Estrategikoa

Gauzei behar zaien laguntza edo sostengua eman beharrean, konpromiso zehatzik ez emateko eufemismo bihurtzen ari da. Aurreko astean, Durangoko Azokako partaide guztiak, Gerediaga, guneetako koordinatzaileak eta industriako agenteak Eusko Legebiltzarrean Azokaren egoera ekonomikoaren larritasuna adierazi zuten. Elkartutako mahaian euskal kulturarentzako hain garrantzitsua eta «estrategikoa» omen den ekitaldi honentzako merezi duen diru laguntza jarraitua eskatzen zuten. Beste jaialdi batzuei ematen zaiona baino, askoz gutxiago.

Mahaian EH Bilduk eta PPk jarrera positiboa erakutsi zuten; PSE-EEk Azoka ezagutuko ez balu bezala gaztelerazko edukiei erreferentzia eginez erantzun zuen; EAJk, labur, aztertuko zutela adierazi. Bada, EH Bilduk eskatu duenean, eskatzen zen adinako emergentziarekin laguntza tramitatzeko, EAJk, PSE-EEk eta PPk indarrak batu eta laguntza ukatu diote.

Bigarrena, 2008an Eusko Jaurlaritzak gaztelania->euskara itzultzaile automatikoarentzako lehiaketa publikoa atera zuen, 395.000 euroko aurrekontuarekin. Lau enpresa lehiatu ziren eta Lucy Software, Siemensetik ateratako software enpresak eraman zuen bere teknologia pribatiboa hobea zela iritzita.

Parlamentuko galdera bati esker jakin da (http://tinyurl.com/ durangoitzul) lehiaketa publikorik egin gabe, euskara->gaztelania (700.321,58 euro) eta ingelesa->euskara (369.904,80 euro) itzulpenak gehitu zaizkiola. Eredu librea bultzatzen zuten unibertsitate eta enpresak zeudela jakinda amorru gehiago ematen du oraindik. Proposatutako soluzioa, hasieran hobea ez balitz ere, ziur diru kopuru hori jaso ondoren hobea litzatekeela eta librea.

Software librearen garapena eta hizkuntza teknologien industriaren sustatzea behin baino gehiagotan «estrategiko» bezala definitu izan dira euskal erakundeengatik. Erabakietan software, datu eta eduki libreak balioztatzen ez badira, inoiz ez dute merezi duten garapena izango.

Eta dokumentuan software libreari egiten zaion mespretxua erabatekoa da. Beldurra, ezjakintasuna edota ikuspegi «estrategikorik» ez dutenen ahotatik bakarrik atera daitezkeen hitzak. Amorrua, ez soilik libre izan zitekeena pribatibo bihurtzen delako, baizik eta urtero morrontza hori berritzen dutelako.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Tags: , , , , ,