Partekatze ekonomia

DBizi_donostia_0001

Egilea: Fernando Loz | Lizentzia: cc-by-sa

Partekatze ekonomia liberalismo ekonomikoaren etapa berri bat da, statu quo-a erasotzen duen elementua edota post-kapitalismoaren aztarna? Partekatze ekonomia delakoa, komunikazio zerbitzu digitalei esker, bakoitzak izan ditzakeen baliabideak trukatzean datza. Horien bidez, etxeak, kotxeak, espazioak, ezagutza… trukatzen ditu jendeak, batzuetan diru truke, baina ez beti.

Gure inguruan ezagunak dira adibidez Airbnb eta Uber, etxe egonaldiak eta kotxe ibilbideak partekatzeko tresnak, hurrenez hurren. Bada, zerbitzu horiek gero eta arazo gehiago dituzte hedatzeko, presioen eta lege aldaketen ondorioz.

Garraioaren gaiari helduz, Uber-ek, kilometro tarifak ditu eta zerbitzuarengatik komisioa kobratzen du. Antzeko zerbitzua den, BlaBlaCar, Uber-en aldean, ibilbide bat egin behar duten pertsonen arteko harremana egin, eta gastuak partekatzeko aukera ematen du, komisiorik gabe. Horrek seguruenik, aurka egitea zailduko du.

Era honetako zerbitzuen aurka, aurretik esparru hauetan, lizentzien bidez (beraz erakundeen kontrolpean) jarduten zuten ekonomia esparruak daude, taxi gidariak adibidez. Zerbitzu desegokia, kalitate txarra, profesionaltasun eza… beldurra azken finean, erabiltzen dute beren lana defendatu nahian.

Bigarren aurkaria maiz erakundeak dira. Presioengatik edo ogasunean izan dezakeen eraginagatik, lege aldaketak murriztaileak proposatzeko joera izaten dute. Aztertu beharreko ertz asko daude, zerbitzu hauek iruzur eta prekarietate iturri ere izan daitezkeelako, baina soluzioak luzera begira egin behar dira, iraunkorrak izan behar badute.

Aldekoak ere badira, erabiltzaileetatik hasi, liberalismo ekonomikoaren aldeko zein aurkakoak (post kapitalismoaren aldekoak). Uber hurbilago dago liberalismo ekonomikoaren aldekoek defendatzen dutenetik; BlaBlaCar, aldiz, bigarren iritzitik gertuago dagoela esan daiteke, baina ez %100ean.

Eredu post-kapitalista batean baina, harremanek ez lukete asimetrikoak izan behar eta zerbitzuak ez lirateke «elkarlaneko kontsumora» mugatu beharko. Beste arlo batzuetan —energia eta komunikazioa, adibidez— ematen hasi den bezala, jabetza eta kontrola ere partekatua behar luke izan, komuna alegia.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Tags: , , ,