuaren eta diskoaren azoka zena. Bere barruan, kultura digitalak badu bere espazio propioa: Kabi@. Aurkeztutako proiektuak begiratuz, atal garrantzitsuagoa bihurtzeko bidean dena.

Lau egunetan, kultura digitalaren arlo eta esparru askok izango dute bertan isla: gazteak, hezkuntza, sortzaileak, komunitatea, garatzaileak, ekintzaileak…

Lehen egunean, gazteekin tailerrak eta ondoren esperientziak ezagutzeko aukera izango dugu. Arratsalde bukaeran, Maite Goñik teknologiak hezkuntzan etorkizun hurbileko joerak zein diren erakutsiko digu.

Bigarrenean, sortzaileek izango dute tartea. Aplikazio mugikorrekin egindako ekimenak, transmedia proiektuak, komikigintza, ekimen digitalak, palindromo egileak… Sormen handia eta espero gabeko ezusteko asko sortzaile egunean. Eta errepikaezina izango den Ingurune aldagaiak ekitaldi amaieran.

Hirugarrena, kultura digitala sustatzeko berebizikoa izan den komunitatea eta teknikoki aurrera eramaten duten garatzaileentzat izango da. Hizkuntz teknologiek atal garrantzitsua izango dute hemen, gonbidatua den okzitanoaren esperientziak ezagutzeko aukerarekin. Arratsaldean, euskara hitza tabu gisa duen ekimen ezaguna. Kultura librearen esperientzia interesgarri bat ere izango da: Herri Liburutegi Digitala.

Azoka amaitzeko, ikerketa eta teknologiarekin lotutako ekintzaile eta enpresek izango dute txanda. Enpresarean-ek (euskaraz lan egiten duten enpresa eta profesionalen sarea) eta OlatuKoop-ek (ekonomia sozial eta eraldatzailea sustatzen duen sarea) lagundutako atalean, hainbat enpresa teknologikoren esperientzia ezagutu eta horiekin eztabaidatzeko beta izango da.

Aurten .eus domeinua eskuratu dugun urtea izaki, arlo bakoitzari bideratuta, egunero 13:30ean horren berri izateko aukera ere izango da. Azken egunean, beste domeinu kulturalen aitzindari izan zen .cat domeinuaren zuzendaria etorriko da.

Parte hartuko duten eragile horietako asko kulturaren parte direla onartzeko zailtasunak dituztenak ere badaude. Izan dadila aurtengoa kultura digitala kulturaren barruan banaezina den arlo gisa ulertzen lagunduko duen azoka.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

EFF salaketa eta sormena

0
"Electronic Frontier Foundation 20th anniversary mecha poster" by Hugh D'A - originally posted to Flickr as EFF-mecha-POSTER. Licensed under CC BY 2.0 via Wikimedia Commons - http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Electronic_Frontier_Foundation_20th_anniversary_mecha_poster.jpg#mediaviewer/File:Electronic_Frontier_Foundation_20th_anniversary_mecha_poster.jpg

“Electronic Frontier Foundation 20th anniversary mecha poster” by Hugh D’A – originally posted to Flickr as EFF-mecha-POSTER. Licensed under CC BY 2.0 via Wikimedia Commons – http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Electronic_Frontier_Foundation_20th_anniversary_mecha_poster.jpg#mediaviewer/File:Electronic_Frontier_Foundation_20th_anniversary_mecha_poster.jpg

Whatsapp aplikazioaren baieztapen urdin bikoitzari buruz asko esan eta idatzi da, baina bada azken bertsioan beste ezkutuko aldaketa bat. Baieztapen bikoitzak hautsak harrotu ditu eta pribatutasuna, kontrola, harremanak… zalantzan jartzeraino. Aldaketa garrantzitsuenetako bat aldiz, isilpean pasatu da, orain Whatsapp-ek puntutik punturako zifratzea erabiliko du komunikazioan. Hau da, erasotzaile batek ez luke informazioa irakurtzeko aukerarik izango, nahiz eta bidean harrapatu.

Aldi berean, Whatsapp berak ere ezingo ditu elkarrizketa horiek irakurri, nahiz eta beraien azpiegituretatik pasatu. Mezuen zifratzea igorle eta hartzaileak bakarrik irakurri ahalko baitute. Kontuz, baina, taldekako eztabaidak eta fitxategiak (irudiak, audioak, bideoak) ez baitira zifratzen. Oraingoz, behintzat.

