Sinkronizazioa

"Waveform monitor". Licensed under CC BY-SA 3.0 via Wikimedia Commons - http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Waveform_monitor.jpg#mediaviewer/File:Waveform_monitor.jpg

“Waveform monitor”. Licensed under CC BY-SA 3.0 via Wikimedia Commons – http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Waveform_monitor.jpg#mediaviewer/File:Waveform_monitor.jpg

Christian Huygens fisikari ospetsuak 1665. urtean, bere gelako paretean zeuden bi pendulu erlojuak sinkronizatzen zirela ikusi zuen. Magia zirudien fenomeno hark, nabaritzen zailak ziren bibrazio txikien ondorioz gertatzen zela frogatu zuen arte. Sinkronizazioaren atzean, oso indar garrantzitsuak ezkutatzen direla erakusten digu fenomenoak, gauzek duten dualtasuna, erritmoa, kausa-efektua…

2003. urtean Steven Strogatz-ek SYNC liburuan, sinkronizazioaren fenomenoa aztertzen du, erlojuak, unibertsoa, garuna, sareak… Gertakari askoren atzean, sinkronizazioak zein paper jokatzen duen azaltzen du bertan. Etorkizuna ulertzeko mekanismo baliagarri bezala ere aurkezten du, gure jendartean gertatzen diren mekanismo asko ulertzeko moduan, Internet garai hauetan bereziki.

Sinkronizazio bidez, gizakiok ditugun portaera asko ere azal daitezke, nahigabe sinkronizatzen ditugun txalo zaparradak edota kanpo futboletako oihuak eguneroko adibide garbiak dira. Aldiz, Interneteko sare sozialen bidez sortzen diren fenomenoak azaltzen zailago badira ere, zientziaren bidez gero eta ulergarriagoak izango dira, baina oraindik ere hauetako asko ezingo ditugu iragarri.

Hala ere, SYNC liburura bueltatuz, adibide oso berezi eta ikusgarria azaltzen du Strogatzek. Malaysiako ibaietan urtean garai zehatz batean, ipurtargi arrek argia sortzen dute etengabe, emeak erakartzeko, deigarri egiteko. Bakoitzak sortutakoa, aldiz, ondokoekin sinkronizatzera iristen dira, ikuskizun ikusgarria eraginez.

Antzeko zerbait gertatuko da seguru Bilbon U10ean ere, ziur. Astebukaera honetan presoen eskubideen urraketaren aurkako mobilizazioan milaka pertsonak ipurtargiak bezala, argi makilak eskuetan hartu eta munduari era sinkronizatu batean, argi daukatela esango diote.

Ipurtargiak balira bezala, pertsona hauek sareak, megafonia eta teknologia erabiliko dute haien artean komunikatzeko. Prestaketetan ere http://nowbilbora.org eta Interneteko sare sozialak erabili dituzten moduan. Momentua iristean, zuzenean sinkronizazioa nola gertatzen den ikusteko aukera izango dugu denok.

Sinkronizazioaren azterketak, Internet, sareak, natura, unibertsoa eta jendartea ulertzen laguntzen digute, baina zergatik ez baita bizitza bera beste era batera ikusteko aukera eman ere, gozatu taupadak ere sinkronizatzen dira eta.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.