Hedabideak gertu!

hedabideak_gertu

Egilea:  Pascual Marin | Lizentzia: cc-by-sa

Komunikazioan iraultzaz hitz egiten dugu maiz, baina oso gutxitan hurbiltzen dira horiek fenomeno erreal izatera. Pasa den astean, aldiz, komunikazioan gertatu diren aldaketak garbi ikusi ditugu gurean ere.Alde batetik, behin eta berriz hitz egin izan dugun Interneteko sare sozialen indarra asko nabaritu da. Aste guztian #libre, #AskeGunea eta #FreeGoñi traolak nagusi izan dira gure inguruetan ere. Garrantzitsuena da Twitterrek egunerokotasun horretan hartu duen indarra.

Bestalde, komunikabide herritar eta herri komunikabideen arteko sinergien eztanda bizi izan dugu. Hor dago batez ere Ateak Ireki eta Info 7ren arteko elkarlana.Baita beste hedabide askotako kazetariek —Berria, Argia, Gara, … —herritarrekin batera egindako jarraipena ere. Denak batera transmedia jarraipen bat egitera iritsi direla esan dezakegu. Aurretik gidoi zehatzik gabekoa, baina bai pauta batzuk zituena, prestaketa bat eta medioen kontrola. Horri ondoren jendearen parte hartzea gehitu zaio, eta indar handiko fenomeno komunikatiboa sortu dute. Joera hori ez da hemen gelditzen. Sinergia horiek guztiak ez dira puntualak, nahiz eta kasu honetan indar handiarekin agertu diren aipatu adibidean. Sortu berri den Ataria.info bezalako adibideek erakusten dute bide orri luzeago bat buruan, ideia beste maila batera eramaten.

Beste arlo batean ere aldaketak nabaritzen hasi dira. Herri komunikabideak eta komunikabide herritarrez gain, bada orain arte gutxiago edo beste era batean ikusten zen hedabide mota bat: hedabide publikoa. Badira herri batzuk jada hedabide publikoen indarraz jabetu eta herritarrekin komunikatzeko bide bezala gauzatzen ari diren proiektu interesgarriak. Horien artean kokatuko nituzke, adibidez, Errenteriako Herri Bizia, Zarauzko ZuZarautz eta berriagoa den Donostia Gaur.

Bukatzeko, beste hedabide batzuek bide zahar baina berrituei ekiteko indarra lortu dute. Esaterako, egunkari honek GALen (http://berria.info/GAL/) inguruan egindako lan parte-hartzaileak emaitza ederrak izan ditu. Bide berriak beti ez dira teknologia berrietan oinarritu behar, eta adibide horrek ondo erakusten du tresnen erabilera egokiarekin gauza ederrak egin daitezkeela.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Tags: , , , , , , , , ,