Segurtasun adituek esaten dutenaren zain, pauso garrantzitsua dirudi. Bere garaian, EFF Electronic Frontier Foundation erakundeak egin zion kritika zorrotzak eragina izan du? Bere segurtasun akatsez konturatu da enpresa? Horrek bere irudiari egindako kaltea nabaritu dute? Telegramen antzeko aplikazioek markatutako bidea jarraitzen ari da?

Askotik izango du apur bat, baina niri EFF-ek izandako rola nabarmentzea gustatzen zait. Erakunde horrek gure eskubideak sarean defendatzeko lan boluntario ikaragarria egiten du. Salaketaz gain, beste ekimen irudimentsuagoak ere aurrera eramaten ditu horretarako.

Bere azken ekimenetako bat Let`s encrypt izango da, Mozilla fundazioarekin batera. Horrekin, ziurtagiri digitalak eman ditzakeen erakunde bihurtu nahi dute, eta, horrela, komunikazio seguruak egiteko beharrezko diren ziurtagiriak izateko traba tekniko, burokratiko eta ekonomikoak murriztu.

Ziurtagiri digitalak zer diren ez dakienarentzat, horien bidez konektaturik gauden webgunea benetan den hori dela ziurtatzeko balio dute. Nabigatzaileetan http:// ordez https:// bidez adierazi ohi da. Eta berrienetan, horretaz gain kolore berde batez, ziurtagiria eman duen erakundearen izenarekin batera.

Whatsapp-en segurtasun akatsak konpontzeko salaketak balio izan bazuen, beste ekimen sortzaileago honek ziur lortuko du, orain seguruak ez diren zerbitzu asko seguruago egiten.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Hiru fase

0
«Commit tres fases coordinador» de Avh - Dibujado manualmente por el autor. Disponible bajo la licencia Dominio público vía Wikimedia Commons - http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Commit_tres_fases_coordinador.png#mediaviewer/File:Commit_tres_fases_coordinador.png

«Commit tres fases coordinador» de Avh – Dibujado manualmente por el autor. Disponible bajo la licencia Dominio público vía Wikimedia Commons – http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Commit_tres_fases_coordinador.png#mediaviewer/File:Commit_tres_fases_coordinador.png

Mozilla Firefoxek hamar urte bete dituen honetan, web askeago baten alde egindako ekarpena aitortu behar diogu. Bada aldiz, bere sorrera eta bilakaeran gauza interesgarri asko, historia gisa ikusi bainoago, irakaspena izan daitezkeenak.

Orain dela hamabost urte atzera, bi nabigatzaile nagusi zeuden lehian: Internet Explorer eta Netscape Navigator. Joan eta etorri askoren ostean, Microsoft Windowsekin batera instalatuta ekartzen hasi zirenean, Netscaperen nabigatzailearen beherakada izugarria izan zen.

Buelta asko eman ondoren, azkenean Netscapek —AOL erraldoiak erosia— amore eman zuen. Enpresak, orduan, garapen lerroan zuen Mozilla izeneko nabigatzaile bertsio berria software libre bezala askatzea erabaki zuen. Gero, Mozilla Fundazioa sortu zen, nabigatzaile horren garapenean laguntzeko eta berau mantentzeko intentzioarekin, baina baita web libreago baten aldarria eta sozializazioaren alde ere.

Amaitzeko, proiektu berriaren inguruan eta fundazioaren laguntzaz, komunitate oso bat eraikitzen dute. Garatzaile, diseinatzaile eta milaka lan ezberdin egiten dituzten norbanakoz osatuta. Hiru gertakari hauek fase gisa identifikatuko bagenitu:

1. gertakaria: enpresak sortutako ezagutza propioa libre egitea erabakitzen du.

2. gertakaria: askatutakoaren izaera librea etorkizunean ere bermatzeko, babes erakunde sozial bat eratzen da.

3. gertakaria: proiektuan lan egin, berau zabaldu eta babestuko duen komunitate bat osatu.

Ekuazio honetan, aurre-gertakari bat ere badago: merkatuko lehian, enpresa pribatu baten proiektuaren lur jotzea. Hori al da bide horri ekiteko era bakarra? Zergatik abiatu proiektu baten porrot batetik? Benetako porrota izan zen?

