Onarpena

Egilea | Lizentzia:

Egilea: Fibercool | Lizentzia: cc-by

Leku guztietan daude, eta onartu ditugu. Zaintza kamerez ari naiz. Urte askoan arbuiatu ondoren, nahi gabe sartu ditugu gure bizitzetan. Baita onartu ere. Oraindik gure gizartean kezka sortzen badute ere, normal topa ditzakegu gure egunerokoan.

Zaintza kamera horien funtzio nagusiak bi dira: bata, prebentiboa, eta bestea, erreaktiboa. Lehena, izate berak sortzen du. Kamera egoteak bitan pentsarazten dizu zerbait egin edo ez egin. Bigarrena, berriz, zerbait gertatu denean horri jarraitu ahal izateko grabazioak eskuratzeko bidea da. Zaintza kamera baten betebeharraz aurretik pentsa daiteke momentuan gertatutakoa zelatatzeko balio duela. Kasu berezi batzuetan soilik da garrantzitsuena.

Beti egon da kamera horien aurkako nolabaiteko arbuioa gizartean. Ez naiz ari «zirkulazio» kamerei buruz, ez horixe. Taberna eta autobus publikoetan aurki daitezkeen horietaz ari naiz bereziki. Batzuetan, bertan lan egiten duten langileak zelatatzea dute helburu; beste batzuetan, aseguru edo froga gisa erabil daitezkeen grabazioak lortzea. Europako beste herrialde batzuetan aspaldian gertatu bazen ere, hemen ez ziren hainbeste ikusten, baina, orain, ugaldu egin dira.

Hardware aldetik, asko merkatu dira; Internet konexio eta wifi kamera baten bidez, funtzio hori bete dezakeen zerbait izan dezakegu. Bestetik, horrelako tresnak eskaintzen dituzten enpresak ere ugaritu egin dira, eta horietako batzuek beldurraren mekanismo bidez saltzen dituzte horrelakoak.

Ez zaizkit, halere, arrazoi nahikoa iruditzen izan duten onarpen orokorrarentzat. Onura ikusten dugu horietan? Segurtasuna ematen digute? Beharrezkoak dira? Zalantzak soilik ditut buruan: zein onura? Segurtasuna, zeinentzat? Zein beharri erantzuten diote? Autobusean aurrean eseri edo tabernan kafe bat eskatzen ari naizenean zalantza horiek agertzen zaizkit, eta ez dut erantzunik aurkitzen.

Hori dena buruan nuela, telefonoa hartu dut, eta horrek ere kamera bat duela ikusi dut. Barkatu, bi ditu, aurrean zein atzean. Ez da zelatatzeko eginiko kamera bat, baina izan liteke. Denok eskuan horrelako bat izatea izan liteke arrazoia? Zeinek daki, baina, aldi berean, askok oraindik ordenagailuko kamera pegatinaz estaltzen dute, eta hori ere egia da.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Tags: , , ,