Zurriola wifi

guifinet

Internet sarbidea berez zerbait orokortua behar luke izan, liburutegiak bezala. Orain askok, oporretan bakarrik botatzen dute faltan tefonoko konexioa. Behar hori, wifi sareek ematen duten konexio publiko eta doakoek beteko dute.

Azpiegitura horiek, benetan oinarrizkoak direla sinesten badugu, zabaltzeko era naturalena publikoak izatea behar luke. Hau da, gure herri eta hirietan azpiegitura zabal batek wifi sareetara atzipena bermatu beharko luke.

Donostia adibide bezala har genezake; bertan, wifi sare publiko zabal bat dago, sartzeko hiritar txartela behar bada ere, ordaindu nahi ez baduzu. Eredua nahiko ona da, baina zergatik ez wifi guztiz ireki bat eskaini? Arrazoi legalak konpon daitezkeela erakusten dute milaka adibidek, baina kudeaketa eta sostengarritasuna izan ohi dira ez egiteko arrazoi nagusiak.

Beste lekuetan egoera okerragoa da; Bizkaiko hainbat herritan eta Eusko Trenbidean Gowex bezalako enpresen bidez egin nahi izan dute. Hor dago koxka, gero eta beharrezkoagoa den oinarrizko azpiegitura baten kalitatea eta hedapen zabala ziurtatzen ez bada, era honetako enpresa pribatuei lekua uzten zaie espazio horretan sartzea.

Donostiara bueltatuz, uztaileko bigarren hamabostaldian, Zurriola hondartzan doako wifia jarriko duela adierazi du Laboral Kutxak. Ekimen berezia marketin ikuspuntutik, helburua ezkutatzen ez duena: online plataforma berria promozionatzea. Interes pribatuak dituztenek egin badezakete, zergatik ez arlo publikotik indar gehiago jarri?

Bada beste bide bat, publikoaren sostenguaz, interes komunen alde egiten duten proiektuak sostengatzearena. Hori da, adibidez, sare libre eta neutral bat lortu nahi duen Guifi.net proiektua sustatzea. Donostian azpiegiturak behar dituen puntu garrantzitsuak badaude jada. Sarea josten hastea besterik ez litzateke.

Zurriola hondartzan, pasa den astean, Manu Chaoren kontzertuan, inoiz ikusi gabeko azpiegiturak antolatu ziren, baita arlo teknologikoan ere. Movistar eta Vodafone behintzat komunikazio dorre mugikorrak jartzera iritsi ziren. Horrela izanik ere, Gipuzkoashare.net -eko lagunek jarritako Guifi.net antena mugigarrien bidez bakarrik lortu zen kalitate oneko Internet prentsarentzat eta inguruko guztientzat. Pentsa zer lortu daitekeen sostengu publiko apur batekin.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Tags: , , , , , , , , , ,