Euskal Esparru Komunikatiboaz mahaingurua

Ostegunean, euskal esparru komunikatiboaz aritu ginen Lorea Agirre (MU), Iñaki Soto (Gara), Iban Arregi (Berria) eta Talaiosen izenean ni neu Gorka. Joxemi Zumalabe hil zenez geroztik hogei urte igaro dira, eta, omenaldi gisa, haren lagunek jardunaldi hauek antolatu dituzte.

Lorea Agirre (MU)

Ikuspuntu akademikotik begiratu zion gaiari, baina gertutasunez. Komunitate errealen aipamena iruditu zitzaidan garrantzitsuena, baina birtualtasunari kontrajarrita bezala aipatu izanak ez zitzaidan mezu egokia iruditu. Komunitateak errealak badira, birtualak edo fisikoak izan daitezke, baina gehienetan gertatzen den bezala bi gauzak batera joaten dira. Elkarrekintza etengabea badago automatikoki elkar egoteko gogoa sortu ohi du.

Iñaki Soto (Gara)

Testuinguru politikoa azpimarratu nahi izan zuen. Gara egunkariaren zuzendaria denak, argi hitz egin zuen bere hedabideak komunitate baten beharren ondorioz sortua izatearen garrantziaz eta ondoriotan. Urteetan zenbait hedabideei emandako nagusitasunarekin bukatzeko eskatu zien erakundeei. Elkarlanaz eta sinergiaz ere hitz egin zuen, zenbait proiektu nabarmenduz, Hamaika TB eta errotatiba kasu.

Iban Arregi (Berria)

Berriaren izenean hitz egin zuen. Ibanek indar handia jarri zuen beren komunitatearen beharraz eta honekin batera hartutako azken erabakien inguruan. Probatzeko ausardiarekin batera, negozio eredu berriak garatzeko ausardia ere izan behar dela nabarmendu nahi izan zuen. Krisiaz jabe, erakundeei euskararentzako berezko politikak ezartzeko eskaria ere egin zuen. Honek ere, elkarlana nabarmendu nahi izan zuen eta Hitzak eta Goiena bezalako proiektuak ekarri zituen aditzera.

Gorka Julio - Joxemi Zumalabe Euskal Esparru Komunikatiboari buruzko hitzaldia MU, Gara, Berria, TalaiosGorka Julio (Talaios)

Neronek esparru berari begiratu nion eta “Euskal Esparru Komunikatiboa” sareen garaian nola kokatu daitekeen aztertu nuen. Hitzez hitz esaldi hori bera testuinguru globalean bere berezitasunak hartu behar dituela zehaztu nahi izan nuen.

  • Euskal = Meta-komunitatea: Komunitate ezberdinez osatutaeuskal hedabideakko meta-komunitatea elkar ezagutzeko gai garen pertsonez osatutako sare konplexua da. Gure meta-komunitatean euskara da ideia-sinbolo eta komunikazio tresna nagusia.
  • Esparru = Globala: Euskal komunikazio esparrua, euskal komunitate horri begirako komunikazioa bakarrik bada, zenbait kasutan testuinguru globalean motz geldi daiteke. Barrura begiratzeaz gain, kanpora, euskal komunitate horretatik kanpora komunikatu nahi dugunean beharrezkoa da “esparrua” alboratu eta globaltasun horretaz jabe izatea. Barnera begirako komunikazio izatetik, kanpora begirako komunikazio globala denean hori euskal esparru komunikatiboa da? Euskal esparru komunikatibotik mota honetako komunikazioa nola egiten da? Zalantzak erantzunak baino gehiago.
  • Komunikatiboa = Sare banatuak: Komunikazioak suposatzen duen igorle-hartzaile dikotomia aspaldi gainditu zen Interneten. Telegrafoaren oinordekoak diren hedabideak, agenda publikoaren monopolioa izan duten hedabideak, sare deszentralizatu horietatik sare banatuen paradigman murgildu behar dira. Bertan bitartekari izateak ez du posizioak bakarrik markatzen, bitartekaritza horrek onartua izan behar du eta hori irabazi beharreko saria da, sarean.

Sarrera horren ondoren beste zenbait gauza nabarmendu nahi izan nituen. Alde batetik zenbait proiektu interesgarri aipatu nituen sormenaren alorrean Argia eta agregazio/aukeraketa alorrean aldiz Sustatu.

Erlojuaren berrikuntzaren teoria ere aipatu nahi izan nuen. Erloju analogikoetan orratz bat bestea baino azkarrago joan ohi da. Orratz luzeak buelta oso bat eman duenean, orratz txikiak pauso txiki bat ematen du. Eredu hori da nire ustez hedabideek aurrera eraman behar dutena, orratz luzea proiektu esperimental txikiak dira eta orratz motza aldiz hedabideen bihotza diren hedabide handiak. Horretan Berriketan eta Gaur8 aipatu nahi izan nituen. Dudarik gabe biak proba ausartak; batez ere gremioak bizi dituen garaiotan.

Mezu positiboa eman nahi izan nuen, niretzako egoera txarra izanda ere beste batzuek baino hobeagoa delako. Ez dut daturik, ez eskatu, momentuz sentsazio bat besterik ez da, horrek daukan balioarekin. Hori bai, euskarazko edukia sortzeko beharra hedabideena bakarrik dela uste duenak jai du. Beharrezkoa da bakoitzak bere arlotik dituen baliabideekin edukia sortzea, blogekin piztu genuen grin hura, berriro ere pizteko garaia. Joxemi Zumalabe bezalako pertsona gehiago behar ditugu alegia.

Hala ere amaitzeko euskal hedabideei zor dioguna ere aitortzeko beharra ere sentitu nuen. Dudarik gabe, hauek egindako ekarpen handiena gure agenda publikoa eta Espainiakoa banatu izana da. Oraindik guztiz lortu ez badugu ere gero eta gertuago gaude helburu horretatik ere.

Informazio gehiago

Tags: , , , , , , , , , , , , , , , ,