Mega gudarostea

aaron

Megaupload zalaparta handiarekin itxi zuten, eta orain Mega jaio da. Itxi zuten bezala, orain, haren oinordekoa ere, komunikazio esparruan behintzat, oihartzuna izatea lortzen ari da. Orduan aurkeztu ziguten Kim.com jauna. Gangster itxurako tipo aberats horrek, jende askok erabiltzen genuen legez kanpoko zerbitzu bat sortu omen zuen, eta horregatik jarraitu zuten.

Orain, Mega zerbitzua jaio da, fitxategiak igo eta partekatzeko era legezko eta seguru gisa. Berezitasun gisa, fitxategi horiek guztiak sisteman zifratuta gordetzen dira. Horrela, zerbitzuko arduradunak ez dira fitxategi horietan gordetzen denaren jabe, edo, behintzat, hori esan dezakete.

Edukia zabaldu ahal izateko, nahikoa da fitxategiaren lotura bidaltzea. Hori bai, jasotzaileak pasahitza jakin beharko du, baina hori ere nahi izanez gero loturan bertan jar daiteke. Fitxategiak jaisteaz gain, beste erabiltzaile baten fitxategiak inporta daitezke aukera berri gisa.

Megalomano baten aurpegian pertsonifikatutako proiektu horrek adierazi duenez, fitxategiak ez ezik, aurrerantzean posta elektronikoa, audio, txat eta bideo komunikazioak ere babestuko ditu. Pribatutasunaren bandera hartuta negozioa egin nahi badu ere, askorentzat Interneteko askatasunaren oinarriak defendatzen dituen proiektua ere bada. Hala ere, Mega berriro proiektu zentralizatu bat izango dela esan dezakegu. Sistemak berak erakutsi du, sistemaren barnetik izanda, era honetako proiektuak ez dituela onartuko. Horiek saihesteko, legeak erabiltzen dituzte arma hoberen gisa, eta, arma berriak behar badituzte, sortuko dituzte.

Beste batzuek egin ez dutena egiten ari dira Megaren sortzaileak, baina benetako alternatiba ez da horrelako beste zerbitzu bat. Gizabanakoez osatutako p2p sare banatuak eta estandar libreen erabileran oinarritutako sareek markatzen digute benetako aukera librea.

Aaron Swartzek ezagutza librea eta sare libre baten aldeko ekintzaileak ere horixe pentsatzen zuen, eta hari ere legearen bidez eraso zioten. Justiziak berezko izan beharko lituzkeen proportzionaltasun printzipio guztiak alde batera utzi, eta ezarritako zigorren ondorioz bukatu omen zuen bere bizitzarekin. Sistema zaharrak tresna guztiak erabiliko ditu, baina Aaron eta antzeko pertsona ezezagunez osatutako gudaroste bat gelditzea zailagoa izango da.

Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.

Erlazionatutako bidalketak:

Tags: , , , , ,