Konpromisoa airera

konpromisoa_airera

Egilea: AskeGunea | Iturria: AskeGunea Facebook

Lerro hauek idazten ditudanean bere lan politikoagatik atxilotu nahi dituzten zortzi gazteak jendez inguraturik daude Donostiako Bulebarrean. Aske Gunea deitu dioten gunean, konpromisoaren piramidean eskalatzen ari den mugimendua sortzen ari da.

Beste mugimendu batzuek izandako jarraipen komunikatiborik gabe, Interneteko sare sozialek maiz atxikimendurako joeratik haratago joatea posible dela erakusten ari dira bertan. Hedabide nagusien jarraipena itxaron gabe, bloga martxan jarri dute, baita blog horretara lotuta dauden Twitter (@askegunea) eta Facebook (http://facebook.com/askegunea/) kontuak ere. Zortzi auzipetuek eta haien gertuko komunitateak erakutsitako konpromiso izugarriak bultzaturik, sare horien bidez sortutako harremanak sendotuz eta zabalduz joan dira.

Informazio zurrunbiloan, haiek sortutako bideo, argazki eta dokumentuak Internet zeharkatzen dute. Ez hori bakarrik, boluntarioen laguntzarekin, manifestua bost hizkuntzatara itzultzea lortu dute, eta ekintza laburtzen duen bideoa bederatzi hizkuntzatako azpidatziekin aurki daiteke.

Internetetik kanpo ere komunikazioa gertukoa da, egiazkoa. Estetikoki globoekin egindako jokoek gertutasuna eta alaitasuna erakustea lortzen dute, alaitasuna eta konpromisoa, tentsioa eta zirrara nahasten diren atmosfera bat sortzeraino.

Zentsurarekin ere topo egin behar izan dute. Twitterren zituzten frantses, gaztelera eta ingeles kontuak blokeatu dizkiete arrazoirik gabe. Sare zentralizatu hauek erabaki hauek hartzeko duten erraztasun izugarrian eta teknologian, burujabe izatearen garrantzia nabarmendu besterik ez dute egiten.

Denborak alde jokatzen du, geroz eta beranduago etorri orduan eta sare zabalagoa eta harreman indartsuagoak; gero eta konpromiso handiagoa. Interneteko konpromiso erakustaldiak klik, RT edo Like batera mugatu nahi dituzten garaiotan, gazte eta herritar hauek egindako saltoa handia da.

Hori baino ekarpen handiagoa ere egin dute, etengabe birsortzeko gaitasuna izan dezakeen borroka komunitarioaren eredu banatu bat garatuz. Donostian itzaliko balitz ere, edozein unean, espero ez duten tokian berriz sor daitekeena.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Tags: , , , , , , ,