Gutxiagorekin hobe

Lerro hauek idazteko kontzentrazio minimo bat behar izaten dut. Batzuetan beste batzuetan baino errazago egiten dut, baina etengabeko distrakzioek ez dute laguntzen. Mundu fisikoan, orri zuri baten aurrean jartzen gara, baina ordenagailuan idazterakoan, milaka botoiko editore bat erabili ohi dugu. Zergatik ez sinpleago egin?

Ez naiz lehena izan, ez horixe. Gero eta jende gehiagok behar hori ikusi du. Orain arteko joera «ezaugarri gehiago hobeto» izan da; orain, aldiz, «ezaugarri gutxiago eta berezituak hobe». Joera ez da editoreetan gelditzen, sakelakorako aplikazioetan eta webgune batzuetan ere ikus daiteke. Tresna batzuen estandarizazio puntu bat ekarri du horrek guztiak. Zenbaitetan, irudimena eta pertsonalizazioa falta dela esango nuke, baina behar bati erantzuten diotela ezin ukatu.

Testu editoreetan Ommwriter erreferentzia bat da Mac OS X eta Windows sistema eragileetan. GNU/Linuxen badira aukera batzuk, orain erabiltzen dudan FocusWriter, adibidez. Garatzaileen artean ere Sublime testu eta kode editoreak arrakasta handia du. Sarerako, berriz, WordPress bezalako EKS Eduki Kudeaketa Sistemek editorean distrakziorik gabe idazteko modua integratu dute.

Denek pantaila osoa hartzen dute, testuaren edizioan zentratzeko. Oso botoi gutxi dituzte, estiloa emateko beharrezkoak bakarrik. Fondo neutroa edo batzuek lasaigarria izan daitekeen irudi bat txertatzeko aukera ere ematen dute. Helburua argia: gauza bakar bat egin eta ongi egiten lagundu. Azterketa askok diote gauza asko aldi berean egitea ez dela ona, irtenbide honek nolabait arazo horri aterabide teknologikoa ematen dio. Garapen teknologikoa gauza ona da; automatizazioa eta elkarrekintza, ezinbestekoak; baina prozesu horien eta gure gaitasunen artean nolabaiteko oreka bilatu behar dugu.

Aspaldiko kontua da hau niretzat. Gogoratzen dut txikitan telebista ikusten ari nintzela etxeko lanak egiten eta meriendatzen ikusten nindutenek esandakoak. Niretzat gauza ohikoa zen, besteentzat, ez hainbeste. Beraz, bakoitzak egin beharreko lana da; batentzat balio dezakeena bestearentzat ez baitu balio izaten.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Tags: , , , , , ,