Hobeto ulertzeko, beste gertakari bat ere gehi genezake ekuaziora: nabigatzaile hura Mozilla Firefox izenarekin bueltatu zen. Komunitatearekin batera, fundazioaren babespean eta software librea izanik, Internet Explorer gainditu zuen, eta bigarren nabigatzaile erabiliena da egun.

Merkatu arauak aplikatuta ere, ezagutza librea; babes erakunde soziala; komunitatea hirukoteak, askatasunari uko egin gabe, lehiatzeko gaitasuna izan lezakeela erakutsi du. Ziur eredu baliagarria izan daitekeela beste alorretan ere.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

 

Librecon 2014

0
Iturria: http://librecon.io

Iturria: http://librecon.io

Librecon izan da Bilbon: Business and Open Technologies Conference. Albiste ona da behingoz teknologia libreak gure inguruan marginalitatetik atera eta balioztatzeko saiakera. Bertan egon ondoren esan dezaket munduan dauden maila ertaineko edozein konferentziarekin homologatzea lortu duela.

Ekitaldian denetik aurki ahal izan dugu: sektore publikoaren ekitaldiak, enpresa eta marketin gaiak, adibide eta praktika onak… Euskal presentzia ere handia izan da. Deigarria, adibidez, softwarea eta esperientzia zehatzak ez ezik, hardware munduan murgildutako Tumaker, 3D inprimagailuak eta Erle Robot, droneak garatzen dituen enpresak ikustea. Sektore publikoak ere ordezkaritza izan du, Gipuzkoa eta Bizkaiko diputazioak eta Eusko Jaurlaritza horien artean.

Esperientzia interesgarriak entzun ahal izan dira: Municheko Udalak egindako software libreko migrazioaren esperientzia eta egindako bidea; Boliviatik Ramon Sanchezek azaldutako subirautza teknologikorako ibilbidea; CartoDB mapen gainean datu bisualizazioak egiteko plataforma; hezkuntzan lehen urteetatik programazioa txertatzeko hainbat proposamen eta aipamen; Firefox OSen inguruko azalpenak; hodei propio eta libreak sortzeko Owncloud softwarea… gehiegi.

Berrikuntza garrantzitsu bezala Irontec enpresa euskaldunak ekitaldirako garatutako sakeleko aplikazioa izan zen. Egitaraua jarraitu eta informazio orokorra eskuratzeaz gain, pertsonen arteko harremanak egiteko balio izan du honek. Edozein partaiderekin komunikatzeko aukera ematen zuen aplikazioak, bilerak eskatu eta onartzeko aukerarekin.

Lehen ekitaldia izanik beti dago hobetzeko gauza asko: elektrizitate puntuen eskasia, Interneteko abiadura, audio arazo batzuk guneetan… betikoak, baina ekitaldi teknologiko batean garrantzitsuak.

Bada, halere, hurrengo urtetarako garrantzitsuak iruditzen zaizkidan bi gai nagusi: lehena, eta nahiz eta batzuek beti kritika bera egiten dugula esan, hizkuntzen kudeaketa ez da egokia izan. Euskara presentziarik gabe gelditu da beste behin ere, non eta Bilbon. Bigarrena, aldiz, filosofikoagoa da: LibreCon batek, beste konferentzia batzuekin homologatzea ondo dago, baina ez luke Libre izaera horrek ekitaldia bera era berezian busti behar?

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Katalunia informatzen

0
"David Fernández" by Nou Exili MildeNou - Youtube. Licensed under CC BY 3.0 via Wikimedia Commons - http://commons.wikimedia.org/wiki/File:David_Fern%C3%A1ndez.png#mediaviewer/File:David_Fern%C3%A1ndez.png

“David Fernández” by Nou Exili MildeNou – Youtube. Licensed under CC BY 3.0 via Wikimedia Commons – http://commons.wikimedia.org/wiki/File:David_Fern%C3%A1ndez.png#mediaviewer/File:David_Fern%C3%A1ndez.png

Iritsi da Kataluniarren ordua ere. Debeku baten ondorioz, beste bat etorri bada ere, proposatutako formula berriarekin aurrera jarraitzea erabaki dute guztiek. Beraz, Espainiak bere eraso judizialetik harago beste pauso batzuk ematen ez baditu azaroaren 9an bozketa egongo da.

