Sat-eliteak

8073536526_91c26f1787_z

Egilea: Cristóbal Alvarado Minic | Lizentzia: cc-by

Sateliteen orbita horietan kokatzen da etorkizuna, berrikuntza eta baita borroka ere. Aspaldiko kontuak izanik ere, azken aldian indar berezia hartzen ari da horiekin gertatzen dena.

Alde batetik, gero eta herrialde gehiago dira beren sateliteak orbitan jartzen ari direnak, subiranotasun teknologiaren ikuspuntutik gehienak. Azkenetarikoa, TKSAT-1 Túpac Katari Bolibiako errepublika plurinazionaleko satelite berria.

Gudarako esparru bilakatzeko arriskua ere badu horrek ere. AEBek plan propioak ditu bere defentsarako, baina Txinak eta Errusiak ere badituzte defentsarako tresnak. Ez da gauza berria, 2007tik Txinak erakutsi zuen misil bidez sateliteak suntsitzeko aukera, eta satelite erasotzaileen garapenean ere aurrerapausoak eman dituztela dirudi.

Sateliteek oro har bidaltzen dituenaren interesekin bat egiten dute. Jakina da, GPS gailuek adibidez ezinbestekoa dutela GPS sateliteen geolokalizazio zerbitzua. Jende gutxiagok daki ordea, zerbitzu hori AEBek helburu militarrekin sortutakoa dela eta nahi duenean mugatu edota bere ziurtasuna murriztu dezakeela. Bada aldiz, horren ordez eta helburu zibilarekin Europako Batasunak martxan jarritako Galileo zerbitzua ere; jarrera guztiz ezberdinak biak.

Orain, teknologia merkatzearekin batera eta urteetan gutxi batzuek izandako monopolioaren hausturak satelite berriak bidaltzeko aukerak biderkatu ditu. Orain arte, gehienetan estatuek bidaltzen bazituzten, gero eta ohikoago bihurtu da enpresa pribatuek ere sateliteak bidaltzea. Google izango da horietako bat.

Google Loon globo estratosferikoetan oinarritutako proiektuarekin probatu ostean, orain 180 satelitez osatutako sare bat jarri nahi du orbitan. Horren bidez, konexioa ez duten tokietan konexioa ezartzea bilatuko du. Gero eta jende gehiago Internetera konektatuta egon, beraientzat hobe izango delakoan.

Esan bezala, bakoitzak bere interesak bilatzen ditu, baina pentsatu ahal dugu zein diren gureak? Zeinentzat? Kostua? Subiranotasun teknologikoa eta sateliteak alde batera utziz, Interneterako sarbideaz bakarrik arituko bagina ere; Gaindegiaren arabera, Hegoaldean banda zabala eskuratzeko dagoen aukera merkeena Iparraldean baino 13 euro garestiagoa izatea; Zipreren atzetik, Europako garestiena.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Tags: , , , , , , ,