PRISMatikotik

prism_slide

Iturria: The Guardian

Interneten pribatutasunaren kezka dugunok orain argitu den PRISM bezalako proiektuak era batera edo bestera ezagutzen genituen. Edward Snowden zabaldutako informazioek argi utzi dute informazio hauek benetakoak direla eta ez direla konspiranoia ez alarmismoa ere, estatu totalitario ezkutu baten arma berriak baizik.

Ez dakienarentzat, PRISM AEBen espioitza tresna bat da. Tresna horren bidez, Interneteko zerbitzu ohikoenetatik igarotzen den informazioa jarraitzeko aukera dute. Microsoft, Yahoo, Google, Facebook, YouTube, Skype, Apple…

Edwardek hiritar ororen aurkako espioitza salatzea erabaki du. Bere lana utzi, Hong Kong-era ihes egin eta PRISM ezagutaraztea erabaki du. Arazoa gizarteratzea behintzat lortu du: informazio horiei esker, kanpainak martxan jartzen hasi dira eta alternatibak ere ezagutzen.

Hala ere, oraindik bada jende asko bere pribatutasuna oparitzeko prest dagoena. Nik ez dut ezer egiten, eta berez… Arazoa ez da bakoitzak har dezakeen erabakia, baizik eta lehenetsi bezala eta askatasunaren gainetik gu jarraitzea inongo kontrolik gabe.

Pena da, baina arazoa AEBetan eta beren hiritarrekiko espioitzaren harira ezagutu da. Gertuago, Espainiako Estatuan aspaldi kontrol judizial gabeko traza pribatua martxan da, eta Frantziako Estatuan ere badira horrelako neurriak.

Hala ere, zabaldu diren fitxategien artean bada beste gauza interesgarriago bat. Sarean datuek hartzen duten bidea ez da motzena ezta azkarrena ere, bide merkeena hartzen dute. Hau da azpiegiturak eta horren kosteak erabat baldintzatzen dute informazioaren bidea. Horren ondorioz, informazioak hartzen duen bidea errazago kontrola daiteke, AEBetatik pasako dela ziurtatuz.

Internet, berez era banatuan funtzionatzeko egina dago, mila bide ezberdin eta asmatzen zailak izan daitezke datuak eramateko. Erasoei erantzuteko diseinatua zegoen hasieratik, baina gure gizartearen balioek ere kutsatzen dute hau ere.

Kontrol osoa eskuratzea oraindik zaila da; kontrol osoa izatearen irudia ematea, aldiz, posible da. Informazio horiek lehen klabean ulertu behar ditugu, zer dagoen ezagutuz, baina kontrol osoa eskuraezina dela jakinez. Batez ere, beste aldean ere pertsonak gaudelako.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Tags: , , , , , , , , , , ,