Ziur Euskal Herriko hedabideek ondo jasoko dutela Katalunian gertatuko dena. Hala ere, bertatik jarraitzeko hiru erreferentzia komunikatibo interesgarri zuekin partekatzea interesgarri iruditu zait.

Batzuk zaharrak izan arren, bidea ireki zutenak; beste batzuk aktibismotik zerbitzu profesional bat ematerako pausoa eman dutenak, eta, beste batzuk, aldiz, sakontasuna, autonomia eta zentzu kritikoa landu nahi duten eredu kooperatibo berriak. Lehena, vilaweb.cat da, Kataluniako hedabide digital interesgarrienetakoa. Vicent Partal kazetari ezagunaren gidaritzan urteak igaro ditu sarearen potentziala baliatuz eta bertan bidea irekitzen. Garai onak eta txarrak ezagutu ditu atariak, baina beti mantendu du beste batzuek ezin izan duten sinesgarritasuna eta kazetaritza onaren itxura.

Bigarrena, directa.cat hedabide digital eta paperezkoa da. Mugimendu sozialetatik eta kontrainformazio inguruko jendetik abiatu zen hedabidea da. Azken urteetan pauso handiak eman ditu, militantzia eta profesionalizazioaren arteko borrokan. Harpidedunei esker aurrera egin du, eta gero eta produktu txukunagoa eskaintzen ari da. Internet eta sare sozialetan ez ezik, paperean ere erreferentzia bihurtu da.

Azkenik, sortu berri den elcritic.cat ikerketa kazetaritzan espezializatutako hedabide berri bat. Ekonomia, politika eta jendarte gaiak jorratzen dituzte, baita analisiak, iritziak eta elkarrizketak ere. Paperean ere aritzen dira, sakonago.

Zentzu kritikoa landu nahi omen du apustu honek ere harpidetza bidea du diru iturri garrantzitsuena. Ekimenaren egiturak ere badu berezitasun bat, berau osatzen duten kazetari independenteen kooperatiba batek sustatzen baitu. Ez da lehenengoa, ezta azkena ere izango, komunikazio esparru tradizionalenen krisiak hauspotuta beharbada, baina ideia baliagarria izan daiteke beste askorentzat. Sare sozialetan ere jarraitu ahal izango dugu eguna, baina hiru erreferentzia horiek merezi dutela uste dut. Kontuan izan.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Komunitateez

0
"Basque plaque in Boise, Idaho". Licensed under Public Domain via Wikimedia Commons - http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Basque_plaque_in_Boise,_Idaho.JPG#mediaviewer/File:Basque_plaque_in_Boise,_Idaho.JPG

“Basque plaque in Boise, Idaho”. Licensed under Public Domain via Wikimedia Commons – http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Basque_plaque_in_Boise,_Idaho.JPG#mediaviewer/File:Basque_plaque_in_Boise,_Idaho.JPG

Komunitateak ez dira berriak, nahiz eta dirudien denerako erabil genezakeen zerbait. Gure kulturan komunitate baino gehiago beste hitz batzuk erabili izan ditugu gauza bera adierazteko, eta oraindik egunero agertzen da zer garen, nor garen, norekin garen, nola garen eztabaida.

Komunitateen aniztasuna handia da, eta handiagoa beharbada Internet bidez aurreikusi (edo aurrepentsatu) ezin ditugunak. Horietako asko eta bakoitzak beren barnean kultura, hizkera, identitate… berezitu bat partekatzen dute. Etengabe elkarrekintzan egoteak, foroetan, sare sozialetan… horrek egiten ditu komunitate.

Eztabaida eta talkak ere sortzen dira, noski; asko eta ezagunak daude. Azkenetariko bat aipatzearren, GamerGate delakoa. Jokoen munduan dabilen jendearen liskarra, garatzaile eta kazetari espezializatuen arteko partzialtasun salaketak direla eta hasi zen kritika zurrunbiloa. Garatzaile, kritiko eta emakumeen aurkako eraso eta liskarretan bukatzen ari dena. Benetan aztertzeko fenomeno beldurgarria, izaten ari den ondorioengatik.

Komunitateen inguruko azken eztabaida interesgarrienetako bat Reddit atariaren bueltan izaten ari da. Bere sortzaileek edukia sortzen eta komunitatean parte hartzen dutenekin partekatu nahi du enpresaren jabetza. Hau da, balioa sortzen dutenak zein diren kontuan hartzea du helburu, eta horiek saritu. Bestela onurak enpresaren jabe edo finantzaketa jarri dutenek jasotzen dute bakarrik.

