Txiki izatearen aukera

lupulu_garagardo_ekoizpena

Topatu.info irakurtzen ari nintzela garagardo autoekoizpenari buruzko artikulu batekin egin dut topo. Aspaldikoa da garagardo autoekoizpenaren kontua, baina orain gero eta gehiago dira era amateur, semi-profesional edo profesionalean honetara dedikatzen direnak.

Kasualitatez edo, Lupulu.com ere martxan jarri da azken aste hauetan. Oraingoz, etxean garagardoa egiteko materiala eta lehengaiak saltzen dituzte. Errezetak ere, software librean bezala, irekiak dira bakoitzak nahi duen bezala erabiltzeko eta hobetzeko aukerarekin.

Webgune horretan bertan jada Euskal Herrian dauden mikrogaragardotegien webguneak aurkitu ditut. Gurean sei behintzat badirela jakiteak asko harritu nau. Harridura pasatu zaidanean, berriz, arlo askotan gertatzen ari den fenomeno baten aurrean gaudela iruditu zait.

Alde batetik, ezagutza asko zabaldu da Interneti esker. Garagardoaren kasuan, beharbada, lehendik ere bazegoen horrelakorik, baina beste hainbat alorretan, behintzat, ezagutza horien zabalkunde teknologiaren ondorio zuzena da.

Beste alde batetik, baliabideak ere asko merkatu dira. Produkzio txiki batek bizirik irauteko edo soilik existitzeko bihurtzen zuten faktoreak murriztu dira. Maila pertsonalera edo eremu txikiko merkatuetan ezberdinak diren produktuak sortzeko eta merkaturatzeko aukera emanez.

Azkenik, komunikazio eta salmenta kanalak ere asko hobetu dira. Saldu eta erosi nahi duenari erraztasunak emanez hori posible egin ahal izateko.

Kultura aldaketa baten zantzuak ere erakusten ditu. Kontsumo lokaletik harago, produkzio lokala ere sustatzeko aukerari ateak irekitzen dizkion kultura bat. Produkzio pertsonala oso interesgarria izanik ere, mikrofabrikak dira niretzat interesgarrienak. Behar gertuagokoetara eta interes komertzialentzat ustiagarriak ez diren tokietara iristeko aukera ere badutelako; baina, batez ere, hartzen duten tamainak esperimentatzeko aukera ematen dielako.

Txiki hasi denak esperimentatzeko eta berritzeko aukera badu, handiago izateko aukera ere izan dezake. Horretarako, noski, handi izateko gogoa ere izan behar dute, eta batzuek ez dute inoiz izango. Behintzat, orain, handi izatea aukera bat da, eta ez behar edo arrakastaren neurgailua. Hau bai benetako berrikuntza.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Tags: , , , , , ,