Kontuz, baina, tresna baten erabilera komunitate batekin nahasten dugu askotan. Reddit erabiltzen dutenek ez dute komunitate bat osatzen, Reddit-en etengabe besteekin elkarrekintzan dabiltzanak dira komunitatea. Hori gertatzen da taberna, ikastola edo elkarte batean…

Reddit-ek proposamenarekin eztabaida interesgarria planteatzen du? Posible litzateke komunitate horietako partaideak erabakietan eta «jabetzan» parte hartzera eramatea? Bihur daitezke komunitate horiek beraien etorkizuna erabakitzeko ahalmena duten egitura autonomo, jaio diren enpresa proiektutik harago? Eztabaida interesgarriak, eta ez bakarrik Interneten, komunitateak sortzearen beharraz aritzeko; Malcolm Gladwell-ek orain dela gutxi esan bezala: «Beldurraren aurkako armarik boteretsuena komunitatea da».

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Algoritmoak eta “appgree”

0
"Hierarchical algorithm flow chart". Licensed under CC BY 3.0 via Wikipedia - http://en.wikipedia.org/wiki/File:Hierarchical_algorithm_flow_chart.gif#mediaviewer/File:Hierarchical_algorithm_flow_chart.gif

“Hierarchical algorithm flow chart”. Licensed under CC BY 3.0 via Wikipedia – http://en.wikipedia.org/wiki/File:Hierarchical_algorithm_flow_chart.gif#mediaviewer/File:Hierarchical_algorithm_flow_chart.gif

Teknologiek komunikatzeko eta parte hartzeko aukera ematen dutela egunero entzuten dugu, baina erabakiak hartzeko garaian oraindik ere ez dute orokorrean bide errazegirik ematen. Azken finean, ideia asko edo informazio asko sailkatu, klasifikatu, filtratu behar denean hori konpontzeko algoritmoak ditugu. Horiek eta pertsonen arteko nolabaiteko elkarrekintzak erabakitzen du emaitza.

Google eta beste bilatzaileek, bakoitzak bere algoritmoekin egunero erabakitzen dute egiten dugun bilaketaren lehen postuan zein joango den. Gero eta gutxiago dakigu, informazioa nola jasoko dugun baldintzatzea lortzen duen tresna honetaz. Badakigun arren gutako bakoitzak webgune bati lotura egitean edota sare sozialetan banatzean algoritmo horretan eragiten ari garrela.

Informazio agregatzaileak izan daitezke beste adibide batzuk, hor daude reddit.com, meneame.com, niagarank.es edo sustatu.com-en automatikoa ere. Bakoitzak bere algoritmoen bidez, zer den «garrantzitsuena» edo adierazgarria bilatzean saiatzen dira.

Informazioari dagokionez beraz badira era asko filtro automatiko eta masiboak ezartzeko, honek ekar ditzakeen arazoekin bada ere. Komunikatzeaz edo informazioa eskuratzeaz baino pertsona askoren artean erabakiak hartzea bada kontua, hau da eskasia egoera bat sortzen bada, zailtasun handiak izaten dira. Nola adostu ideia eta planteamenduen artean zein den hoberena? Galdera mugatuak egin daitezkeenean zein galdera eta nola den egokiena? Era horretarako askoren arteko erabakiak hartzen laguntzeko appgree.com bezalako aplikazioak daude.

Sakelekoetarako (iOS eta Android) aplikazio honen bidez, ideia edo galdera asko proposatu eta bozka daitezke. Horretarako, algoritmo estatistiko bat erabiltzen du, non ideia bakoitzarentzat jende multzo handi batetik ausaz zenbait aukeratzen ditu eta horrela bakoitzak ideia bat bozkatu. Horrela suposatzen da, ausaz aukeratutako lagin horrek esaten duena, oso gertu egongo dela jende multzo handiak pentsatzen duenetik. Findu daiteke gainera erronda ezberdinetan.

Algoritmoa onartu edo ez, arazo erreal bati aurre egiten dion proposamen irudimentsua. Gran Hermano-n bozkatzeko bezala, Podemos edo EH Bilduren bilkuretan erabili daitekeena.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.